Zientzia

Oxigeno gehiago, tumorea itotzeko

Ia milioi bat euro eman dizkio Europako Batzordeak Donostiako CIC Biomaguneko Sergio Moya ikertzaileari, nazioarteko talde bat koordina dezan. Nanomaterialak sortu nahi dituzte, elkarlanean, minbizi zeluletara oxigenoa eramateko, gero argiarekin suntsitzeko. Martxoan hasi ziren horretan lanean, lau urterako egitasmoan.

Oxigeno gehiago, tumorea itotzeko.
Edu Lartzanguren.
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Tumoreak argiarekin suntsitzen dituzte gaur onkologoek maiz, eta askoz modu eraginkorragoan egingo lukete oxigeno gehiago balego minbizi zelula multzoetan. Tumoreetara ezinbesteko oxigeno hori garraiatzeko nanomaterialak sortzea erronkatzat hartu du nazioarteko zientzialari talde zabal batek. Donostiako CIC Biomagunetik koordinatuko dute Oxigenated egitasmorako lana.

«Esperientzia handia daukat nazioarteko egitasmoak koordinatzen», esan du Sergio Moya egitasmoaren buruak. Halako zortzi bat lanetan aritu da lehen ere. Kimika ikasi zuen Argentinako Hegoaldeko Unibertsitatean, eta doktoretza Alemaniako Max Planck institutuan amaitu zuen. Parisen aritu zen ondoren, College de Francen, baita Cambridgeko Unibertsitateko Nanozientzia Zentroan ere. CIC Biomagunen taldeburu bila zebiltzanean, izena eman zuen, eta, geroztik han dabil materia bigunaren nanoteknologian lanean, hau da, nanozientzia biologiarekin nahasten den eremu liluragarrian.

«Oxigenoa zeluletara eramateko sistemak garatzea asko interesatzen zitzaidan, eta terapia fotodinamikoa hobetzea».

Argiarekin suntsitu

Moyak proposatu zuen egitasmoa. Terapia fotodinamikoarekin dago lotuta zuzenean. Horretan, argiarekin erreakzionatzen duen molekula bat eramaten da tumoreetara, eta, gero, argiarekin kitzikatzen da, han dagoen oxigenoarekin erreakzioa sor dezan, erradikal askeak sortzeko. Azken horiek gaixoturiko zelulak suntsitzen dituzte. Hainbat gaitz tratatzeko erabili izan da terapia, besteak beste aknea, adinarekin lotutako begiaren makulako endekapena, eta lepoko, biriketako, maskuriko zein azaleko minbiziak. Prostatako minbizirako ere probatu dute, arrakastaz.

Baina tumoreen ezaugarri batek mugatu egiten du terapia argidinamikoaren eraginkortasuna. Ehunetan oxigenoa egotea ezinbestekoa du teknikak, eta, tumoreetan, oxigeno gutxi egoten da, haien egiturarengatik. Izan ere, tumoreen oxigeno faltak berak eragiten du haiek kontrolgabe haztea, Georgiako Unibertsitateko Ying Xu ikertzaileak duela zazpi urte iradoki zuenez. Haren arabera, oxigeno goseak zain gehiago sortzera bultzatuko luke tumorea, eta, zain horiek elikagai gehiago ekartzen diotenean, hazten erantzungo luke tumoreak. Hazkuntza horrek oxigenoa gutxituko luke berriz. Gurpil zoro horrek bultzatuko luke tumorearen hazkuntza.

Hemoglobina da oxigenoaren garraio naturala, «baina ezin da injektatu zuzenean, kalte egiten dielako zainei», Moyak azaldu duenez. Horregatik, nanopartikulak sortu nahi ditu ikertzaileak, hemoglobina kapsulatzeko, eta tumoreetara zuzenean eramateko.

Ikerketaren partaidetako bat Berlingo La Charite da, Europako unibertsitate erietxerik handienetako bat, eta Moyak han egin zuen bere tesiaren zati bat. Han adituak dira oxigenoa garraiatzeko sistemak garatzen, besteak beste odola ordezkatzeko transplanteetarako organoak gordetzeko orduan. Izan ere, transplanteetan arazorik handienetako bat da behar den odol kopuru handia, organoa egoera onean mantentzeko. Hor ezagutu zuen taldearekin berriz arituko da lanean Moya, Oxigenated egitasmoan. Horrez gain, Brasiliako Unibertsitateko talde batekin arituko da, terapia fotodinamikoetan adituak baitira han. Argentinako Unibertsitate Nazionaleko taldea ere ezagutzen du aurreko egitasmo batetik. Tartuko Unibertsitatearekin (Estonia), Alemaniako Nanotec enpresarekin, Chulalongkongo Unibertsitatearekin (Thailandia) eta Argentinako Hegoaldeko Unibertsitate Nazionala arituko dira elkarlanean. «Egitasmo guztietan bezala, hein batean ezagutzen duzun jendearekin egiten da lan, eta, gero, osatzeko behar duzun ikertzaileekin».

Europako Batzordeak 920.000 euro eman dizkio taldeari, plana gauzatzeko, Horizon2020 ikerketa eta berrikuntza egitasmo markoan, eta Marie Sklodowska Curie Ikerketa eta Berrikuntza Langileen Truke Ekintza egitasmoaren barruan. Europa eta Europatik kanpoko ikertzaileen eta enpresen arteko lankidetza sustatu nahi du horrek. Martxoaren 1ean hasi ziren Oxigenated egitasmoan lanean, eta 2023ko otsailaren 18ra arte jarraituko dute.

«Materialak garatzen jarraituko dugu orain, eta, hurrengo faseetan, in vitro arituko gara, zelulekin probatzen; azkenean, in vivo [animaliekin eta gizakiekin] probatzeko», azaldu du Moyak. «Terapia bat hobetzeko saio bat da hau, apur bat ezberdina, gu materialen kimikariak garelako». Moyak, besteak beste, nanomedikuntzan eta minbiziaren terapian aditua den Patricia Andreozzi argentinar herrikidearekin arituko da lanean. Horrez gain, Eduardo Gisasolak minbiziaren kontrako gaiak kontrolpean askatzeko sistemetan duen ezagutzaz baliatuko da taldea. Bionanomaterialetan aditua den Elisa Bindinik osatuko du CIC Biomaguneko ikertrzaile taldea.

«Minbizia ez da nire gai nagusia, baina, azken batean, honetan lan egiten dugu sufritzen ari direnei lagunduko diegulakoan, eta gaixoaren bizi baldintzak hobetzeko», esan du Moyak. «Ikertuko dugun bide honek aukera handiak ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.