HILBERRIA. Jessye Norman

Herriko elizatik munduko areto handienetara

Ainhoa Sarasola.
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Augustan (Georgia, AEB) sortu zen Jessye Mae Norman, 1945. urtean, beltzen aurkako segregazio garai betean. Elizan izan zuen lehen harremana musikarekin, hara joaten baitzen aitarekin —abesbatza batean kantatzen zuen—, amarekin eta amonarekin —pianistak biak ere—. Handik urte batzuetara, bere ibilbide luzearen lehen urteetan, operan rol nagusiak kantatzen zituen soprano beltz bakarrenetako bat izatera iritsi zen, baita mundu osoko antzoki garrantzitsuenetan abestera ere. Atzo hil zen Norman, 74 urterekin, New Yorkeko erietxe batean, bizkar muinean 2015ean izandako lesio bat konplikatu izanaren ondorioz.

Washingtongo Howard Unibertsitatean ikasteko beka bat lortu zuen Normanek gaztetan, eta, handik, Michigango Unibertsitateko Peabody kontserbatoriora jo zuen, ikasten jarraitzeko. Debuta egiteko ordua, berriz, 1969an iritsi zitzaion: Wagnerren Tannhauser opera kantatu zuen, Berlinen. Eta, handik, nazioarteko oholtza nagusietara igaro zen, Milango Scalatik New Yorkeko Metropolitan Operara —80 titulutik gora abestu zituen azken horretan, 1983. urtean Berliozen Troiatarrak obrarekin debutatu zuenetik—. Askotariko rolak jokatu zituen sopranoak bere ibilbide luzean. Eta estiloekin ere esperimentatu zuen, Duke Ellingtonen nahiz jazzeko beste hainbat figura handiren musikari bere ahots kolorea jarriz.

Joan den mendeko bigarren erdiko abeslari lirikorik estimatuenetako bat da, eta hainbatetan jaso zuen aitortza. Besteak beste, lau Grammy sari irabazi zituen —hamabost aldiz egon zen izendatua—, eta AEBetako Arteen Domina ere eman zioten. Mundu osoan lortutako ospeak eta arrakastak, baina, ez zioten sorterria ahantzarazi, eta Augustan baliabiderik gabeko gazteentzako arte eskola bat zabaldu zuen 2003. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.