Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Urak bare segitzen du

Batzar Nagusietan eta Bilboko udalean, EAJ da hautagai faboritoa; lehia ere izango da, ordea, Barakaldo, Lekeitio eta Gernika-Lumon, esaterako

PSE-EEko ordezkariak, atzo, Bilbon egindako ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maider Galardi
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Azken lau urteetan Bizkaian izandako egonkortasunak nekez aldatuko ditu emaitzak datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan. EAJ izan zen garaile Batzar Nagusietan, udal hauteskundeetan eta Bilboko Udalean, ia %40ko babesarekin. Gainera, Batzar Nagusietan zein Bizkaiko hiriburuan PSErekin gobernatzeko akordioak gehiengo osoa eman die eskura jeltzaleei. Aldatzeagatik, hautagaiak ere ez ditu aldatu EAJk: Unai Rementeriak ahaldun nagusia izango da datozen bozetarako ahaldungai nagusia; Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, berriz, Bilboko udaleko zerrendaburua. Jarraitutasunerako zimenduak jarrita daude, baina badira oraindik alkatetza lehian duten herri eta hiriak; PSEk Barakaldo berreskuratu nahi du, eta EH Bildu eta EAJren artean dira, besteak beste, Lekeitio, Gernika-Lumo eta Elorrio.

EAJ

Hegemonia du alderdi jeltzaleak Bizkaian. Ahaldun nagusia, Bilboko Udala eta lurraldeko 65 udal bereak dira. Azken lau urteetan gobernuan egon izanak eta Espainiako Gorteetako hauteskundeetako emaitzek bermeak eman dizkie jeltzaleei. Juan Mari Aburto izango da Bilboko alkategaia, eta Unai Rementeria, berriz, ahaldungai nagusia.

Hautagai zerrenden aurkezpenean, Rementeriak esan zuen programaren %96a bete duela, eta ildo berean lanean segitzeko «konpromiso» duela. Hiru ardatz nagusitan bildu dute kanpaina: kostaldea, itsasadarra eta «Bizkaia berdea». Lehen ardatzeko proiektu nagusietako bat izango da Gaztelugatxe (Bermeo) ingurua biziberritzea. Mugikortasun auziari helduko diote «Bizkaia berdea» ardatzean, eta, besteak beste, Usansoloko ospitaleraino metroa eraiki nahi dute. Bestalde, Lemoizko zentrala «bizkaitarrentzako berreskuratzea», eta, Bilboko BBVA dorrean «ekintzaileentzako nazioarteko zentroa» egitea proposatu dute.

EH BILDU

Aurreko legegintzaldian bigarren indarra izan ostean, zerrendaburu berriak aurkeztu ditu EH Bilduk. Bea Ilardia izango da ahaldungai nagusia, eta Jone Goirizelaia, berriz, Bilboko alkategaia. Hiru oinarri nagusi izango ditu Goirizelaiaren taldeak: feminismoa, erabakitzeko eskubidea eta euskara. Konpromiso zehatzak ere mahaigaineratu dituzte: «Bilbotarren identitateari eustea, udal demokrazia berria sustatzea, Bilboko auzoei indarra ematea eta ongizate kolektiboa zaintzea».

Inkesten arabera, Batzar Nagusietan eta Bilboko Udalean aurreko hauteskundeetan adina babes izango dute, baina aukera dute zenbait udalerritako alkatetza berreskuratzeko: Lekeitiokoa eta Gernika-Lumokoa, esaterako.

PSE-EE

EAJrekin akordioa lortuta, Bilboko Udal gobernuan eta Foru Aldundiko gobernuan egon da PSE azken lau urteotan. Edonola ere, inoizko emaitza kaskarrenak lortu zituen aurreko bozetan, eta historikoki berea izandako Barakaldoko alkatetza galdu zuten sozialistek. Soilik Santurtzikoari eta Ermukoari heldu zioten. Horregatik, Bizkaiko kanpaina nagusia Ezkerraldean egingo dute. Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu ohia izango da Barakaldoko alkategaia. «Ezkerraldea berreskuratzera goaz», aldarrikatu zuten kanpaina aurkeztu zuten egunean.

PP

Aurreko hauteskundeetan Batzar Nagusietako aulkien erdiak galdu zituen PPk, eta Bilbon laugarren indar bihurtu zen. Espainiako Gorteetako hauteskundeetako jaitsieraren ostean, ikusteko dago ea lortuko duten beherakada hori geldiaraztea. Alderdiko izen nagusiak jarri dituzte zerrendaburu. Raquel Gonzalez, Bizkaiko PPko idazkari nagusia izango da Bilboko alkategaia, eta Amaia Fernandez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko idazkari nagusia, berriz, ahaldungai nagusia. «Konformismoari izkin» egiteko eskatu diete herritarrei, eta «abertzaleak ez diren bozak» eskatu dituzte.

ELKARREKIN PODEMOS

Udalerri guztietan ados jarri ez diren arren, Elkarrekin Podemos izena erabiliko dute Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Bilboko Udalean. Eneritz de Madariaga izango da ahaldungai nagusia, eta Ana Viñals Bilboko hautagaia. Bizkaiko Foru Aldundia «iluna eta gardentasunik gabea» dela salatu dute, eta EAJk Bizkaia«feudo baten gisan erabiltzen» duela ohartarazi. Bizkaia «berde, sozial eta feminista» aldarrikatu dute. Espainiako Gorteetako bozetan izandako beherakada gelditzeko asmoz, Ezkerraldean jarri dute foku nagusia.

BESTEAK

Santiago Sainz da Ciudadanosek Euskal Autonomia Erkidegoan duen zinegotzi bakarra, eta postuari eusten ahaleginduko da. Bilboko alkategaia, berriz, Fernando Garcia izango da. Bestalde, inkesten arabera, Voxek ez du lortuko botoen %0,6 ere.

Ganemos izango da Elkarrekin Podemosen aurkari zuzena Bilbon, Samir Ladhou da hautagaia.

Nafarroa. Aldaketaren estres testa

Araba. Aukera guztiak zabalik

Gipuzkoa. Itxura berekoaren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.