Konponbideari begira. 13/13 auzia

Akusazioak ukatu, eta egoera aintzat hartzeko eskatu dute auzipetuek

Euskal presoek bide juridikoak har ditzaten abokatuek egindako lana nabarmendu dute Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak. Epaiketa bukatuta, epaiaren zain gelditu dira 13/13 auziko auzipetuak

Abokatuak, herenegun, Espainiako Auzitegi Nazionalera sartzen. Ezkerretik lehena da Jose Mari Elosua; hirugarrena Ibon Altuna. Atzo mintzatu ziren biak. J. DANAE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Madril
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun

«Ez naiz ez Marxel ez Bixer; ukatu egiten dut». «Leporatzen zaizkidan Mik eta Anna ezizenak ez ditut sekula erabili». Horixe adierazi zuten atzo Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak, hurrenez hurren, Angela Murillo epailearen aitzinean ahoskaturiko azken hitzetan. Ezizen horien gainean eraikita daude 13/13 auziko bi auzipetuei egozten zaizkien akusazioak, eta leporatzen dizkieten guziak ukatu zituzten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Horren partez, testuinguru politikoari erreparatzeko deia egin zuten nola Zuluetak hala Enparantzak, eta abokatu gisa euskal presoen arteko eztabaidan laguntza eman zutela nabarmendu zuten. Hala adierazi zuen Zuluetak, erraterako: «Euskal presoen arteko eztabaida koordinatzen lagundu dut, kartzela legedia onartzearenean. Nire lana esan dizuedan hori baino ez da izan: juridikoki eta politikoki laguntzea. Eta uste dut merezi izan duela». Azpimarratu zuen, izan ere, «emaitza onak» ekarri dituela, «denentzat»: «Presoak dauden egoeran daude eztabaida hori ahalbidetu zelako».

Bi auzipetuen adierazpen horiekin bukatu zen atzo joan den uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatutako 13/13 auziko epaiketa, Madrilen. Prozesua aise luzeagoa izan da, ordea, auziak 2010eko apirilaren 14an egindako atxiloketak baititu abiapuntu. Sententziaren zain gelditu beharko dute orain auzipetuek, eta orduan ikusiko da azkenean ETAko «buru», «kide» eta «laguntzaile» izatea leporatzen dieten ala ez. Guztira 66 urteko espetxe zigorrak eskatuak ditu fiskalak sei auzipetuen aurka —zortzi ziren hasieran, baina Juan Mari Jauregi irailean zendu zen, eta Julen Zelarainen akusazioa erretiratu egin zuen fiskalak joan den astean—. Naia Zuriarrain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo dira bertzeak.

Zuluetak eta Enparantzak ETAk jarduera armatua utzi izanari egin zioten erreferentzia atzo testuinguru politikoa aipatzean, eta Zuluetak Urriaren 18ko Adierazpena ere aipatu zuen, Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek adierazpenaren izenaren beraren egunean irakurritakoa, uste baitu eragina izan beharko lukeela sententzian. Enparantzak salatu zuen, ordea, ez direla ari aintzat hartzen egoera politikoa: «ETAren jarduera eten eta hainbeste urtera, deitoragarria da gatazkaren ondorioei oraindik ikuspegi polizial eta judizial batetik ekitea».

Angela Murillo epaileak bi aldiz moztu zuen Enparantza, bertzeak bertze Jose Perals fiskalaren hitzak kritikatzen hasi zenean: «Hemen ez da politika egiten, justizia egiten da», erran zion. Enparantzak berriro ekin zion solasari, eta adierazi zuen «guztiz lekuz eta garaiz kanpo» dagoela fiskalak joan den astean errandakoa, hots, ETA ez dela «desagertu»: «Ezin da segitu esaten ETA oraindik existitzen dela: falazia bat da». Berriro moztu zion epaileak: «Horrek ez dizu axola».

2019an bukatu zen 11/13 epaiketako zigorra bete izanaz ere aritu zen Zulueta: haren aurkako akusazioak onartuta, hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egun egin zituen preso auzi horregatik —Enparantzak bi urte, zazpi hilabete eta hiru egun egin zituen—. Zuluetak zehaztu zuen, ordea, gizartearen onurarako onartu zituela akusazioak: «Akordio baten bidez egozten zitzaidana onartu nuen, testuinguru baten barruan, urratsak egin ahal izateko bizikidetzaren eta bakearen bidean». Zigor hori, gainera, bakartuta eta Euskal Herritik urrunduta bete zuela ohartarazi zuen: «Ez dezatela esan, beraz, kartzelan nengoen bitartean kidetza eten egin zela». Abokatuek salatua dute, izan ere, delitu beragatik bi aldiz zigortu nahi dituztela auzipetuak. Fiskalak dio, ordea, kartzelak «eten» bat dakarrela delituan, eta, beraz, delitua berriro egitea dela; ez delitu beragatik bi aldiz epaitzea.

«Susmoak» baino ez

Auzipetuak mintzatu aitzin, atzoko saioan Nerea Redondoren eta Saioa Agirreren abokatu Jose Mari Elosuak eta Ibon Altunak hartu zuten hitza, eta biek ala biek azpimarratu zuten ez dagoela frogarik auzipetuen aurka: absoluzioa eskatu zuten bientzat. Agirreri buruz, Altunak nabarmendu zuen haren aurkako froga bakarra torturapean jasotako deklarazioa dela; perituek sinesgarritasuna eman ziotela Agirreren tortura testigantzari; eta fiskalak ez duela horren aurka egin. Abokatuaren hitzetan, gainerako guzia ez dago frogatua: «Susmoetan oinarritua dago».

Redondoren eta irailean zendutako Juan Mari Jauregiren kasuan, Elosuak azaldu zuen akusazioak zortzi lerro baino ez dituela idatzi bi auzipetuen aurka —horietatik bi baino ez dira Redondori buruzkoak—, eta «baieztapen faltsuak» direla guztiak. Abokatuak ohartarazi zuen, halaber, fiskalak ez duela frogarik aurkeztu Redondoren aurka, eta frogak kontrako norabidean eskatu dituela, gainera. Izan ere, fiskalak Redondori leporatu zion ez zuela «justifikatu» nondik atera zuen atzeman zioten dirutza bat. Alta, fiskalak frogatu beharko luke hori, eta ez alderantziz. «Inkisizio froga bat» da hori, Elosuaren ustez, «errugabetasun presuntzioa» urratzen duena: «Zuzenbidearen aurkakoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.