Kataluniako erreferenduma

Mariano Rajoy: «Garaiz zaudete kalte handiagoak eragozteko»

Espainiako presidenteak ohartarazi du «legearen urraketa bakoitzari» erantzungo diotela

Ehunka lagun bildu ziren atzo iluntzean Madrilgo Sol plazan, Kataluniaren autodeterminazio eskubidea defendatzeko. SANTI DONAIRE / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak urriaren 1eko erreferendumaren ustezko hamabost antolatzaile eta bultzatzaile atxilotu zituen atzo, Madrilen eta Bartzelonan, eta Mariano Rajoyk polizia operazioa, erasoa, defendatu zuen. «Herritarren askatasuna babesten dute eta legea errespetatua izan dadin zaindu». Espainiako Gobernuko presidenteak atzoko gertakariei buruzko adierazpen instituzionala egin zuen gauean Moncloan, eta berriro mehatxatu zuen Kataluniako Gobernua, ohartaraziz «legearen urraketa» bakoitzari «irmotasunez, zorroztasunez eta modu proportzionatuan erantzungo diola estatuak. «Zuzenbide estatuak ekin du eta hala jarraituko», nabarmenduzuen. «Garaiz zaudete kalte handiagoak eragozteko», adierazi zien Kataluniako Gobernuko kideei.

Rajoyrentzat, «botere publiko batek» legea desobeditzea «ekintza totalitarioa» da, «demokraziaren guztiz kontrakoa». Erreferendum Legea onartuta, Kataluniako Gobernuari leporatu zion lege guztiak «urratzea». «Atzeko atetik Espainiako Konstituzioa eta Kataluniako estatutua ezeztatzeko asmoa dute, horretarako nahikoa boto eduki gabe». Eta ondokoa gaineratu zuen: «Erregimen ez-demokratiko askok bozkatu dute legitimatzen ahalegintzeko». Espainiako presidentearen esanetan, ezin da bozkatu «legea ez betetzeko». Kataluniako Gobernuari esan zion hitz egiteko prest dagoela, baldin eta galdeketari uko egiten badio. «Ezinezko ameskeria bat baita erreferenduma».

Adierazpen instituzionala egin zuen unean, Madrilen, Sol Plazan, ehunka lagun zeuden bilduta, besteak beste 25S koordinakundeak eta Madrildarrak erabakitze eskubidearen alde plataformak—Madrilen, aurreko astean, erabakitze eskubidearen alde debekatutako manifestazioaren antolatzailea— deitutako mobilizazioan. Unidos Podemosek elkarretaratze jendetsura animatu zuen jendea. «Demokratok ezin dugu geldirik egon kargu politikoak politika egiteagatik atxilotzen dituzten bitartean», adierazi zuen Pablo Iglesias koalizioaren buruak —goizean esana zuen «lotsagarria» iruditzen zaiola Katalunian «preso politikoak» egotearen aukera—. «Erabakitze eskubideari bai, salbuespen egoerari ez» izan zen oihukatu zuten leloetako bat. Mobilizazioan parte hartu zuten Unidos Podemoseko ordezkari Pablo Echeniquek, Alberto Garzonek, Diego Cañamerok eta Iñigo Errejonek, besteak beste.

Ordu batzuk lehenago, goizean, PSOE eta Ciudadanos alderdietako liderren babesa jaso zuen atzo, «independentismoari aurre egiteko» bidean. Espainiako presidentea Ciudadanoseko Albert Rivera eta PSOEko Pedro Sanchezekin bildu zen atzo, azken operazio judizial eta polizialen berri emateko. Bi bilerek «Espainiako Konstituzioaren aldeko batasuna» mantentzeko balio izan dutela adierazi zioten Espainiako Gobernuko iturriek EFE albiste agentziari. Rajoy «gustura» geratu da Katalunian egiten ari diren operazioetan babesa eskaini dioten bi alderdiekin. Nahiz eta gobernuari babes osoa emateko Ciudadanosen proposamenari ezezkoa eman dion alderdi sozialistak, kongresuan.

Oso bestelakoa izan zen alderdi katalanen jarrera kongresuan. ERCko diputatu Gabriel Rufianek Rajoyri exijitu zion bere «esku zikinak» Kataluniako erakundeetatik ateratzeko: «Katalunian duguna eskubide zibilen aldeko borroka bat da». Rajoyk erantzun zion operazioa erabaki judizial batek agindu duela. Erantzunarekin batera, ordea, ERCko kideak parlamentutik irten ziren: «Gure lagunei elkartasuna adieraztera goaz».

Kataluniako presidente Carles Puigdemonten PDECat alderdiak ere hemizikloa utzi zuen. Bertan jarraitzea «planteatzen» ari direla azaldu zuen Carles Campuzano bozeramaileak. Alderdiak, baina,ez du erabakirik hartuko urriaren 1eko erreferenduma igaro arte.

Legeak, bertan behera

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi ditu Kataluniako Erreferendumerako eta Trantsiziorako legeak aurrera eramateko akordioak. Erabakiarekin batera, Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadell eta legeak tramiterako onartu zituzten parlamentuko mahaikideak fiskaltzaren aurrean salatuko ditu auzitegiak. Erabakia aho batez hartu dute magistratuek, «parlamentuaren zilegitasun demokratikoa Espainiako Konstituzioaren aurka» joan ezin dela argudiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.