Albistea entzun

Katalunia. Elkarrizketa. Blanca Bragulat. Eskubide Zibilen Elkarte Katalaneko kidea

«Sanchezekin orain duguna hitz politak baino ez dira»

Jordi Turullen emaztea da Bragulat. «Izugarri pozik» dago gose greba bukatu dutelako, baina ez da Espainiako Gobernuaren jarreraz fio. «Oso gauza kontraesanezkoak ikusten ditut».
ALBERTO ESTEVEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ralf Streck -

2018ko abenduak 21 - Bartzelona

Kataluniako lider independentista presoek gose greba bukatutzat eman ondoren, «izugarri pozik» agertu da Blanca Bragulat. Jordi Turull Kataluniako Gobernuko Presidentetzako kontseilari ohiaren emaztea da, eta, beste presoen senideak bezala, Eskubide Zibilen Elkarte Katalaneko kidea da. Oraindik ez zuen Turullekin hitz egitea lortu BERRIAren galderei erantzun dienean.

Bezperan Kataluniako presidente izan diren guztiek adierazpena egin ondoren, espero zen gose grebaren bukaera iragarriko zutela.

Oso garrantzitsua izan da guretzat presidente guztiek, parlamentuak eta Generalitateak eskatu izana mesedez utz zezatela gose greba, protestak erantzuna izan duelako eta [Auzitegi] Konstituzionala ohartu delako. Generalitateko presidente guztiek eskatu izana garrantzitsua izan da guretzat, gehienbat horietako bi sozialistak direlako.

Distentsiorako keinu bat izan da?

Agian bai, ez dakit. Nik uste dut gehiago izan dela hemengo presidenteek eta hemengo jendeak egin duten distentsio keinu bat. Pentsatzen dut Montillak [Kataluniako presidente ohi sozialistak] Sanchezekin [Espainiako presidentearekin] hitz egingo zuela. Ez dut sinesten Pedro Sanchezek ez zekienik ezer adierazpen horren inguruan. Ikusiko dugu biharko [gaurko] eguna nola doan, Sanchezekin orain duguna hitz politak baino ez baitira. «Elkarrizketa, elkarrizketa, elkarrizketa» esaten dute, baina, elkarrizketa nahi badugu, guztiari buruz hitz egin behar dugu. Bestela, ez gara elkarrizketari buruz hitz egiten ari, haiei interesatzen zaizkien gauzei buruz bakarrik ari gara.

Epaiketa, dirudienez, urtarrilaren bukaeran hasiko da. Fiskaltzak azken unera arte alda dezake bere balorazioa. Estatuaren abokatuarekin egindako keinu txikiak ematen dizue itxaropenen bat?

Tira, fiskaltzak esan zuena esan ondoren, Estatuaren abokatuak esan zuen ondasun publikoak bidegabe erabili zirela eta sedizioa egon zela. Beraz, ez dakizu ziur Estatuaren abokatuak zer-nolako beharra zuen horretarako, beti hitz egiten aritu zirenean soilik ondasun publikoak bidegabe erabiltzeari buruz. Oso gauza kontraesanezkoak ikusten ditut.

Badirudi Pedro Sanchezek azkenaldian ildo gogorragoa hartu duela.

Nik hori ez dut ulertzen. PSOEk Espainiako hauteskundeak irabazi ditu Katalunian ere irabazi duenean. Horregatik, ezin dut ulertu orain egiten ari den diskurtso aldaketa hori, jende askok eman diezaioke-eta botoa PSOEri, Ciudadanos igotzeari edo Vox [kongresuan] sartzeari beldur diotelako. Independentistak ez diren familia asko ari da ikusten hau eskubide zibilen kontu bat dela. Horregatik uste dut PSOEk zertxobait lasaituko balu giroa hemen botoak berreskuratu ahalko lituzkeela.

Quim Torra Kataluniako presidenteak esan zuen epaiketak «inflexio puntu bat» izan behar duela.

Familiok etengabe ari gara esaten: zigortzen badituzte, berdin zaigu hogeita bost urterako izan beharrean hamabosterako izatea, ez baitute ezer egin. Kausa honek erori egin behar du. Denok espero dugu Europan eroriko dela, baina urte asko pasa litezke ordura arte.

Zigorrik balego, uste duzue orain arte mobilizatu ez den jendea mobilizatzeko aukera egongo dela?

