Joxemari Iturralde. Idazlea

«Prozesua interesatzen zait: lagun minak nola etsaitu ziren»

Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga aspaldiko punta-puntako boxeolariak sinbolo gisa erabiliz, oraindik ere bi Euskal Herri kontrajarrita daudela erakusteko ahalegina egin du Iturraldek 'Perlak, kolpeak, musuak eta traizioak' nobelan, fikzioa eta errealitatea tentuz uztartuz.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Tolosa
2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Hollywoodeko izar batzuen amorantea izan zen Paulino Uzkudun errezildarra (1899-1985), eta Isidoro Gaztañaga ibartarrari (1905-1944) azala eskaini zion New York Times-ek: «Izzy Gaztañaga. New Yorkera iritsi da Brooklyngo zubia ukabilkada batez suntsi dezakeena». Joxemari Iturralderi (Tolosa, Gipuzkoa, 1951) ez zitzaion hainbeste interesatzen, ordea, bataren edo bestearen biografia kontatzea, «hori beste liburu batzuetan jasota baitago». Bien bizitzak baliatu ditu fikzioa osatzeko, Perlak, kolpeak, musuak eta traizioak nobela ontzeko (Pamiela), beste zerbait azaltzeko. Historia du erregai liburuak. Horregatik, tentuz ibili behar izan du idazterakoan, eta kontu batzuk goxatu ditu inor ez mintzeko.

Noizbait esan izan duzu zeure nobelen gai nagusia, modu batean edo bestean, Euskal Herria dela. Perlak, kolpeak, musuak eta traizioak eleberrian ere bi Euskal Herriren berri ematen duzu, Paulino Uzkudunen eta Isidoro Gaztañagaren bizitzak aitzakia moduan hartuta. Aspaldiko bi boxeolariren bizipenek zein gako eman ditzakete egungo egoera ulertzeko?

Argi dago egun ere bi Euskal Herri daudela. Antonio Machadok esaten zuen bi Espainia kontrajarri zeudela, eta, hemen, hauteskundeetan ikusi den moduan, bi Euskal Herrik kontrajarrita egoten jarraitzen dute. Nobela honek 60-80 urteko historia hartzen du, eta nolabaiteko bi Euskal Herri kontrajarri horiek Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañagak sinbolizatzen dituzte. Prozesua interesatzen zait: hasieran lagun min izandakoek nola amaitzen duten, bizitzaren gertaeren poderioz, gerra zibilarengatik, etsai porrokatu bilakatuta. Eboluzio hori liburura eramatea izan da nire asmoa.

Oraindik ere bi Euskal Herri kontrajarrita daudela diozu; are etsaituta, beharbada?

Etsaituta nahi baldin baduzu, bai. Horrela jarraitzen dugu, eta badirudi ez dela posible elkartze edo baketze hori.

Pertsona oso nobeleskoak izan ziren biak.

Bai, guztiz. Nobela bat egin dut, baina askok esan didate haiei buruzko pelikula bat ere egin daitekeela nobela honekin! Kontua da diru asko beharko litzatekeela horretarako... Eta medikua bera ere [eleberriko hirugarren protagonista, Ladis Goiti], garai bateko Parisko giroa ezagutu zuena-eta, hori ere oso nobeleskoa da.

Uzkudunen alde bat aski ezaguna da, eta ni saiatu naiz alde ilunago bat eramaten liburura, bere figura poliedrikoa osatze aldera. Ahalegindu naiz, era berean, Gaztañagaren berri ematen, jendeak ez baitu ezagutzen. Pertsona oso erakargarria zen: gizon segaila, handia, guapoa, atzetik lagun eta emakume pila bat erakartzen zituena. Bi pertsonaiak dira puntakoak. Bata osatu egin dut, nolabait, falta zen zati ilunago hori erantsiz, eta bestea, ezezaguna zenez, saiatu naiz argitara ateratzen.

Boxeoa, gainera, diziplina aproposa izan da zinemarako, eta baita literaturarako ere.

