Irene Montero. Espainiako Berdintasun ministroa

«Politika publikoek historikoki bizkarra eman diote zaintzari»

Berdintasun politiken premia azaleratu du pandemiak, eta, beraz, eztabaidagai ugari ditu Irene Monterok mahai gainean. Zaintza lanez ez ezik, emakumeen aurkako indarkeriaz, eta prostituzioaz eta haurdunaldi subrogatuaz ere mintzatu da.

J. DANAE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Madril
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Agenda betea du Irene Monterok (Madril, 1988), baina ordubete luzez hartu du BERRIA Espainiako Berdintasun Ministerioan. Urtarrilean hartu zuen kargua, eta handik bi hilera, pandemiak lehen lerroan jarri zuen mugimendu feministaren leloetako bat: Zaintza erdigunean. Aldarrikapen hori gauzatzeko politika publikoak abiatzeko konpromisoa du gobernuak, Monterok nabarmendu duenez.

PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak Berdintasun Ministerioa berreskuratu zuen, eta mugimendu feministak txalotu egin zuen. Euskal Herrian, ordea, eztabaida handia eragin du Emakunde Lehendakaritzatik atera eta sail batera eramateak. Zein da berdintasun organismoaren kokapenik egokiena?

Badago eztabaida bat: zer da eraginkorragoa zehar lerroa ezartzeko, berdintasun politikek berariazko sail bat edukitzea ala organo gorenaren pean egotea? Ez dago adostasunik formularik egokienaren inguruan, baina nazioarteko erakundeak bat datoz: berdintasun politika hobeak aplikatzen dira goi mailako mekanismo bat dagoenean. Emakunderen kasuan, ez dirudi aldaketa albiste ona denik, ereduari buruzko adostasun historiko bat hautsi delako elkarrizketarik gabe.

Pandemiak zaintzaren krisia azaleratu du. Martxoan eskolak itxi zirenetik irailera arte etxean egon dira haurrak, batez ere andreen zaintzapean. Abandonatuta geratu dira berriro emakumeak?

Gure kudeaketarekin autokritikoen naizen arloetako bat da: ez gara gai izan neurri nahikoak jartzeko. Egia da arazoa egiturazkoa dela, eta neurriak jarrita ere zaila zela zaintzari lotutako arazoak bat-batean konpontzea. Mugimendu feministak zioena berretsi du zaintza krisiak: denbora, aberastasuna eta zaintza banatzean datza feminismoa. Pandemiak azaleratu du politika publikoek historikoki bizkarra eman diotela zaintzari, naturalizatuta zegoelako emakumeen egitekoa zela. Politika publiko egiturazkoak behar dira zaintzan, sozialki eta kolektiboki arduratzeko. Martxoan abiatu genuen MeCuida plana historikoa da, baina ez da nahikoa izan.

Zaintzaren auzia egiturazkoa dela esan duzu, eta, hain justu, feminismoaren aspirazioa da egitura horiek eraldatzea. Bide luzea da, baina zein neurri zehatz hartu daiteke orain?

Batetik, lan merkatuari erreparatu behar zaio, egiturazko gabeziek genero inpaktu handia dutelako: prekaritate, behin-behinekotasun eta partzialtasun tasa handiak ditugu, eta feminizatutako lanei balio txikiagoa ematen zaie. Ardatz horiek jorratzen ari gara Lan Ministerioarekin batera, adibidez, soldata arrakalarekin lotuta. Era berean, aitortza egin behar zaie historikoki ahaztuak izan diren sektoreei, hala nola etxeko langileei. Baina lan eremutik kanpokoaz ere arduratu behar dugu, eta hor gure bizimoduak aldatzeaz ari gara: zenbat ordu eskaintzen dizkiogun lisatzeari, kozinatzeari, haurren edo adinekoen zaintzari edo aisialdiari. Denboraren erabilera oso gaizki banatuta dago: andreek gehiegizko zama dute, eta arrazializatuek edota pobreek aukera gutxiago dute erabakitzeko. Aztertzen ari gara zer politika abiatu emakumeentzat denbora libratzeko.

Lanaldia laburtuz, adibidez?

Aldarrikapen klasiko bat da. Gobernu akordioan, eztabaida hori atzeratu genuen, baina iritsiko da.

