Mikel Goenaga. EAren Gipuzkoako koordinatzailea

«Borondatea balego, azkar konponduko litzateke hau»

Barne gatazka dute oraintxe EAn, afiliatuen datu basearen eta alderdiko kuota ordaintzetik salbuetsita daudenen inguruan. Ildo kritikoak zuzendaritzaren gardentasunik eza salatu du.

JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Zarautz
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
«Harritu» egin zen Mikel Goenaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1966) EAren Gipuzkoako koordinatzailea asteartean bere ildoko bi kiderekin batera Donostian prentsaurrekoa ematera azaldu zenean, «hedabide asko» zeudelako aretoan. «Ni, behintzat, ez nago ohituta horretara». Ildo kritikoak Goenaga izendatu du elkarrizketa emateko. Barne krisian da EA.

Noiztik daude bi ildo EAn?

2015eko udal eta foru hauteskundeen aurretik. Eztabaida nagusia da nola antolatu behar den EH Bildu eta EAk nola egokitu behar duen han. EH Bilduren proiektuaz ez dago eztabaidarik.

EAren 2017ko ohiko biltzar nagusian bi ildo lehiatu ziren. Auzia orain piztu al da, afiliatuen datu basearekin kontuarekin?

Gu duela bi urtetik ari gara eskatzen gardentasuna, baina zuzendaritza honekin beti egon da iluntasuna datu basearen inguruan. Alderdiaren erabateko konfiantzarekin iritsi zen Pello Urizar idazkari nagusi postura, 2009an, baina konfiantza galtzen joan da.

Zuek aipatu duzue afiliatuen datuak ez ematea alderdia kontrolpean izateko modu bat dela.

Susmoek horretara garamatzate eta. Borondatea balego, bi edo hiru hilabetean konponduko litzateke kontu hau, azkar. Batzorde Nazionaleko kide guztioi dagokigu kontrol lan bat egitea afiliazioaren inguruan, jarraipen bat egitea: nor afiliatzen den, nola, zer ezaugarri dituen... Borondaterik ez badago, pentsatzen hasten zara atzean beste zerbait dagoela.

Zer ?

Susmoa besterik ez da, baina litekeena da aurretik datu base hori modu desegokian erabili izana, eta orain ere bide beretik joateko asmoa izatea. Gardentasuna eskatzen dugu guk, eta hori bermatzen da kontrola eta jarraipena egiteko eskumena daukagun guztiok datu horiek ikusita. Argi eta garbi gelditzen bada hor dagoena garbia dela, gardena dela, ez duela inolako arazorik..., gu geu izango gara lehenengoak esaten: «Egin ditzagun bihar bertan primarioak».

Zuzendaritzak ez dizue esan borondatea baduela datu horietarako sarbidea emateko zuei ere?

Datu batzuetara sartzeko, bai.

Zer datutara?

Izen-abizenak, tokiko administrazioa eta kuota ordaintzetik salbuetsita dauden ala ez jakitea.

Eta zer eskatzen duzue?

Afiliatuen kontrola eta jarraipena egin behar baldin badugu, jakin beharra dugu haien soslaia zein den. Eta salbuetsita badaude, horren atzean dauden arrazoiak jakitea, eta kuotaren ordainketa nondik egiten den jakitea ere bai; kontu korrontearen zenbaki guztia jakitea ez, baina ordainketaren jatorria norberarena ote den jakitea bai, beste toki batetik edo tokiko beste administrazio batetik ez datorrela ikusteko.

Agerraldian, susmoa agertu zenuten Bizkaian puztuta ote dagoen salbuetsien zerrenda.

Nagusiki, Bizkaian daude kuota ordaintzen ez duten afiliatu gehien. Egin da lanketa bat salbuetsita dauden horien inguruan, baina oker egin da, gure ustez, ez delako eskatzen estatutuetan eskatzen dena: pertsonalki kreditatzea. Adibidez, Zarautzen egin dugu aldaketa, eta orain jadanik ez dago kuota ordaintzetik salbuetsita dagoen inor; afiliatu guztiek ordaintzen dute kuota era batera edo bestera, eta besteak jarraitzaile figurara pasatu ditugu. Lanketa hori leku guztietan egin beharko litzateke, eta, hartara, primarioetarako baldintza egokiak izango dira, gardenak.

Baldintzak ez badira halakoak zuentzat, parte hartuko al duzue?