Boxeoak jende asko erakarri izan du. Aldi haietako batean, Uzkudun atera zenean Europako txapeldun, Donostian 40.000 pertsonak egin zioten harrera! Garai batean, puntaren puntaraino heldu ziren biak: dirua, fama, emakumeak, munduan zehar ibiltzeko aukera... Gero, denboraren poderioz, gerra pasatu, eta, irabazleek idazten dutenez historia, geratu zaigu Uzkudunen alde bat, ez osotua; bestea, galtzaile bat izan zenez, ahaztua izan da. Hor injustizia bat dago nolabait, eta saiatu naiz pixkat berdintzen, parekatzen.

Zenbateraino aprobetxatu nahi izan duzu boxeoak narraziorako eskaintzen duen indar hori?

Ez dut pisu gehiegi jarri nahi izan horretan. Haien arteko dinamika interesatu zait.

Dinamika ezin gorabeheratsuagoa.

Bai, eta tartean sartzen da giza faktorea: haien arteko inbidiak, haserreak... Ume txikien pareko tirabirak. Eta hori dena lotzeko—denbora asko pasatu nuen pentsatzen nola egituratu—, 25 emakume daude; kapitulu bakoitzak emakume baten izena du. Horrek ez du esan nahi kapitulu horretan emakume hori oso inportantea denik. Interesatzen zitzaidana zen bi pertsonaia famatuk zein harreman eduki zuten emakumeekin: nola erabili zituzten, nola tratatu zituzten, nola geratzen ziren batzuetan trapu zahar batzuk bezala.

Gehienetan, ezta?

Bai, gehienetan. Kontu egin ezazu herriko seme sinple samarrak zirela, nahi baduzu, biak, kultura batere gabekoak baina derrepentean munduaren gainera heltzen direnak, nolabait esateko.

Uzkudunen amoranteetako bati, behintzat, Tinari, leku gehiago eskaini diozu.

Leku gehiago egin diot pertsonaia historikoa delako, benetan existitu zelako; beste emakume batzuk, ordea, nik asmatu ditut. Leku gehiago egin niezaiokeen, gainera, ze bere bizitza benetan izan baitzen... Pertsonaia horrek indar handi-handia dauka; baita Rosamunde alemanak ere.

Ladis Goiti doktorea da eleberriko hirugarren protagonista: traizioa modurik gordinenean pairatzen duen pertsonaia eta, gainera, bien laguna zena.

Bai, hor dago gakoa, hor dago traizioa. Liburuaren bukaera gogor samarra da... Datu asko Tolosan bertan jaso ditut. Bai bata edo bai bestea ezagutu zuen edadeko jendea ezagutu dut... Gerra zibileko kontu asko ez dira inon azaltzen, entzuten, halako basakeriak gorde egiten baitira. Liburuaren hasieran medikuaz kontatzen diren gauzak benetakoak dira: nola lagundu zion batari eta besteari eta nola bukatu zuen gero kartzelan-eta... Hor traizio handi bat dago. Liburuan traizio asko daude, baina, zuk esan duzun bezala, nagusienetakoa, nagusiena ez bada, hori da.

Liburuak errealitatetik bezainbeste dauka fikziotik. Ez zen, ez, erraza izango orekari eustea.

Hori izan da zailena. Bertsio asko egin ditut. Batzuetan, nahiz eta nik jakin gauza batzuk egia direla, liburuan susmo edo zurrumurru moduan jarri ditut, eta alderantziz. Irakurleari tarte bat utzi diot, bera saiatu dadin asmatzen zer den egia, noraino den egia. Izan ere, gauza batzuk, bereziki gerra zibilarekin lotutakoak-eta, ezin dira garbi eta gordin esan.

Iruditzen zaizu kontatutakoak gertatu ziren edo ez jakitea ez dela inportanteena. Jasotako gertaera batzuk ez dira, bada, ahazteko modukoak haien xelebretasunean edo gogortasunean...

