Katalina, berriz Iruñean

Katalina Foixkoa izena paratuko diote Iruñeko Armadaren etorbideari martxotik aurrera. Nafarroako konkista aurreko azkenengo erregina izan zen, eta, gaztelauen konkistaren ondorioz, erbesteratu behar izan zuen. Historialariek diote nahita ahantzi dela haren izena.

Iker Tubia.
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Historia irabazleek idazten dute, eta kale izendegia, hauteskundeak irabazten dituztenek. Nahita ahantzitako pertsonaia da Katalina Foixkoa (1468-1517), Nafarroako erresuma osoko azkenengo erregina. Hala uste dute historialari askok. 1512an, Nafarroa Garaia atzean utzi behar izan zuen, Errando Katolikoak lur haiek konkistatu baitzituen. Iruñean ehortz zezaten nahi zuen, baina oraino Okzitanian dago hilobiraturik. Nafarroako Katalina ez da Iruñera itzuli, baina haren oroimena bai. Martxotik aurrera hiriburuko kale nagusietako bati emanen dio izena: Armada etorbideari.

1470. urtean sortu zen Katalina, eta, 15 urterekin, bere eskutan geratu zen Nafarroako koroa. Foix, Bigorra, Ribagorza eta Biarnoko kondesa ere bazen. Urtebete geroago, Juan Albretekoarekin ezkondu zen, Frantziako erregeak proposatutako ezkongaietako batekin. Nafarroan gerra zibila pizturik zen Katalinak agintea eskuratu zuenean (1450-1494), eta, hori dela eta, 1493. urtera arte kanpotik agindu zuen erresuman. 1494ko urtarrilaren 12an egin zuten koroatze ekitaldia Iruñeko katedralean.

Aitor Pescador historialariak Nafarroako Katalina I.ari buruzko hitzaldia eman zuen joan den hilabetean. Azaldu duenez, erresuma modernizatzen saiatu zen, eta Nafarroa independente izateko borrokatu zen azken hatsa eman arte: «Zubi lana egitea zegokion: Erdi Aroko estatu bat zena, XVI. mendeko estatu bilakatzeko». Baina konkistak moztu zuen bide hori. Joseba Asiron historialari eta Iruñeko alkateak ere Katalinaren irudia goratu du: «Pertsona kultua eta adimentsua zen, bere ama eta amona bezala. Jon Oriak zioen haiek izan zirela lehen emakume modernoak».

«Benetako justizia» ezarri zen Nafarroan Katalinarekin. Hala uste du Pescadorrek. Agaramontar eta beaumontarren arteko liskarrek bertan behera utziak zituzten egitura administratibo, politiko eta ekonomikoak. Aginte zaila izan zuen, dena den. «Erresuma orekatu, benetako justizia aplikatu eta Nafarroako Gorteek iritsi berri zen agintariarengan konfiantza izatea lortu behar zuen. Argi-ilun guziekin, Juanek eta Katalinak bakea berreskuratzea lortu zuten, eta erresumaren modernizazioari ekin zioten». Ezin ahantzi Europa menperatu nahi zuten bi potentzia handiren artean zela Nafarroa: Gaztela eta Frantzia. Haien presioak etengabekoak izan ziren agintaldi osoan.

1507an hasi zen Katalina egiazki boterea erabiltzen, beaumontarren aldeko Leringo kondea Nafarroatik bota zutenean. Ordutik aurrera, gerran galdutako ondasunak berreskuratzen saiatu ziren Nafarroako errege-erreginak. «Hori izan zen subirano gisa indartzeko oinarria». Ondoren, egitura administratiboak berreskuratu zituzten: Errege Kontseilua sortu zuten, Kontu Ganbera berregin, eta urtero Gorteetara deitu zuten.

Kultura alorra goraipatu du Asironek. Gogorarazi du inprenta eraman zuela Nafarroara, «oso-oso goiz», asmatu eta 50 urtera. «Garai horretan Iruñean ere bazegoen gramatika eskola bat, geroko unibertsitateen aitzindaria». Konkistaren ondotik, kanoi fabrika bihurtu zen inprenta. «Iruñeari ibilbide kultua eta Errenazimenturako bilakaera moztu zioten». Ondorengoek bide horri jarraitu zioten Nafarroa Beherean. Joana III.aren garaian, mendebaldeko Europako foku kultural «garrantzitsuenetako» bat izan zen hura, Pescadorren esanetan. «Han jaio zen Joanes Leizarragaren Itun Berria, nazioko hizkuntzan: euskaraz».

