Pastor
DARWIN ETA GU

Utzi aitona sutondoan

2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Murtziako herritarren espainierak hozkia ematen dion jendea ezagutzen duela idatzi du kazetariak. Gaiak eztabaida eragin du Espainiako egunkari batean. Glotofobia kritikatu dute hainbat irakurlek. Glotofobia: azentu edo ahoskera jakin baten kontrako xenofobia.

Ba al dugu glotofobiarik euskaldunon artean? Baliteke. Halarik ere, nire iritziz, glotofobia handiena Ataun edo Munitibarren erdaraz bizi nahi izatea da, euskarari batere kasurik egin gabe. Hori bai glotofobia euskararen azentuari. Euskarari berari. Han erdaraz jardutea, bertako berezko hizkuntza balitz bezala. Badago hori baino glotofobia handiagorik euskararen kontra?

Euskararen lekuan lekuko ahoskerak atsegin handia edo txikia sor diezaguke. Alta, bada beste kontu bat, hori bezain garrantzitsua —eta arriskutsua— dena: euskara jakin batez nire ustez ez dagokion lekuan mintzatzea. Noiz, non, norekin erabili norberaren euskara, etxekoa? Ez dut oso argi. Ordea, badakit noiz, non eta norekin ez erabili. Errespetu kontuagatik, bestegatik ez bada ere.

Adibide bat: 80ko urteen hasieran Anaitasuna aldizkariko kideak astelehenero elkartzen ginen Bilbon. Zabalbide kaleko bazkalosteko bilera horietan ale berrian argitaratzekoak ziren gaiak landu eta eztabaidatzen genituen. Bilerara ni bezala kazetaritza ikasten ari zen mutil bat etortzen zen. Bizkaiko hiriburuan biltzen ginen arren, bazirudien gazte haren aitona-amonen baserriko sutondoan geundela, kontu-kontari. Izan ere, hain zen itxia haren euskalkiaren azpieuskalkia, hark gure aurrean erabiltzen zuena! Hura ez bilerako gainontzekoak bizkaitarrak ginen. Hala izanik ere, batuaz egiten genuen denok. Bera izan ezik, noski. Bilera horietan nork bere etxeko euskarari eutsi izan balio —Busturialdea eta Arratia eskualdeetako jendea zegoen, besteak beste— pertsona horrek nekez ulertuko zuen ezer. Hala ere, kortesia, gurea. Etxean jokatu arren. Bileran parte hartzen zuen lagun batek azalpen hau eman zidan egun batean: «Batua det kendu eta horren ordez dut jartzea dela uste dute gipuzkoar askok. Gainerakoa euren etxean legez egiten dute».

Joera ez da zuzendu. Bizkaitik ere badator antzeko zerbait. Kontraerasoa edo? Unibertsitateko geletan nabari dugu: Euskal Herri osoko jendea dagoen lekuan nork bereari eusten dio. Zein baino zein jatorragoa. Eta handik kanpo, zer? Gure zenbait kirolariri entzun. Euskal Herri osoan aditzeko elkarrizketa egin, eta haiek oraindik aitona-amonekin sutondoan egongo balira bezala. Omenaldia gurasoen gurasoei lehen baloia beraiek erosi zietelako? Batuak ez omen dituen adierazkortasuna eta bizitasuna aipatzen dituzte joera horren aldekoek. Zer adierazkortasun eta zer adierazkortasun oste behar dira gelan irakasleei hau galdetzeko?: «Ariketak aurreikusitako egunean baino lehenago emango bagenizkizue, zuek arinago zuzenduko zenizkigukete?».

Noraino da zilegi euskaldun alfabetatu bat Barkoxera joan eta Zuberoako baserritar bati bizkaieraz mintzatzea? Eta Bidarraiko bat Iparlako doinuaz solastatzea Araban Lautadako ikastola batean ikasi duen herritarrarekin? Noraino da zilegi gipuzkoar batek Bilboko euskaldun bati bere azpieuskalkiaren azpieuskalkiaz hitz egitea? Beti izango da zilegi, baina gizabidetsua? Gainera, komunikatzea erraztuko du?

The Denver Post egunkari estatubatuarrak aholku hau ematen die iruzkinak idatzi nahi dituzten irakurleei: «Besteak errespetatu. Ez erabili gurasoekin erabiliko ez zenukeen hizkerarik». Nik, hiperguaismo garai hauetan, aitona-amonak aipatuko nituzke, gurasoak barik. Eta euskarari buruz ari garenez, honela idatziko nuke aholkua, apur bat aldatuta: «Besteak errespetatu. Eta zeure euskalkiaren eremuan bizi ez diren euskaldunekin ez erabili —hemen desberdintasuna— zeure aitona-amonekin sutondoan erabiliko zenukeen euskara. Baldin eta zure aitona-amonak: 1) Euskal Filologian graduatuta ez badaude eta 2) Euskara batua zertan den liburua Bibliatzat ez badute eguneroko hizketan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.