Europako hauteskundeak

Bruselaren termometroa

Europako Parlamentua osatzeko bozak hasiko dira datozen egunotan; alderdi txikien gorakada iragarri dute inkestekKoalizio nagusiek aurretik aurkeztu dituzte Europako Batzorderako presidentegaiak

Samara Velte.
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Hauteskundeen astea du honako hau Europak. Greziako udaletakoak igaro berri eta Ukrainako presidentetzarakoak ate-joka, ohi baino urduriago dabiltza Bruselako indar nagusiak. Batetik, Syriza ezkerreko alderdiaren gorakada joera orokorrago baten sintoma izan daitekeelako; eta bestetik, Ukrainako gertakariek ere nabarmen baldintza ditzaketelako Europaren zereginak datozen hilabeteotan.

Ostegunetik larunbatera bitartean, Europako Parlamenturako botoa ematera deituta daude Europako Batasuneko 28 estatuetako herritarrak. Aurten, Kroaziarekin, 751 diputatuk osatuko dute legebiltzarra. Han, sozialdemokraten eta kristau-demokraten artean eutsi izan diote botere orekari, koalizio handietan bilduta. Brusela, Estrasburgo eta Luxenburgoko egoitzak euren neurrira eginak dituzte, eta nekez hauts daiteke zentroko frontea. Estatuetan, ordea, aldaketa nabarmenak espero dituzte oraingoan; baita eskuarki gorabehera politiko handirik egoten ez den herrialdeetan ere. Inkesta gehienen arabera, periferia politikoko alderdiek hartuko dute indarra, orain arte nagusi izan diren bloke handiei gaztaren zati bat janez; legebiltzarraren %20 eta %30 artean, zenbait galdeketaren arabera.

Eskuin muturretik etor daitekeen gorakadak eragin du zalaparta gehien. Marine Le Penen Fronte Nazionalak lortuko ditu boto gehien Frantzian, hainbat inkestak diotenez; iragarri bezala Frantziako botoen %24 eskuratzen baditu, estatu horri dagozkion hogei eserleku inguru eskuin muturreko hautetsientzat izango dira. Aldamenean, Europa ipar eta erdialdeko beste alderdi eurofobo eta ultrakontserbadoreetako diputatuak eseriko zaizkie: UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdikoak, Jobbik Hungaria Hobe Baten Aldeko Mugimendukoak eta Geert Wildersen PVV Askatasunaren Aldeko Alderdi nederlandarrekoak. Sektore horietako alderdiak botoen heren bat inguru lortzekotan dira Polonian eta Erresuma Batuan; eta Danimarkan, Txekian eta Austrian, %20tik gora.

Hegemonia ez da hautsiko

Hainbat analista politikok eskuin muturraren eta euroeszeptikoen arteko aliantzak sortzeko arriskuaz ohartarazi dute; besteak beste, Le Penek eta Wildersek behin baino gehiagotan adierazi dutelako horretarako asmoa. Baliteke formazio gutxi batzuk gai izatea euren arteko desberdintasunak gainditu eta Bruselako bloke nagusien aurkako frontea osatzeko, baina oro har, eskuina zatituegi dago zentroko alderdien hegemonia arriskuan jartzeko.

Sokaren ezkerreko muturrean ere gorakada iragartzen dute inkestek, batez ere krisiak gogorren jo dituen estatuetan. Greziako hiri nagusietan, esaterako, Syriza Ezker Erradikaleko Aliantzak jaso ditu boto gehien asteburuko udal bozetan; dena den, ez diete alde handia atera kontserbadoreei eta neonaziei.

Inkestak asko erratzen ez badira, alderdi txikiak ez dira nahikoa haziko Bruselako elefanteak euren tokitik kentzeko. Pollwatch erakundearen azken neurketaren arabera, PPE Europako Alderdi Popularra koalizio eskuindarrak 212 eserleku lortuko ditu, eta PES Europako Alderdi Sozialistak, 209; bien artean, aise gaindituko lukete gehiengo osoa 751 diputatuko ganberan.