Baina, 1512an dena eten zen. Konkista hasi eta berehala Biarnora (Okzitania) erbesteratu zen erregina, bere seme-alabekin batera. Haietako bat bidean hil zen. Pescadorrek azaldu duenez, gaztelauak Katalina atxikitzen saiatu ziren Orthezen. Juan III.a Erriberrira joan zen, erresuma defendatzeko soldaduak bildu nahian. «Erreginak une oro bere senarrarekin lan egin zuen erresuma askatzeko ahaleginean». 1512ko urri eta abendu artean egin zuten saiakera. Ez zuten lortu.

«Erbestea oso gogorra izan zen», dio historialariak. «Galdu bezain pronto, Europako potentzia guziak inbaditzailearen alde lerratu ziren». Frantziak ere albo batera utzi zuen Nafarroa, Gaztelarekin urtebeteko su-etena adosturik. Asironek azaldu du: «Nafarroak ez zuen armada profesionalik, eta, beraz, egin ahal izan zuen gauza bakarra hori zen: Nafarroa Beherera joan, eta defentsa antolatu». Errege-erreginekin batera, nafar anitzek utzi behar izan zuten haien lurra, batik bat, agaramontarrek. Haiek izanen ziren erresuma berreskuratzeko hiru saiakeretan parte hartu zutenak: 1512an, 1516an eta 1521ean.

Aldez edo moldez saiatu zen Katalina erresuma berreskuratzen, baina ez zuen lortu. Diplomaziaren bidea hartu zuen, Errando Katolikoarekin, aita sainduarekin, Frantziako errege-erreginekin, Karlos I.arekin... baina ez zuen funtzionatu. Nafarroako Katalina I.a 1517an hil zen, eta lau urte geroago, Henrike II.a bere semeak egin zuen azkeneko ahalegina, «ahalmen militar eskasarekin» Pescadorren esanetan.

Leskarreko (Okzitania) katedralean hobiratu zuten, behin-behinean, ez zegoen beste aukerarik, baina Katalinak argi utzi zuen 1504an idatzitako testamentuan: Iruñeko katedralean ehortz zezaten nahi zuen. 500 urte geroago, han jarraitzen du. Izan da Katalina Iruñera ekartzeko saiakerarik, dena den. Asironek esan duenez, Nafarroako Diputazioak ahalegina egin zuen joan den mendean, baita Biarnoko agintarien baimena lortu ere: «Hilobian gorpu batzuk topatu zituzten, baina garai hartan ez zegoen norenak ziren jakiteko modurik. Gaur egun zientifikoki ez legoke arazorik Katalinaren arrastoak identifikatzeko».

Izena da itzuliko dena

Oraingoz, haren arrastoek Okzitanian jarraituko dute, baina martxotik aurrera Katalinaren izena Iruñera itzuliko da. Asironen aburuz, merezitako omenaldia da etorbide handi bat eskaintzea. «Estatu izaeraren galera ordezkatzen du, non pertsona gehienak anonimoak diren eta sufrimendua ere bai. Uste dut, kasu honetan, oso ongi irudikatzen duela herri oso baten sufrimendua». Gainera, Katalina emakumea izatearen balioa ere nabarmendu du, baita Iruñean bizitzeko zuen gogoarena ere.

Pescadorrek ere aipatu du haren generoa: «Haren lana estatua zuzentzea zen, emakumeak bigarren planoan geratzen ziren garai batean». Ez zen itxura, benetan zuen boterea. «Gizonek gizonentzat kontatutako historian, Nafarroako erreginaren ahalmena eta erabakitasuna nabarmendu dira. Hori ez da esan haren senarrari buruz». Haren senarrak, hala ere, badu kale bat Iruñean.

Bi historialarien aburuz, Katalinaren historia ez da ezagutzen Euskal Herrian. «Ez da behar bezala ezagutzen gure historia zeharo bahitu digutelako», dio Asironek. «Bitxia da etsaiei nola egiten zaizkien bertakoei ukatzen zaizkien omenaldiak». Adibidez, Iruñean konkistaren inguruko monumentu bakarra Ignazio Loiolakoaren omenezkoa da. Pescador ere, alde: «Inbasioaren ondoren, konkistatzaileek Katalina desagerrarazi dute. Nafarroarekin loturarik ez zuen erregina frantses gisa agertu nahi izan dute, Errando Katolikoarekin kontrajartzeko». Independentzia galera ulertzeko, Katalinaren figura aldarrikatzea «ezinbestekotzat» du historialariak. Martxotik aurrera, erbestera eraman zuen armadari tokia kenduko dio Katalinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.