Zaintzaren krisiak beste eztabaida bat ireki du, zahar etxeen ereduaz. Eskumena erkidegoena eta diputazioena da, baina zure ustez, nolakoa behar luke?

Uste dut etxeko arretan oinarritutako eredu baterantz jo behar dugula: pertsonak izan behar du esku hartzearen funtsa, eta horren arabera antolatu eta koordinatu behar dira baliabideak. Egoitzek hor jarraituko dute, eta batzuetan aukera onena izango dira, baina trantsizio hori abiatu behar dugu. Halere, pandemiak demostratu du pribatizazioek ez dutela ekarri efizientzia ekonomiko handiagorik, eta ez dutela ahalbidetu oinarrizko giza eskubideak bermatzea. Estatu mailako zaintza sistema baterantz jo behar dugu, deszentralizatua eta publikoa. Andreok oso ondo baitakigu eremu publikoa txikitzen denean gure gorputzek egiten dutela publikoak egiten ez duena. Eta gorputzez ari naiz: eskuez, bizkarreko minaz eta lo orduez.

Etxeko arretara lehenesteak ez al du ekarriko zaintzek emakumeen gain jarraitzea?

Zaintzari lotutako lan asko feminizatuta daude: askotan modu informalean eta eskubide urraketa handiekin, baina enpleguak direnean ere, baldintza prekarioak dauzkate. Beraz, bai, zaintza lanak emakumeen gain erortzen dira, eta eztabaida horren paraleloan doa beste bat: zer eredu nahi dugun mendekotasuna dutenen arretarako. Etxeko arretak ez du zertan andreen gain erori modu ez-profesionalizatu eta prekarizatu batean, baina horretarako, inbertsio eta baliabide publiko gehiago jarri behar dira.

Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak itxita daude erasotzaileekin; konfinamendu garaian ez ezik, gerora ere etxean bakartzeko deia egin da. Zein egoeratan daude andre horiek?

Alarma egoera ezarri eta berehala, funtsezko zerbitzu izendatu genuen 016 telefonoa, 24 orduz erabilgarri egon zedin, eta beste bide isil batzuk jarri genituen online edo telefonoz; eta bide isil horien erabilerak nabarmen gora egin zuen konfinamenduan. Gero, zoritxarrez, gauzatu egin dira aurreikusten genituen arrisku batzuk: itxialdian erasotzaileak biktimaren kontrola izan du une oro, baina konfinamendua arindu ahala, kontrola galtzearen sentipenak indarkeria areagotu egin duela ikusi dugu.

Eta zer ari zarete egiten?

Lan handia egiten ari gara indarkeria matxisten aurkako eta askatasun sexuala bermatzeko legeetan. Paradigma aldaketa bat ekarriko dute, ez soilik zigor kodea aldatzeagatik, baizik eta erdigunean jarriko delako onespena, indarkeria mota guztiak aitortuko direlako, arreta mekanismoak hedatuko direlako eta erreparazioaren ardatza txertatuko delako; ez da nahikoa andreak artatzearekin, alternatibak ere eman behar zaizkie etxebizitzan, eremu ekonomikoan... Hor inbertsio ekonomiko bat egin behar da, eta hala jaso da aurrekontuetan.

Nola definituko duzue onespena legez?

Modu asko daude onespena eta gozamena adierazteko, eta ez dute zertan hitzezkoak izan. Legeak emakumeen borondatea jarriko du erdigunean, horren arabera ebazteko sexu harreman baimendua izan den ala eraso bat.

Kezka eragin du haurrak babesteko lege proiektuan gurasoen alienazioaren sindromea (GAS) ez debekatu izanak. Presiorik egingo duzue debekua jaso dadin?

Dagoeneko akordioa itxita dago Bigarren Presidenteordetzarekin, eta parlamentuko tramiteetan txertatuko da GASaren debekua: ez du inolako babes zientifikorik, eta abusu eta indarkeria larrien kasuan erabiltzen da haurrak berriz biktimizatzeko. Hor badago beste paradigma aldaketa bat: umeak eskubideen subjektutzat hartzea; entzunak izan behar dira, beren adinaren edo garapenaren arabera, eta haien hitzei balioa eman behar zaie, eta horrek eskatzen du umeekin lan egiten dutenak trebatzea, begirada alda dezaten.

