Egunero elkartuko dira ESIkoak, kargugabetuak berriz integratu arte

Osakidetzako krisia dela eta, elkarrizketarako «prest» agertu da Bingen Zupiria, baina adierazi du badirela «leku egokiak» mintzatzeko, hedabideetatik kanpo

ESIko kargugabetzeen harira egindako protesta, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Krisi garaian bizi da Osakidetza, eta hautsak harrotu dituzte azken egunotako gertakariek. Izan ere, iragan ostiralean kendu zituzten kargutik Itziar Perez Donostia aldeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzailea, eta Donostia ospitaleko mediku zuzendari Idoia Gurrutxaga. Bi kargugabetzeen ondotik, bata bestearen atzetik etorri dira dimisioak: azken orduetan, dimisioa eman dute Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko mediku zuzendariordeak, Maite Martinez mediku zuzendariordeak eta Loreto Marquet erizaintza zuzendariordeak.

Denek eman dituzte arrazoi berdintsuak dimisioa emateko: desadostasun sakonak Osakidetzaren Zuzendari Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin. Besteak beste, «goitik beherako» erabakiak inposatzea egotzi diote Osasun Sailari, eta osasun sare publikoa «era diktatorialean» kudeatzea. Egoeraren aitzinean, Donostia aldeko ESIko zerbitzuburuek erran dute elkarretaratzea egingo dutela egunero, atzo egin zuten bezala, langile kargugabetuak eta dimisioa eman dutenak berriz har ditzatela eskatzeko, eta Osakidetzari eta Osasun Sailari euren iritzia kontuan har dezatela eskatzeko.

Atzo, egoera salatzeko egindako elkarretaratzean, Arantza Aguillo Donostia ospitaleko larrialdi orokorretako zerbitzuburuak erran zuenez, Osakidetzak eta Osasun Sailak «politika bertikala» izan dute, eta leporatu die «ez dutela aintzat hartu pazienteengandik hurbil» daudenen iritzia. «ESIko zuzendaritzak entzuten gintuen», erran zuen. Basurtuko ospitaleko (Bizkaia) Basurto Bizirik langile plataformak «elkartasuna» adierazi die ohar batean ESIko langileei.

Mintzatzeko «prest»

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, atzo, krisiari aurre egiteko «eztabaidatzea» beharrezkotzat jo zuen. Aitortu zuen Donostia aldeko ESIko kargugabetze eta dimisioen ondotik, «egoera oso berezia» dela. Nolanahi ere, adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak ez ziola «hedabideen bidez mediku talde bati erantzungo», elkarrizketa «leku egokietan» egiteko beharra berretsiz.

Zupiria: «Elkarrizketak bere bide eta toki propioak izan behar ditu, eta Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du elkarrizketa behar den tokietan sustatzeko». Gehitu zuen, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrera joateko asmoa duela, bertan «behar diren azalpenak emateko». ESIko zuzendaritza, ordea, ez da «oso baikor» agertu Aguillok aitortu duenez, nahiz eta «elkarrizketarako prest» izan.

Izan ere, herenegun, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak «antolakuntza aldaketa» soiltzat jo zituen kargugabetzeak, baina ez zuen zehaztu zein diren zuzendaritza aldatzea beharrezko egin duten gertaera horiek. «Arduradun aldaketak sarri gertatzen dira, ohikoa da», gaineratu zuen. Gero, kargutik kentzeko erabakia Osakidetzaren «proiektu komunari buruzko ikuspegiarekin bat ez zetozelako» hartu zela onartu zuen.

UGT sindikatuko bozeramaile Raul Arzak, bestalde, erran zuen egunotako egoerak ez dituela «harritzen». Hala eta guztiz ere, Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari «negoziatzeko jarrera» har dezatela eskatu zien.

Jardunak segitzen du

Egoera ikusirik, ESIko zerbitzuburuek «lasaitasuna» helarazi nahi izan zieten atzo pazienteei, ohar baten bidez. Gorabeherak gorabehera, pazienteen asistentzia eta ohiko jarduerak segurtatuta daudela baieztatu zuten. Honela mintzatu zen Aguillo atzo egindako elkarretaratzean: «Helarazi nahi dugun mezua hau da: hemen jarraitzen dugu, lanean jarraitzen dugu, eta kargugabetutako zuzendaritza berriz onartzeko eskatzen jarraitzen dugu».

Gisa berean mintzatu zen anestesia zerbitzuko buru Nuria Gonzalez ere. Egoerak «pazienteengan eta haien senideengan ziurgabetasun handia» sortzen duela deitoratu zuen. Hala, medikuntza jardunari buruz argi mintzatu zen: «Ez dugu ezer etengo, ez dago ezer egingo ez denik, eta ez da ebakuntzarik atzeratuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.