Donostiako 69. Zinemaldia. Perlak. KRITIKA

Nahastuta

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Red Rocket'

Zuzendaria: Sean Baker. Herrialdea: AEB.Iraupena: 130 minutu.

NSYNC taldearen Bye bye bye kanta eta zoom azkarra ubelduz jositako gizonaren aurpegira. Horrela hasiko dugu Mikeyren ibilbidea. Jaioterrira itzuliko da Mikey, Texas City-ra. Porno izarra izandakoa da, eta 17 urtez industrian lan egin ondoren bere emaztearen etxera itzuliko da: dirurik gabe eta lo egiteko lekurik gabe. Mikey lotsagabe bat da, nartzisista bat, eta inguruan duen jendea erabiltzen du bere onurarako. Horrela, ahal duena egiten hasiko da dirua bildu eta Kaliforniara itzultzeko, bere ibilbidea berreskuratzeko asmoz.

Trumpen Amerika erakutsiko digu Sean Baker zinemagileak Red Rocket-en. Herrialdea handia egingo duten horiena. Porno izar ohiaz gain, droga arazoak dituen eta bizirik irauteko prostituitu egin behar den haren emaztea erakutsiko digu, marihuana negozioa duen familia bat, eta banderatxo estatubatuarrak saltzeko gerra beteranoz janzten den gaztea. Eta Strawberry: donuts denda batean lan egiten duen neska adingabea.

Gizarte estatubatuarraren erretratu bat egin nahi izan du Bakerrek, baina amets amerikarrak ahaztuta utzi dituen herritarrena. Komedia eran egin duen erretratu bat da, eta zenbaitetan nahastuta utzi nau: ez dakit pertsonaiez barrez ari zen, edo egoera horretara bultzatzen dituen sistemari kritika bat egiten ari zen. Protagonistak ia zigorrik jaso gabe nahi duena lortzeak, adingabe batekin izaten duen maitasun istorioa komedia erromantiko gisa kontatuta egoteak, eta pertsona nazkagarri bat izan arren ikuslearengan sinpatia eragiteak are gehiago nahastu nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.