Nafarroako presoen jarraipena egiteko mahaia sortu dute

Erredakzioa
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Nafarroako presoen jarraipena egiteko Espetxeetako Mahaia osatu du gobernuak eragileekin. Atzo egin zuten lehen bilera, Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariaren zuzendaritzapean, eta hamabi eragiletako ordezkariek hartu zuten parte. Nafarroako presoekin lan egiten dute guziek: besteak beste, osasunaren zaintzan, droga mendekotasunen prebentzioan, arreta psikologiko eta terapeutikoan, eta eragindako kalteaz jabetzeko prozesuetan. Horien artean dira, esaterako, asistentzia zerbitzuen ACOAD elkartea, mendekotasunen arloan lan egiten duen ANTOX elkartea, bazterketa sozialaren eta pobreziaren kontrako Nafarroako sarea eta Salhaketa.

Nafarroako Jauregian egindako bileran, Espetxeetako Mahai horren lanaren oinarriak jarri dituzte. «Iruñeko espetxean zigorrak betetzen dituztenen baldintzak hobetzeko organo aholku-emaile eta parte hartzailea» izatea da helburua, foru gobernuak ohar batean azaldu duenez. «Presoen alde lan egiten duten erakundeekin etengabeko komunikazioa izatea da helburua, gure Justizia Zuzendaritza Nagusiak bete ditzakeen beharrak hobeto ezagutu ahal izateko eta espetxeko zuzendaritzaren eta Espetxe Erakundeen aurrean solaskide izateko».

Talde politikoei eta gizarte erakundeei «gizarteratzearen aldeko itun bat» osatzeko egin dien proposamenaren barnean kokatu du Espetxeetako Mahaiaren sorrera Santosek. «Bermatu behar du zigorra betetzea behin betiko bideratzen dela pertsona horiek ingurune irekira eta gizartera itzultzean; eta balio behar du, gizarte gisa, presoen tratuan hobetzeko eta delituen atzean dauden egiturazko arazo sozialak ulertzeko». Zigor betearazpen «gizatiarragoa» nahi duela erran du, NBE eta Europako arauetan eta Espainiako Konstituzioan oinarritua, presoen eskubideak «zaintzen» dituena. «Presoei askatasuna kentzen zaie, baina ez gainerako eskubideak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.