1979an erabili zuten lehenengo aldiz europarlamentariak modu zuzenean hautatzeko sistema —herritarrek bozkatuta osatzen den erakunde bakarra da EBn—. Denborarekin, hainbat estatutan jardungo zuten alderdi zabalak eratzea espero zuten, Europako kanpaina politiko eta hizketagaiekin. Errealitatea, ordea, kontrakoa izan da: txokokeriak eta nazioko fenomenoak nagusitu dira, eta estatu barruko gaiak bihurtu dira kanpainetako hizpide. «Europa» boterearen sinbolo bihurtu da, «han goian» erabakiak hartzen dituen elitearen adierazgarri. Estatuek haietatik probetxu ateratzen zuten bitartean, Europako erakundeek bazuten gutxieneko onespen maila: 2004ko udazkenean, herritarren erdiek ontzat jotzen zuten EB. Krisi ekonomikoarekin batera, ordea, gainbehera etorri da instituzioekiko fedea. Brusela toki arrotza bihurtu da: iazko eurobarometroaren arabera, herritarren %31k baino ez daukate konfiantza Bruselarengan; Grezian, %69k etorkizun «iluna» ikusten diote batasunari.

Identifikazio maila lehendik ere oso apala zen; bai, behintzat, bestelako erakundeekin alderatuz gero. Krisiarekin, lehen abstentziora jotzen zuten askoren botoa protesta bihurtu da: ertzetako alderdiek eliteen aurkako haserrea biltzen jakin dute. Horregatik nagusitu dira Troikaren eta Bruselaren murrizketa politiken aurkako leloak ezker zein eskuin muturrean: EB diseinatu zutenen aurkako leloak dira.

Urtez urte, txikiagoa izaten ari da Europako hauteskundeetako parte hartzea. Azkenengoetan, duela bost urte, boto eskubidea zuten herritarren %43k soilik eman zuten; hainbat lekutan, Eslovakian adibidez, %20ra ere ez ziren heldu. Hala ere, inoiz baino botere gehiago izango du aurrerantzean Europako Parlamentuak. Kontsulta Batzar gisa funtzionatzeko sortu zen, baina legegintzaldiz legegintzaldi eskumenak pilatzen joan da, eta gaur egun korapilo nagusietako bat da Bruselako lobby eta gobernuz kanpoko erakunde matazaren erdian: sarritan erakunde erabakigarrienetakoa izaten da, Europako Batzordearekin eta Ministroen Kontseiluarekin batera. Azkenengo erreforma instituzional nagusia, Lisboako Ituna, 2009an sartu zen indarrean; ordutik, Europako Parlamentuaren botere erlatiboa dezente hazi da EBren barruan. Arlo gehienetan botere legegilea du —Ministroen Kontseiluaren pareko—, eta eskubidea dauka EBren lege gehienak onartu, zuzendu edo atzera botatzeko; besteak beste, EBren aurrekontuari eta merkataritza gaiei dagozkienak.

Batzordeko presidentea

Parlamentuko kideak ez ezik, Europako Batzordeko presidentea ere aukeratuko dute aste honetan. Lehenbiziko aldiz, koalizio nagusiek aldez aurretik aurkeztu dituzte euren hautagaiak; haietako batek Jose Manuel Durao Barroso ordezkatuko du datozen bost urteotarako, eta Europako gobernuburu lanetan jardungo du. Aukeraketa, dena den, ez da automatikoa izango: alderdi bozkatuenak proposatu beharko du hautagaia. Desberdintasun nagusia da orain Batzordeak ere kontuan hartu behar dituela bozetako emaitzak. EPPk Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministro ohia aukeratu du; PESek, Martin Schulz, orain arte Europako Parlamentuko presidente izandakoa; alderdi liberalen koalizioak, Guy Verhostadt Belgikako lehen ministro ohia; Europako Alderdi Berdeak, Frantziska Ska Keller eta Jose Bove; eta Europako Ezkerraren Alderdiak, Alexis Tsipras, Syrizako burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.