Musika

Ikur bat berreskuratu, ikurra bera berpizteko

Princek 1987an kaleratu zuen 'Sign o' the Times' diskoa, bere ibilbideko lanik osatuena eta laudatuena izan zena. Orain, Warner Music etxeak berriz argitaratu du, eta inoiz entzun gabeko 63 abesti berri ere plazaratu ditu diskoarekin batera.

Prince, 2007ko zuzeneko kontzertu batean, AEBetan. TANNEN MAURY / EFE.
aitor biain
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Bere garaiaren sinboloa izan zen. Tradizioa eta berrikuntza uztartu zituen, eta hamarkada oso bat doinuz ezaugarritu zuen. Ikono bat, izar goren bat izan zen Prince, eta, besteak beste, hori Sign o' the Times diskoari esker izan zen. Minneapolisko (AEB) musikariak 1987an kaleratu zuen bere bederatzigarren lan luzea. Disko bikoitz hura mugarri bat izan zen haren ibilbidean, eta balio izan zuen mundu propio bati forma eman eta askok xelebretzat zuten soinu bilduma bat artelan gisa definitzeko. Hamasei kantutan, inoizko eskaintzarik eklektikoena eta osatuena egin zuen kantariak, eta albuma maisulantzat hartu izan da ordutik. 1980ko hamarkadako ikono bat, bere garaiko ikur bat, orain berriz argitara eman dutena.

Prince 2016ko apirilaren 21ean hil zen, fentanilo gaindosi baten ondorioz, 57 urte zituela. Musikari, abeslari eta konpositorea musika beltzaren berritzaile handienetakoa izan zen, eta 30 disko baino gehiago grabatu zituen. Hark utzitako ondare musikala zenbaezina da, ordea. Eta horregatik, hain zuzen ere, musikariaren lanen kudeaketa ika-mika iturri izan da harrezkero; izan ere, argitaratu gabeko materiala merkaturatzeko eskubideak diskoetxe handien desira bilakatu dira. Ez da gutxiagorako: hura hil zenetik, disko asko plazaratu dira berriz; horietako asko inoiz argitaratu gabeko kantuekin, gainera. Bilduma horretako harribitxietako bat da Sign o' the Times.

Warner Music etxeak formatu ezberdinetan merkaturatu du disko bikoitza, eta horietako batek inoiz entzun gabeko 63 kantu berri ere baditu: zehazki, 1979ko maiatzetik 1987ko uztailera bitarte estudioan grabatutako 45 abesti eta zuzeneko beste hemezortzi. The Dream Factory, Camille eta Crystal Ball diskoei dagozkie gehienak, hau da, Princek Sign o' the Times diskoa osatu aurretik abian jarri eta alboratu zituen hiru proiektuei.

Horrez gain, 1987ko ekainaren 20an Utrechten (Herbehereak) eman zuen kontzertuaren zuzeneko grabaketa ere jasotzen du bildumak, eta baita urte bereko Urtezahar egunean Princek bere etxean eta Miles Davisekin batera emandako kontzertua ere. Hori guztia osatzeko, azkenik, liburu bat ere plazaratu dute, abeslariaren inguruko dokumentuak eta Jeff Katze argazkilariak egindako erretratuak jasotzen dituena.

Eztandaren ondorena

Princeren ibilbideko punturik gorena islatzen du Sign o' the Times diskoak, artistak 1985. eta 1987. urteen artean izan zuen sorkuntza aro oparoaren emaitza baita lana. Ordurako, baina, musikariak argitaratuak zituen jarraitzaileen eta kritikarien onespena irabazia zuten lau disko: 1999 (1982), Purple Rain (1984), Around the World in a Day (1985) eta Parade (1986), hain zuzen ere. Etenik gabe gora egiten ari zen ibilbide baten erakusle izan ziren lanok. Sign o' the Times diskoak, halere, ginga jarri zion bide horri, eta artista sortzaile gisa zertarako gai zen erakutsi zuen.

Eraldaketa eta trantsizio baten ikur ere izan zen diskoa, nolanahi ere; aldaketa handiak izan baitzituen Princek bere inguruan garai haietan: batetik, 1982tik bere musikarien banda osatzen zuen The Revolution taldea desegin zuen, eta, bestetik, Paisley Park estudioa eta diskoetxea sortu zuen. Erabaki horiek abeslariak asmo handiko bakarkako proiektu berri bati ekiteko zuen nahiaren ondorio izan ziren. Hain zuzen, Sign o' the Times kaleratu aurretik hiru disko ere alboratu zituen Princek, jorratu nahi zuen ildo berriaren erakusle ez zirelakoan. Hiru disko haietako kantuak dira, hain zuzen ere, orain argitaratu diren 63 abestiak.

Sign o' the Times Princeren bakarkako aurreneko lana izan zen, Prince bera arduratu baitzen disko bikoitza osatzen duten hamasei kantuak konposatzeaz, grabatzeaz eta ekoizteaz. Horrek eragin nabarmena izan zuen soinuan. Lanak estilo ugari biltzen ditu, nolanahi ere: funka, jazza, rocka, popa, soula, psikodelia, rythm & bluesa... Finean, Princeren izaera polifazetikoaren isla da, eta bere aurreko lan guztiak disko bakarrean elkartzen ditu.

1988an kaleratu zuen Lovesexy bere hurrengo lanak industria desafiatu zuen beste behin ere. Jarraian etorriko ziren Batman, Black Album eta Diamonds and Pearls; eta haiekin batera, diskoetxearekin desadostasunak, izen aldaketa eta artista handi baten gainbehera. Baina ordurako Prince ez zen Prince.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.