Jokin Goikoetxea. DAZNeko esataria

«Emanaldia entretenigarria egiten saiatzen naiz beti»

Realaren eta Osasunaren Espainiako Ligako partidetan euskaraz aritzen da esatari Goikoetxea, ordainpeko DAZN katean. «Sare sozialetan interakzioa lortzen saiatzen naiz».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Jokin Goikoetxea (Tolosa, Gipuzkoa, 1982) aurreneko aldiz ari da futbol partidetan esatari.

Nola sortu zaizu DAZN katean esatari aritzeko aukera?

Bartzelonan bizi izan naiz, eta DAZN katekoak jende bila ari ziren. Bartzelonako Euskal Etxean iragarki bat jarri zuten, eta han zen lagun batek komentatu zidan agian interesatuko zitzaidala. Hautaproba batzuk egin zizkidaten, eta halaxe hasi nintzen.

Orain arte ez zara futbol partidetan esatari aritu. Baina gaia gogoko zenuen, ezta?

Lagun artean futbol esatari izango bagina bezala aritzen ginen tarteka, eta audioak bidali ere bai. Azkenean, txorakeria handi bilakatu da.

Osasuna ala Reala. Nola egokitzen zaizu bata ala bestea?

Julen Axpek Athleticeko partidak egiten ditu, eta nik beti Realarenak. Osasunarenak erdi bana egiten ditugu.

Euskara entzuten da, behintzat, DAZN katean. Eta ez da gutxi...

Bai, apustua egin zuten behintzat, eta ondo doala dirudi.

Nolakoak izaten dira emanaldiak Bartzelonan?

Mediapro ekoiztetxearen egoitzan aritzen gara. Estudio txiki pila bat dituzte han. Gol katekoak ere bertan egoten dira. Estudio txiki batzuk dira: bakoitzak pantaila handi bat du, eta hor aritu behar izaten dugu, mikroarekin eta aurikularrekin. Hau da, telebistan ikusten ditugu partidak.

Ez zara beti draman murgiltzen. Umorea ere maite duzu emankizunetan, ezta?

Bai, saiatzen naiz emankizuna entretenigarria egiten. Niri entzutea gustatuko litzaidakeen partida egiten saiatzen naiz. Iruditzen zait futbolarekin batzuetan gehiegi dramatizatzen dela, eta saiatzen naiz drama puntu hori kentzen. Baina badakit jendeak sufritu ere egiten duela partidekin.

Futbolaz apartekoak diren gai batzuk aipatu izan dituzu: esate baterako, Almerian mutiletan edo nesketan aritzeko kontuekin aritu zinen.

Astean zehar pentsatzen aritzen naiz Realak jokatu behar duen tokiari buruzko zerbait. Almeriari dagokionez, Cabo de Gatako [Espainia] pasadizoak etorri zitzaizkidan burura. Emanaldia entretenigarria egiten saiatzen naiz, eta Interneteko sare sozialetan interakzioa lortzen.

Beste pasadizo bat izan zen Realak Vallecasen Rayoren aurka jokatu behar zuen egunean. Esan zenuen euskaldun batzuk Madrilera zihoazela, Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatu gabe. Esan al dizute zerbait?

Inguruan iruzkin batzuk egin zizkidaten. Batzuetan ez naiz konturatu ere egiten partidetan zer esaten dudan. Twitterren, adibidez, saiatzen naiz jendea erakartzen.

Eskertuko al zenuke feedback gehiago sare sozialetan?

Beti eskertzen da, bai, baina nahiko gustura nago orain artekoarekin. Jende askok oraindik ez daki DAZNen euskaraz entzun daitekeenik ere. Beldur pixka bat banuen Twitterren, baina jendearen erantzuna polita da.

Reala eta Osasuna txukun dabiltza Espainiako Ligan. Hori ere esker onekoa izango da, ezta?

Bai. Lehen denboraldia da niretzat, eta hasieratik sinatuko nuke denboraldia halakoa izatea. Osasunak Espainiako Kopako finalean sartzeko aukerak ditu, eta Reala Espainiako Ligako laugarren da. Nabari da interesa dagoela euskal taldeen inguruan.

Zein izan da orain arte emanaldietan gehien gustatu zaizun partida?

Realak Vallecasen eta Almerian jokatutakoak ondo egon ziren. Osasunakoen artean, Valladolidi 2-0 irabazi zionekoa.

Zein kirolari elkarrizketatukozenuke gustura DAZNen?

Sagardotegira joango nintzateke Joxe Mari Olasagastirekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.