Donostialdeko ESIaren krisia «normalizatzeko bidean» dela ziurtatu du Sagarduik

Kargugabetzeen arrazoiez argibiderik ez ematea egotzi dio oposizioak. Urkulluk aitortu du barne komunikazioan «autokritika» egin beharko luketela

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agerraldia, atzo, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«Normalizazio bidean» dago, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo adierazi zuenez, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan izandako bi kargugabetzeek sortutako krisia. Ziurtzat jo zuen Donostia ospitaleko zerbitzuburuen eta Osakidetzako zuzendaritzaren artean atzo egindako bilerak «elkarrizketarako» bidea irekitzeko eta krisia bideratzeko balio izango duela. «Harremanak normalizatzeko bidean doaz. Gaur [atzo] bide berri bati hasiera emango zaio». Donostialdeko ESIko buruen eta Osakidetzako zuzendaritzaren arteko hartu-emana ez da azkena izango, «abiapuntua» baizik, eta hemendik aitzin «elkarrizketari bidea egiten utzi behar zaio», Sagarduiren ustez.

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldia egin zuen atzo Sagarduik. Abendu hasieran Donostialdeko ESIan sortutako polemika ixten saiatu zen, baina kargugabetzeen inguruan xehetasun berririk eman gabe. Aurrez esandakoak berretsi zituen. Batetik, azpimarratu zuen Osakidetza «sare bat» dela eta ikuspegi ezberdinak egon daitezkeen arren «uneren batean irizpideak bateratu eta finkatu» behar direla. Eta hor kokatu zituen Donostia ospitaleko bi zerbitzuburuen kargugabetzeak.

Bestetik, argitu zuen Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek eta Osakidetzako zuzendaritzak egindako bileraren helburua izan dela «arazoei eta proposamenei» elkarrizketa bidez heltzea. Izan ere, Sagarduiren esanetan, Donostia ospitaleko osasun profesionalak egiten ari diren aldarrikapenak bat datoz Osakidetzak dituen aldarrikapen nagusiekin: «Lan eskaintza publikoaren ereduarekin edota kontratazioarekin lotuta daude, besteak beste».

Erantzunik gabeko itauna

Sagarduiren azalpenak ez ziren aski izan oposizioko taldeen iritziz. EH Bilduk, Ellkarrekin Podemos-IUk, PP+C's-ek eta Voxek sailburuari aurpegiratu zioten argibiderik ez ematea zerbitzuburuen kargugabetzeen atzean dauden arrazoien inguruan. «Zeintzuk dira Jaurlaritza Donostialdeko ESIko eta Donostia ospitaleko zuzendariengan konfiantza galdu zuela esatera eraman zuten arrazoiak?». Oposizioko taldeek mila modutan egin zioten galdera bera Sagarduiri, baina hark ez zien erantzun.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrarekin «mespretxuz» aritzeaeta «gezurrak» esatea egotzi zionSagarduiri. «Orain arte ez duzue krisiari buruz egia esan», ohartarazi zion. Uberaren ustez, Donostialdeko ESIaren krisia Osakidetzak dituen gatazken beste «katebegi» bat da, eta arazoa ez da bilera batekin konponduko; irtenbide «sakonagoak» behar dira. Nabarmendu zuenez, Donostia ospitalean urteetan «arrakastatsua eta aitzindaria» izan den minbizi peritonealaren tratamendua Gurutzetako ospitalean zentralizatzeko asmoak eragin du zerbitzuburuen haserrea. Baina hori ez da Osasun Sailak egin asmo duen zentralizazio prozesu bakarra, Uberaren esanetan. «Ez du balio sarean lan egitearen aitzakiapean murrizketak egitea».

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak ideia berean jarri zuen arreta. Uste du minbizi peritonealaren tratamenduan Donostia ospitalea erreferentzialtasuna «galtzen» egotea dela krisiaren oinarria. Gogora ekarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariak duela gutxi adierazi zuela ospitale guztietan ezin direla zerbitzu guztiak bermatu, eta zera ohartarazi zuen: «Berrantolaketaren eta zentralizazioaren aitzakian lehenago ematen ziren zerbitzuak suntsitzen ari zarete».

PP+C's-en izenean, Laura Garridok azpimarratu zuen Donostia ospitaleko krisiaren atzean ez daudela antolaketa aldaketa soilak, «Osakidetzaren lidergo eta kudeaketa eredua» baizik, eta autokritika egiteko eskatu zion Sagarduiri. «Osakidetza noraezean doan itsasontzia da, eta Sagardui ez da lemazain egokia norabidea aurkitzeko».

Osasun sailburuaren azalpenak «partzialak» eta «eskasak» zirela iritzita, EH Bilduk eta EP-IUk legebiltzarrari eskatu zioten urtarrila baliatzeko Osasun Batzordean auziari buruzko azalpen gehiago jasotzeko. Izan ere, urtarrilean jarduerarik ez da izaten Eusko Legebiltzarrean, ezohiko gertaerarik ez bada, baina, egoeraren «premia» aintzat hartuta, bi taldeek eskatu dute urtarrilean Osasun Batzordea deitzeko hiru agerraldi egin daitezen. Zehazki, Itziar Perez zuzendari kudeatzailearen eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikuaren iritzia entzun nahi dute —Osakidetzak kargutik kendu zituen—, eta baita Adolfo Begiristainena ere —Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikua zen, eta dimisioa eman zuen—. «Ez da nahikoa gobernuaren ahotsa bakarrik entzutea. Gardentasunez aritzea funtsezkoa da krisi hau gainditzeko», esan zuten ohar bidez.

Bestalde, Urkullu lehendakariak ere Osakidetzako krisia ahotan izan zuen, ETB1 kateari eta Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan. Aitortu zuen «komunikazio arazoak» egon direla barne egituran, eta «autokritikarako prest» agertu zen. Hala ere, ziurtatu zuen ez dutela zerbitzurik lekualdatuko Donostia ospitaletik, ezta pribatizatuko ere, eta osasun arreta «bermatuta» dagoela.

Egoera onbideratzeko

Donostialdeko ESIan izandako bi kargugabetzek eragindako krisia bideratzeko asmoz, bilera bat egin zuten atzo Osakidetzako zuzendaritzak eta Donostia ospitaleko arduradunek. Batzarrean parte hartu zuten Osakidetzako zuzendaritzaren ordezkaritza batek, Rosa Perez zuzendari nagusia buru, eta Donostialdeko ESIko arduradunek, bitarteko kargudunek eta Donostia ospitaleko zerbitzuburuen ordezkaritza batek. Donostia ospitalean bertan izan zen bilera, goizeko lehen orduan.

Batzarrak luze jo zuen, eta amaieran ez zuten adierazpenik egin. EITBk jakinarazi zuenez, giro «adeitsuan» egin zuten batzarra, eta zerbitzuburuek egindako aldarrikapen guztiak mahai gainean izan zituzten. Elkarrizketarako borondatea erakutsi eta hizketan jarraitzeko asmoa agertu zuten bi aldeek. Urtarrilaren erdialdean berriz elkartzekotan geratu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.