Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Sendaketarako argia

2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2aren kontrako txertoak garatu direnetik, badirudi ahaztu egin dugula badaudela koronabirusaz jota hainbat gaixo larri, eta horiei nolabaiteko tratamendua eman behar zaiela, hobetzeko eta sendatzeko helburuarekin. Txertoen bilaketan gertatzen ari den moduan, botiken bilaketa horretan ere ehunka entsegu kliniko ezberdin daude ahalik eta botika eraginkorrena eta erosoena bilatzeko.

Hala ere, botika horiek lortzeko bide ezberdinak ari dira jarraitzen. Batzuk, birusaren erreplikazioa inhibitzeko gai dira; antibirikoak —birusaren kontrako botikak—, hain zuzen. Beste batzuek, aldiz, ez dute zuzenean birusaren aurka egiten, gaixotasun larriaren sintomen kontra baizik.

Lehenengo taldeko adibidea Remdesivir da. Sendagaien Europako Agentziak baldintzatutako onarpena eman zion antibiriko horri, pneumonia larria duten pazienteei eta oxigenoa behar dutenei eman ahal izateko. Nahiz eta bere eraginkortasuna nahikoa eskasa izan, paziente larrietan erabili daiteke, gutxi batzuetan hobekuntza ikusirik.

Bigarren taldeko botikek birusak sorrarazten duen neurrigabeko erantzun inflamatorioa kontrolatzen dute. Kasu horretan, gure gorputzeko hainbat zitokina esnatu egiten dira ezohiko modu batean, eta gure gorputzaren kontrako erasoa egiten dute. Entsegu kliniko ezberdinek lortu nahi dutena da zitokina horietariko bakoitzari eraso egitea, eta horrela neurrigabeko erantzun inflamatorio hori gutxitzea eta guztiz kontrolatzea.

Londresko Imperial College eta Herbehereetako Utrecht Unibertsitateko ikertzaile batzuek, oraingoz, preprint moduan dagoen lan batean aipatzen dute badaudela bi botika, Tocilizumab eta Sarilumab izenekoak, COVID-19 gaixotasun larria arintzeko gai direnak. Botika horiek immunosupresoreak dira, hau da, erantzun immunea moteldu egiten dute, eta hori da hain zuzen sistema immunea kontrolik gabe dagoenean nahi dena. Immunosupresore horiek ez dira berriak, izatez artritis erreumatoide gaixotasunean erabilgarriak dira, besteak beste.

Lan honetan ikusten dutena da batez ere Tocilizumab botikarekin tratatutako pazienteak astebete lehenago ateratzen direla zainketa intentsiboko unitatetik tratatu gabekoak baino. Pentsa daiteke astebete ez dela denbora asko, baina horrek osasun sistemaren presioa arinduko luke. Gainera, immunosupresore horrekin heriotza-tasa %8 gutxituko litzateke. Ez da ehuneko handia ere, baina hori da egun birusaren kontrako tratamenduei dagokienez dauden aurrerapen gutxienetariko bat.

Orain arte dagoen esperientzia eta lan honetan berretsi dena da immunosupresore horiek oso gaixo dauden pazienteetan erabili behar direla, eta, zainketa intentsiboetan sartzerakoan, lehenengo 24 orduetan eman behar direla beren eragina handitzeko.

Dena den, ez dugu pentsatu behar une honetan mirarizko botikarik dagoenik COVID-19a sendatzeko. Dudarik gabe, mirari hori lortzen dugun bitartean, ditugun botiken armategia erabili behar dugu, helburua gaixotasunaren larritasuna gutxitzea baita eta hildakoen kopurua jaistea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.