Hor ikusi behar da gertaerak nola kontatu ditudan. Batzuetan, narratzaile bat dago hirugarren pertsonan, ni ez naizena, narratzailea dena, presentatzen dituena datu batzuk objektiboki. Beste gauza batzuk daude kontatuta pertsonaia batek besteari esanda, edo amets eginda, edo zurrumurru bezala... Maila diferenteak daude, eta saiatu naiz hori dena ondo egituratzen.

Literatur tekniketara joz.

Bai. Gauza diferentea da esatea, ezin baduzu frogatu, «zuk hau egin zenuen», edo esatea: «Amets bat izan nuen, eta han ikusten nuen zera gertatzen zela...».

Fikzioa eta errealitatea uztartuta, zertara bultzatu nahi izan duzu irakurlea?

Herri txikia gara, denok elkar ezagutzen dugu, familiak daude hor tartean; orduan, gauza batzuk ez dira oso erosoak kontatzeko. Zaila zen asmatzea nola aurkeztu gauzak, eta, tira, hori aukeratu dut, teknika literarioa erabiliz.

Ikerketa lan sakona egin duzu azken urteetan. Bi boxeolariei buruz entzun edo irakurri dituzunen artean, zerk lotzen ditu bi pertsonaiak?

Adiskidetasun handi batek. Gero, nola jokatzen duen batek gerra garaian, eta besteak... Irakaspen bat izan beharko litzateke hori, balizko irakurleak ikusi beharko lukeena: giza faktoreen prozesu horretan, harremanak-eta nola gaiztotzen diren, askotan huskeria batzuengatik, gainera. Irakurleak ikusiko du, agian, gerra zibila Uzkuduni oso ondo etorri zitzaiola. Aurretik, estraperlo asuntuarekin, epaiketa galdu zuen, joan beharra zeukan Madrilera hilabetean bi aldiz, diru zor pila bat zeuzkan... Beraz, gerra, soluzio gisa, zoragarri etorri zitzaion. Irabazleen alde egin zuen, baina aurretik adierazia zeukan apolitikoa zela, eta errepublikanoa zela esatera ere heldu zen. Datuak emanez, nolakoak izan ziren erakusten ahalegindu naiz.

Adiskidetasuna eta etsaitasuna banatzen dituen marra lausoa dela adierazi nahi izan al duzu?

Bai. Hasieran, egungo bi Euskal Herriei buruz komentatu dugunarekin lotuta dago, elkar ezin ikusi horrekin-eta. Ez al da posible pixkat gehiago inguratzea? Ematen du ezetz... «Baina zergatik? Nola hasi zen?», horri buruz ere hitz egiten da liburuan.

Obra oparoa osatu duzu azken 30 urteotan. Zer geratzen zaizu idazteko? Zer darabilzu buruan?

Gauza asko dauzkat oraindik buruan bueltaka. Beste proiektu batekin nenbilen honekin hasi nintzenean. Hamazazpi urterekin, idazten hasten zarenean, ezin duzu dena planifikatu organigrama handi batean egin beharrekoa adierazteko; gauzak beren kasa etortzen dira.

Nobela potolorik, behintzat, ez duzu egingo berriro.

Badakigu zein den literaturaren egoera, eta gazte jendea... Jesus Peñagarikano Ibarrako alkateak esan zidan lehengoan Dudular(Erein, 1983) eta Pic-nic zuen arbasoekin (Erein, 1985) oso trinkoak zirela, oso zailak. Orain saiatzen naiz, nahiz eta istorioak konplikatuak izan, modu errazago batean ematen, jendearengana hurbiltzeko. Institutuko irakasle izan naiz ia 40 urtez, eta jarraitzen dut nire liburuei buruzko hitzaldiak-eta ematen Euskal Herri osoan. Badakit, barru-barrutik, zein den egoera, zer sentitzen duten gazteek literaturarekiko, eta pentsatzen dut idazle eta kritikari asko oso galduta dabiltzala ez dutelako errealitate penagarri hori barrutik ezagutzen. Gauzak aldatu egin dira, eta gazteek dauzkate hainbeste makina eta traste, sakelakoak, Internet, hau eta bestea. Irakurtzeak lana eskatzen du; gaur egun, errazkeriara jotzeko joera dabil nagusi. Orduan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.