Literatura

Amets Herriko kronikak

«Komikigintzaren historiako egile gutxietsienetakoa»: hala definitu zuen Seth marrazkilariak Chris Reynolds galestarra, 2018an, ametsak ardatz dituzten lanen bilduma editatu zionean. Lanok frantsesez eta italieraz argitaratu zituzten iaz; gaztelaniaz orain.

Chris Reynoldsek gehien erabili duen pertsonaia Monitor da, aurpegia sekula erakusten ez duen mutil gazte bat. BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Chris Reynoldsek (Conwy, Gales, 1960) idazle izatea zuen amets. Eleberri bat izkiriatzen ere hasi zen, 14 urterekin; Time Off eman zion izena. Edward Newton zen istorio hartako protagonista nagusia: bulego batean lan egiten zuen mutil bat. «Fritz Langen Metropolis-en tankerako hiri bat arakatzea nuen asmoa». Bost urte eta hamaika pertsonaia eta egoera berri behar izan zituen testua bukatzeko, baina emaitza ez zitzaion ona iruditu.

Idazletzarekin pixka bat zapuztuta, Reynoldsek margolari izatea izan zuen amets gero, eta arte ederrak ikastera joan zen unibertsitatera. Han ezagutu zuen Paul Harvey, urteekin margolari ezaguna bihurtuko zena. Lagun egin ziren, eta komikigintzan sartu. «Irudi bat sortzea askoz errazagoa eta azkarragoa da. Irudia hain da benetakoa eta solidoa, ezen istorioaren anbiguotasun orori eusten dio, irakurleari aingura bat eskainiz; zuri beltzeko irudiek, batez ere». Pentsamendu horrekin hasi zen zen eraikitzen Reynolds bere mundu grafiko berezia.

Mauretania Comics fanzinea sortu zuen Harveyrekin batera, eta hori izan zuen plaza nagusia, 1986tik 1990era bitartean. Nerabezaroan hasitako Ametsn arrantzatu zituen bere istorio grafikoetarako pertsonaiak eta egoerak: «Testu hura komikietarako hazitegi bilakatu zen». Hiruzpalau urte lehenago, Mostyn Galleryn (Llandudno, Gales) ikusi zuen zuri-beltzeko argazkien erakusketak eman zion haziak ernetzeko ongarria: «Gales Iparraldeko kostaldean ezagutzen nituen paisaiak eta txokoak film-noir baten estiloan agertzen zituzten argazki haiek, eta ulertu nuen ez neukala inongo bazter exotikotara joan beharrik kontatu nahi nuena kontatzeko, nahikoa nuela inguruari begiratzeko nuen era aldatzearekin».

Reynoldsek bazituen bere Mundu Berria eraikitzeko zumeak, bada: testuak, zuriaren eta beltzaren arteko talka bortitzak eta behinola barrena astindu zioten paisaien oihartzunak. Emaitza: humanoek kontrolatzen ez duten Lur bat; tren, eraikin eta kale erdi hutsak; ikuslea ernegatzen duten egoera itxuraz lasaiak... Estralurtarren inbasioaren osteko mundua, amets giroan eraikia.

«Hasieratik, 1974tik beretik, zenbait toki eta ametsetako atmosferekiko sentitzen nuena gorde nahi nuen. Gozoegiak iruditzen zitzaizkidan sentimenduok, galtzen uzteko». Monitor gazte kaskoduna nabarmentzen da amets atopikoen erdigunean.

Mauretania Comics-eko hamsei zenbakietan argitaratu zituen bere alerik behinenak Reynoldsek, eta lehen eleberria eman ahal izan zuen lau urteren buruan: Mauretania (Penguin Books,1990). «Ordutik, Reynoldsen agerraldiak urriak eta oso tartekatuak izan dira. Benetan da lotsagarria», idatzi zuen 2005ean Sethek, iaz Angulemako Komiki Azokako Epaimahaiaren Sari berezia jaso zuen marrazkilari kanadarrak, The Comics Journal aldizkarian. «Chris Reynolds marrazkilari gutxietsiena izan da azken hogei urteotan. Artikulu hau irakurriko duten gehienek ez dute ezagutuko, eta horrek berak ematen dio neurria baieztapen horren benetakotasunari. Aktiboki marrazten aritu zen epe laburrean, lan corpus aberats bat sortu zuen», erantsi zuen Sethek, Kingly Books argitaletxeak Reynoldsen lanekin liburu bat argitaratu berritan. The Dial and Other Stories (Diala eta Beste Istorio Batzuk, 2004) zen liburu hori.

Miresle eta editore

Seth da, zalantzarik gabe, Reynoldsen lana gehien goratu eta ezagutarazi duena, haren lanen bilduma editatu eta diseinatzeraino: The New World (Mundu Berria, New York Review Comics, 2018). Hor bildu zituen galestarraren aurreko bi liburuak eta hainbat istorio labur. Edizio horretan, «komikigintzaren historiako kultuzko egile gutxietsienetako» gisa definitu zuen komikigile miretsia.

2019an, italieraz argitaratu zuten bilduma hori. Urte berean argitaratu zuen galestarrak orain arteko azken lana, italieraz eta alemanez: Scendere eta Seefestung deitu zuen, hurrenez hurren. Bere lehen lanak bezalaxe, horiek ere Sethek editatu zituen, baina ez fanzine moduan, tapa gogorrekin baizik.

Frantzian, Mauretania, une traversée (Mauretania, ibilbide bat) argitaratu zuen Tanibisek iaz, Reynoldsen lehenagoko hamabost istorio bilduz. Gaztelaniaz, Este era el lugar (Hau zen tokia, Libros Walden) argitaratu berri dute, komikilariaren 22 kontakizun grafikorekin eta Sethen prologoarekin.

Azken urteotan, Reynoldsek maiz agertu dio esker ona Sethi, bere komiki lanei balioa aitortzeko ametsa bete ahal izan duelako. Ez omen du lehen beste ametsik egiten, baina. «Eta amets egiten dudanean, orduko amets berak dira sarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.