Udan gutun bat bidali zenuen erkidegoetara, prostituzio etxeak itxi zitzaten eta prostitutentzat etxebizitza baliabideak jar zitzaten. Halakorik egin al dute?

Erkidego batzuek, bai. Gutunaren aurretik, halere, beste lan bat egin genuen: konfinamenduan prostituzio etxeak itxi zirenez, genero indarkeriaren biktimentzako neurriak zabaldu genizkien prostituzio egoeran zeudenei eta salerosketaren edo sexu esplotazioaren biktima zirenei. Instituzioetatik oso urrun bizi dira andre horiek, baina lehen aldiz martxan jarri genuen haiek identifikatzeko mekanismo bat, helburu sozioasistentzialekin, eta sistema polizial eta judizialetik kanpo, gizarte zerbitzuak erabil zitzaten.

Lehen urrats horrek beste neurririk ekarriko al du?

Ministerioan uste dugu sexu esplotazioa emakumeen aurkako indarkeria mota bat dela. Datu gutxi dugu prostituzioaz, baina badakigu errealitate iraunkorra dela, eta Berdintasun Ministerio batek ezin dio bizkarra eman. Bi lehentasun jarri ditugu: bat, proxeneten industria zigorrik gabea izatea amaitzea, gure zigor kodeak ezin duelako delitu horien aurka egin praktikan; eta bi, andreen eskubideak bermatzeko neurriak hartzea—adibidez, sexu esplotazioa jasan dutenentzako enplegu plan bat lantzen ari gara—, lehen ildo hori ez baita baliagarria izango andreak egoera kalteberago batean geratzen badira. Hori esatea erraza da; egitea, ez hainbeste. Badakigu asko geratzen dela, baina garrantzitsua da bidea ireki izana.

Sexu eta ugalketa eskubideen legean, haurdunaldi subrogatua debekatzeko asmoa agertu duzue, baina legez kanpokoa da jada. Zein da berritasuna?

Legezkoa ez den praktika baten publizitatea egiten ari dira enpresa batzuk, eta hori moztu nahi dugu. Gainera, legean adieraziko dugu jardun hori ugalketa esplotazioa dela, andreen aurkako indarkeria mota bat, eta, hala, bidea ireki bortxa hori ez dadin gauzatu beste herri batzuetan.

Hala ere, atzerrira jotzen dutenek badute haurrak inskribatzeko eskubidea. Konponbiderik gabeko auzi bat da hori?

Oso zuhur jokatu nahi dut neurri eta formula zehatzez hitz egitean, adosteke daudelako. Baina agerikoa da neurri horiek ezin dituztela umeak babesgabe utzi.

Trans legeak eztabaida gogorra eragin du feminismoaren sektore batzuetan. Zer asmo duzue?

Erreparazioa zor zaio historikoki eskubideak urratu zaizkion kolektibo horri. Baina legeak oraindik ez du testurik; asteon abiatu dugu kontsulta publikoa. Gure proposamena da nazioarteko legedia eta Espainiako jurisprudentzia betetzea: OMEk dio transexualitatea ez dela patologia bat, eta auzitegiek diote genero identitatea funtsezkoa dela duintasunerako eskubidea bermatzeko. Beraz, gure araudia egokitu behar dugu: ezin zaio psikiatra baten txostena eskatu erregistroan izena edo sexua aldatu nahi duen pertsona bati. Enpatiaz pentsatzen badugu zer ondorio dakarren transen bizitzetan hori ukatzeak, ikusten dugu premiazkoa dela haien eskubideak legez jasotzea.

Euskal Herrian, gatazka feministarik luzeenetako bat da Irungo eta Hondarribiko alardeena. Berdintasun ministroak ba al daki andreek ezin dutela berdintasunez parte hartu jai horietan?

Bai, eta aitortza zintzoa egin behar zaie andre eta gizon horiei. Euskaditik kanpo denok ezagutu beharko genuke haien borroka, oso lotuta baitago emakumeok espazio publikoa okupatzea erabakitzearekin, eta gure historiaren eta tradizioen parte izatearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.