G7koen goi bilera. Kontragailurra

Alternatibak sortzeko prest dira

G7koen goi bilera hasiko da larunbatean. Alternatibak posible direla erakutsiko dute ehunka eragilek datozen hiru egunetan. Asteburuko mobilizazioetan parte hartzeko deia ere zabaldu dute

Hendaiako Jean Jaures eskolan gazte gunea izanen da, eta aldarrikapen pankartak jarri dituzte daogeneko.
Hendaiako Jean Jaures eskolan gazte gunea izanen da, eta aldarrikapen pankartak jarri dituzte daogeneko. GUILLAUME FAUVEAU

Oihana Teyseyre Koskarat -

2019ko abuztuak 21

Apenas falta diren hiru egun Miarritzen (Lapurdi) G7koen goi bilera egiteko, eta segurtasun neurrien maila handia sumatzen da: esaterako, bost pertsona atxilotu zituen atzo Frantziako Poliziak Paris inguruan, Miarritzeko hotel baten kontra ekintza bat prestatzea egotzita. Horietatik lau aske utzi zituzten gero. Larunbatetik aurrerakoak izango dira goi bilerako gaiak, baina, gaurtik, hainbat eragilek kontragailurra antolatu dute, G7koen aurrean alternatibak badirela erakusteko. Hendaian, Urruñan (Lapurdi) eta Irunen (Gipuzkoa) egingo dira datozen hiru egunetako mintzaldi, tailer eta egitasmoak. Lau gune nagusi izango dira, eta bakoitzerako eskaintza politiko eta kultural zabala prestatu dute.

ASTE INTERGALAKTIKOA

Hendaiako Kaneta portuan eginen dute ZAD Babestu Beharreko Gunekoek eta Amankomunak sarekoek Aste Intergalaktikoa. Egunero, poteo eta bazkariarekin hasi, eta sokadantzarekin amaituko dute eguna. Gaur, Lurraren defentsa eta borroka moldeak gaiaren inguruan antolatu dituzte jarduerak. Bihar, berriz, eraso sexistekin bukatu aldarria egingo dute. Tailer ez mistoak egingo dituzte, emakumeentzat bi eta gizonentzat beste bi. Ostiralean, herri zapalduen egoeraz arituko dira.

Hiru egunetan zehar, erakusketak eta serigrafia tailerrak izango dira. Notre Dame des Landesko egurrezko egitura ere, Anbazadatxoa, bertan egongo da. Hartzea Lopez antolatzaileak erran duenez, «borroken bateragarritasunerako espazioa» izango da, eta hainbat kolektibotako jendeak «elkar ezagutzeko eta lanean aritzeko aukera izango du». Anbazadatxoaren proiektua «nazioartekoa» bilakatzea espero du.
 

GAZTE GUNEA

Gazteak, berriz, «Euskal Herria eraikitzera» doaz. Hori adierazi du Olaia Matxain Galfarsoro antolatzaileak. Kontragailurrean gazteek «hausnarketarako eta militantziarako» gune bat izatea dute helburu, eta, «G7koei kontra egitetik, Euskal Herria eraikitzeko alternatibak» erakutsi nahi dituzte. Gaur hasiko dute egitaraua, Hendaiako Jean Jaures eskolan, arratsaldetik goiti irekiko duten gunean.

Lehen hitzaldiek «bizitza» izango dute ardatz: ekologia, gazteen prekaritatea, eta Euskal Herrian lan egitea eta bizitzea. Bertso saioa egingo dute gero, Hendaiako gaztetxean, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi eta Nahia Saskorekin. Bihar, mugen inguruan izango dira jardunaldiak: haur motxiladunak, Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboa eta harrera sareetakoak ariko dira hizketan. Etzi, goizean irekiko dute gunea, eta lehen hitzaldia «menstruazioaren prekaritateaz» izango da. Gazte bazkaria eta ekitaldia «elkar ezagutzeko eta harremanetan jartzeko» parada izatea espero du Matxain Galfarsorok. Espazio militanteetako botere harremanez ere hausnartuko dute, eta kulturgintzari buruzko mahai inguru batekin amaituko dira hitzaldiak. Gazte gunearen egitarauari Elektrukaren kontzertuak jarriko dio amaiera. Hiru egunetan, Zorroztarri eta Altsasuko Gazteak erakusketak egongo dira.
 

G7 EZ, ALTERNATIVES G7

Euskal Herriko eta Frantziako plataformek bi tokitan ezarri dute programazioa. Irungo Ficoban izango dira mintzaldi eta tailerrak; Hendaiako zineman film proiekzioak eta eztabaidak.

Zazpi gairen inguruan gogoetatzeko, berrehun hizlaritik gora ariko dira. Egunero irekia izango da, 10:00etatik 19:30era, eta hainbat hitzaldi egongo dira areto bakoitzean. Besteak beste, 15:00etan, Autoritarismoari aurre egin titulupean arituko dira Genevieve Legay (Attac) eta Taha Bouhafs kazetaria. Bihar, berriz, 10:00etan, Desberdintasun sozialen eta ekonomikoen aurrean emazteak borrokan hitzaldia emango dute Wangari Kinotek (Action Aid International) eta Murielle Guilbertek (Solidaires sindikatua), LAB, ELA, Las Kellys eta M8ko grebalarien ordezkariekin batera.

Etzi, estaturik gabeko nazioez jardungo dute Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak eta Jean Guy Talamoni Korsikako Biltzarreko presidenteak (17:30). Mobilizazioak ere antolatu dituzte: larunbatean egingo dute martxa, 11:00etan, Hendaiako portutik Ficobara. 16:00etan, Jaka Horiek egitasmo bat prestatu dute, eta lekua sare sozialen bidez zabalduko dute. Igandean, «ortzadarraren zona» osatuko dute, eta Miarritze, Angelu eta Baionan zenbait gune okupatzera deitu dute. Bizik Potreten martxa egingo du igandean, 10:00etan, Baionan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna