Ostiral Santuko Akordioa. Elkarrizketa. Martina Anderson. Sinn Feineko eurodiputatua

«Ezinezkoa egiazko bilakatu genuen»

Egungo Ipar Irlanda toki «hobea» dela uste du Andersonek, Ostiral Santuko Akordioari esker. Bi komunitateen arteko adiskidetzea izan dela nabarmendu du, batzuek halakorik gertatu dela ukatu arren, eta Irlanda batzeko erreferenduma egiteko garaia dela gogorarazi du.

ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Belfast
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Martina Anderson (Derry, Irlanda, 1962) Sinn Feineko eurodiputatua da 2012az geroztik. Lehen lerroan ari da bizitzen brexit-aren auzi garrantzitsuenetako bat: Irlandako mugari buruzko auzia. Horren aurretik, mugimendu errepublikanoan bide zabala egin zuen, eta hurbiletik ezagutu du gatazka armatuaren bilakaera. PIRA Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikanoko militantea izan zen, eta hamahiru urtez egon zen kartzelan, 1998ra arte, Ostiral Santuko Akordioan adosturiko amnistiari esker atera baitzen espetxetik. Ipar Irlandako Parlamentuko diputatua ere izan zen, 2007tik 2012ra.

Ostiral Santuko Akordioa duela hogei urte sinatu zenuten. Zer oroitzen duzu egun horiez?

Urte horretan [1998an], kartzelan nengoen. Gogoratzen naiz eztabaida anitz izan zirela, giza eskubideei buruz, adibidez. Une historikoa izan zen, noski. Ondorio baikorrak izan zituen Irlanda iparraldearentzat, noski, eta, nire kasuan, kartzelatik atera nintzen.

Bi hamarkada igaro dira indarrean sartu zenetik. Pozik zaudete egindako bidearekin eta lorturiko emaitzekin?

Bai. Aldaketa asko izan dira, eta bide luzea egin dugu, giza eskubideen alorrean batez ere. Toki hobeago batean bizi gara, inork ezin du kontrakorik esan. Ezinezkoa egiazko bilakatu genuen. Harriak ere izan ditugu bidean, noski, ustelkeria kasuak eta matxismoa, esaterako. Egun, bermatu behar dugu funtzionatuko duen parlamentu bat martxan egotea, bake akordiotik sorturikoa baita.

Bi komunitateen arteko adiskidetzea ez da gauzatu. Testuinguru hori espero al zenuten? Zer egin dezakezue?

Adiskidetzea egon dela uste dut; agian espero zen mailan ez, baina pixkanaka ari gara. Politikan, parlamentu bat eta gobernu bat dugu bake akordioaz geroztik, eta hor elkarlanean aritu gara bi aldeak, erakundeen bidez garapena bilatzeko. Unionistekin harreman hobeagoak ditugu. Egun, une zailak bizitzen ari gara gobernu krisiagatik, baina iragana gogoratuz aztertu beharko genuke oraina, eta, alde horretatik, aldatu egin garela uste dut: poliki goaz, ez da behar adina adiskidetze izan, baina pixka bat bai.

Akordioak bi mehatxuri egin behar die aurre: brexit-ari eta Ipar Irlandako gobernu krisiari. Testua berrikustea beharrezkoa al da bi arrisku horiek eragozteko?

Brexit-a eta bake akordioa bateraezinak dira. Ez dugu aukerarik ikusten brexit-ean, hondamendi bat da. Erresuma Batuak ez daki zer nahi duen, dakien bakarra da zer ez duen nahi. Baina, akordioari dagokionez, inork ez luke aldaketarik proposatu behar. Herritarren hautu demokratikoaren aurkakoa litzateke. Gainera, akordioak dio ezin dela aldaketa konstituzionalik egin Irlanda iparraldeko herritarren baimenik gabe. Guk ez genion baiezkoa eman brexit-ari. Beraz, bake akordioa babestea dagokigu. Eta lan horretan ari gara Europan ere, beste eurodiputatuekin, euskal herritarrekin adibidez. Ezinezkoa da Irlandako Errepublika eta Erresuma Batua Europako erakunde berberetan ez egotea, Irlanda iparraldea Erresuma Batuaren parte baldin bada. Hori gertatuko da brexit-arekin.

Zure alderdiak, Sinn Feinek, esan du Irlanda batzeko erreferenduma egin nahi duela bost urte igaro baino lehen. Hainbatetan adierazi duzue nahi hori, Martin McGuinnessek 2016an, adibidez. Oraingoan posible da? Ez al da goizegi, brexit-aren eragina zein den jakin arte itxaron beharrean?

Ez da goizegi. Bake akordioa duela hogei urte sinatu zen, eta oraindik ez da halako erreferendumik egin. Bost urteko prozesua abiatu da jada. Lanean izan gara urtebetez gai horren inguruan, eta joan den urtean inkesta bat egin zen, iradokitzen zuena lehenengo aldiz Irlanda iparraldeko gehiengoa legokeela irla batzearen alde eta Europako Batasunean geratzearen alde. Prozesu bat izango da. Brexit-a guztiz gauzatuko da hemendik bi urtera, trantsizio epea kontuan harturik; beraz, tarte horretan uste dut erreferendumerako deia egina izan behar dugula. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Europar Kontseiluak iazko apirilean adierazi zuen Ipar Irlanda EBra itzuliko zela Irlandako Errepublikarekin elkartuz gero.

Bai, eta hori baliatu behar dugu. Herritarrak aukera horretaz jakitun dira.

Europako Parlamentuko diputatua zara. Zer-nolako lana egin du ganberak mugaren auziaren inguruan?

Europako Parlamentuak hainbat ebazpen onartu ditu Irlandako mugaren inguruan, betiere egungo egoera babestea helburu. Negoziazioak aurreratu ahala, errealitate horretara moldatu gara. Kontuan hartu behar da milioika herritarren ordezkariak garela. Adibidez, lehen ebazpenean adierazi genuen beharrezkoa dela Ostiral Santuko Akordioa babestea eta muga gogorrik ez izatea brexit-a gauzatzean. Ondoren, adierazi genuen Irlanda iparraldeak aduana batasunean eta merkatu bakarrean geratu behar zuela; ostera, Bruselaren irtenbidea aplikatu behar zela negoziazioen bigarren fasea baino lehen. Eta beste hainbat adibide ditugu. Europako Parlamentuak ulertu du beharrezkoa dela bake akordioa defendatzea, eta, ondorioz, Irlanda iparraldeko eskubide soziopolitikoak.

Erakunde gisa, uste duzu Europako Parlamentuak eta, beraz, eurodiputatuok ere behar adina pisu duzuela negoziazioetan eta hizketetako emaitzan?

Estatu kideetako parlamentuek bezala, guk ere bozkatuko dugu akordioaren inguruan, eta beto eskubidea dugu. Azkenak izango gara bozkatzen, gainera. Eraginik dugun ala ez, askoren interesak daude jokoan negoziazioetan; ni, gutxienez, saiatzen naiz ahalik eta pertsona gehienengan eragina izaten, nazioartean adostasun zabala lortu zuen akordioa defendatzeko eta brexit-ak eraginik izan ez dezan Irlandan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.