Baloratu egin beharko da. Argi dugu primarioak ez badira gardenak, auzitegietara joango garela.

Noiz jakingo duzue gardenak izango diren ala ez? Ostiraleko ezohiko batzar nazionalean bai?

Batzarreko deialdiko puntu bakarrra oso sui generis da: jartzen du primarioen egoeraz azalpena emango dela eta neurriak hartuko direla. Gure iritziz, batzar nazional batek neurriak hartu behar baditu, deialdian jarri beharko da zer neurri proposatzen diren edo zer egin nahi den. Ezin duguna da batzarrera agertu inolako proposamenik gabe, eta saltsa horretatik zerbait egokia eta txukuna atera nahi izatea. Logikoena litzateke aurrez Batzorde Nazionalean lantzea zer nahi den planteatu.

Zein izango da zuen ildoaren proposamena batzarrean?

Guk Joseba Gezuraga jarduneko idazkari nagusiari esana diogu guretzat hiru giltzarri daudela: Batzorde Nazionaleko kide guztiok datu basera sarbidea edukitzea; salbuetsien kasuak zuzentzea, alderdiko estatutuetan jasota dagoen modura; eta, EAko Berme Batzordeak dioena aintzat hartuta, primarioetarako araudia moldatzea. Behin horiek eginda, aurrera egiteko baldintzak leudeke. Gezuragari aitortu genion hitz egiteko prest gaudela, ez gaudela jarrera itxi batean. Baina zer pasatu zen gero? Zuzendaritzaren bilera bat egin zutela gu gabe, eta ezohiko batzar nazionala deitzea erabaki zutela, neurriak hartzeko. Ikusiko. Garrantzia du ostiraleko hitzorduak, baina lehen ere izan ditugu hitzordu inportanteak. Gu saiatu gara barne mailan konpontzen kontu hau, baina bideak agortu ditugu jadanik. Horregatik atera gara publikoki orain. Jende batek aitortu digu bazela garaia.

Ostiralean adostasunik ez baldin badago, zer?

Esan genuen asteartean: auzitegietara jotzeko prest gaude.

Urizarri ekainaren 20an jakinarazi zenioten auzitara jotzeko asmoa zenutela. Nola?

Posta zertifikatu bidez.

Zergatik lotu dituzue zuen jakinarazpen hori eta haren dimisioa?

Handik lau egunera eman zuen dimisioa Pellok. Izan zuen aukerarik lehenago uzteko. Adibidez, dimisioaren berri eman baino 11 egun lehenago EAko batzar nazionala egin genuen. Guk uste dugu gure jakinarazpenak izan zuela eragina haren dimisioan; baina ez dakit hori izan zen ziorik garrantzitsuena.

Prozesua «gardena» bada, zuenildoak aurkeztuko al du idazkarigai nagusia?

Bai.

Zein?

Ez dugu oraindik hautagaia. Baina oso baleko jendea daukagu. Bi izen botatzearren, Maiorga Ramirez eta Iratxe Lopez de Aberasturi.

Irabazteko aukerarik bai?

Baietz uste dut.

EH Bildu barruan ikusten al duzue EA?

Bai, inolako dudarik gabe. Baina beste era batera. EH Bildu oso tresna baliagarria da EAren betiko helburuak lortzeko.

Nola «beste era batera»?

EAren 2017ko kongresuan txosten politikoan ados jarri ginen bi ildoak, baina geroztik barruan kudeaketa ez da behar bezalakoa izan. Garbi ikusten ari gara EH Bildun EAren pisua, ekarpena eta ikusgarritasuna galtzen ari garela. Gaur egun gure egitekoa EH Bildu barruan oso eskasa da. Ondorioz, EAko zuzendaritza taldea aldatu egin behar da.

Dimisioa eman ostean, Urizarrek BERRIAko elkarrizketan zioen EH Bildun indartsu daudela EAren betiko printzipioak.

Ados egon naiteke horretan. Baina nik uste herritarrek gaur egun EH Bildu beste talde edo esparru politiko batekin identifikatzen dutela gehienbat. EAren ikusgarritasun handiagoa behar dugu; garrantzitsua da hori.

EAk berak gizartera begira zenbaterainoko lana egiten du?

Autokritika egin behar dugu. Gipuzkoan ari gara saiatzen, parte hartzea-eta sustatzen, baina umezurtz sentitzen zara zeurealderdiko zuzendaritza nazionala ez baldin bada ari horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.