Espero dut, gure seme-alaben etorkizuna baitugu jokoan. Zer herrialde mota utzi behar diegu? Jada ari gara atzera egiten. Edonork ezin izatea kantatu ez dakit zer kantu-hitz, edo erregeari buruz nahi duena esatea, jendeak ezin ahal izatea manifestaziorik egin. Nik ez dut horrelako herrialde bat nahi nire alabentzat. Gaizki pasatzen ari gara, baina ni Jordi eta besteez harro nago.

Presoen arteko harremana nolakoa da? Gose greba ez dute guztiek egin. Tirabiraren bat eragin al du horrek?

Ez dut uste; oso erabaki pertsonala zen. Batzuetan irudipena da tirabira gehiago daudela espetxetik kanpo, espetxe barnean baino.

Pedro Sanchezek esan zuen ez zirela gai ezta gose greba bat egiteko ados jartzeko.

Auzo lotsa eragin zidan horrek. Gobernu baten presidenteak ezin ditu halako komentarioak egin. Onartu ala ez, preso politikoak dituzu, eta horietako lauk gose greba egin dute. Oso serioa da, barruan egonda egin zezaketen ekintza bakarra izan da.

Nola gogoratzen duzu senarraren espetxeratzea?

Jordi oso konbentzituta zegoen berriz sartuko zutela espetxean. Kanpaina osoa egin zuten, eta osoko bilkurara deitu ondoren iritsi zitzaien [Auzitegi] Gorenera joateko zitazioa. Lehenengo debatea egin zuen, ez zuten presidente aukeratu, eta gogoan dut denok Madrilera joan ginela han atxikiko zituztela konbentzituta. Izan ere, Espainiako Gobernuak ikusi zuen berriz ere ari zirela antolatzen eta gobernu bat osatu zezaketela, eta horri eman zioten soluzioa izan zen denak berriz espetxeratzea. Prozesuaren buruan zeudenak kartzelan sartzea.

CUPek Turullen inbestiduraren aurka bozkatu zuen.

Nik uste dut oker jokatu zutela, oso oker. Hauteskunde batzuk eginak genituen berriro, parean genuen Ciudadanosen diskurtsoa, eta gobernu bat osatzeko aukera genuen berriro. Azken finean, Generalitateko presidente bat ari ziren kartzelara bidaltzen. Nik uste dut oso ezberdina izanen zela egoera bestela jokatu balute.

Zer-nolako harremana du orain Turullek CUPekin?

Tira, badute harremana, elkar ikusi dute. Espetxera joan zaizkio bisitan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Errskate zerbitzuak Kherson eskualdeko bizilagunak ebakuatzen. ©GEORGE IVANCHENKO / EFE

Gutxienez bost pertsona hil dira presa suntsitzearen ondorioz

Jone Bastida Alzuru

Zelenskik salatu du Errusiak erasoak egiten jarraitzen duela erreskate lanetan ari diren bitartean. Nazio Batuen Erakundearen arabera, presa suntsitzearen ondoriozko kalteak areagotu egingo dira datozen orduetan.

Erasoa izan den parkearen irudia. / ©Google Streat

Gizon batek gutxienez lau ume eta heldu bat zauritu ditu labanaz Annecyn

Imanol Magro

Umeetako bi eta heldua larri daude, ospitalean. Frantziako Poliziak erasotzailea atxilotu du.

Mike Pence AEBetako presidenteorde ohia, iragan martxoan Washingtonen egindako agerraldi batean ©Jim Lo Scalzo / EFE

Mike Pence presidentegai: «Beste garai batzuek beste lidergo bat eskatzen dute»

Ander Perez Zala

AEBetako estatuburuorde ohiak iragarri du Alderdi Errepublikanoaren primarioetan lehiatuko dela. Urteotan Trumpengandik urrundu da, eta asko kritikatu du; batez ere, Kapitolioko erasoan izan zuen jarreragatik.

30 migratzaile baino gehiago, 'Nadir' gobernuz kanpoko erakundeko itsasontziak erreskatatu ostean, matzean, Lampedusan, Italian. ©Concetta Rizzo / EFE

Italiako kostazainek 1.400 bat migratzaile erreskatatu dituzte Itsaso Jonikoan

Mikel O. Iribar

Herenegun eta atzo egin zituzten operazioak, Frontexen laguntzarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...