Albistea entzun

Espetxetik atera da Ion Parot

Baldintzapean askatu dute, 32 urte preso egon ostean. Beste 11 preso Euskal Herriratuko dituzte
Ion Parot, atzo, kartzelatik irtenda.
Ion Parot, atzo, kartzelatik irtenda. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki - Jon O. Urain -

2022ko urriak 14

Ion Parot euskal presoak Mureteko espetxea utzi du, 32 urteren ostean. Urtebetez etxean egon beharko du probaldian, baldintzapean aske geratu aitzin. Parisko Dei Auzitegiak irailaren 22an onartu zien baldintzapean aske ateratzeko aukera hari eta Jakes Esnali. Orotara, 32 urte, sei hilabete eta bederatzi egun iragan ditu Frantziako presondegietan. 71 urte ditu.

1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten. Egun batzuk lehenago haren anaia Unai atxilotu zuten Espainia hegoaldean —Zaballako presondegian dago—. Beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komandoa osatzea leporatu zieten. Atxilotuetako hiruri bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zieten 1997an, Parisen egin zieten epaiketan: Ion Parot, Esnal, eta Frederique Haranburu Xistor. Geroztik, ikur bilakatu dira hirurak: Argala komandoaren ibilbideagatik, baina baita epaitegietan izan dituzten gorabeherengatik ere. Haranburu 2020ko azaroan gelditu zen aske, baldintzapean. Esnal ondoko egunetan ateratzekoa da. Unai Parot da afera hartatik preso segituko duen bakarra. Lapurdiko azken presoa da.

1999an izan zuten epaiketaren ondotik, Ion Parotek kartzelaldiaren hamabosgarren urtetik aitzina zuen aukera baldintzapean askatzea galdegiten hasteko, hau da, 2005etik. Orotara sei eskaera egin ditu.

Azken urteetan, behin baino gehiagotan eskatu dute Esnal, Parot eta Haranburu askatzeko, eta mobilizazio andana antolatu dute haien sostenguz. Uztailean, Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten Bakegileek egun oso batez, Gobernuari eskatzeko Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak egin zitzala. Parot eta Esnalen baldintzapeko askatasuna onartzea lehentasun bat zela adierazi zuten.

Azken urteetan, Parotek behin baizik ez du ukan presondegitik ateratzeko baimena. 2018ko martxoan izan zen: haren amari —zendu berria zen— omenaldia egin zioten senideek eta ezker abertzaleko zenbait militantek, Altzürükü (Zuberoa) sorterrian, eta Parotek aukera izan zuen hara joateko.

11 Euskal Herriratze

Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailak beste 11 euskal presoren Euskal Herriratzea adostu dute. Hala ere, oraindik ez dute erabaki bakoitza zein espetxetara eramango duten.

Julen Atxurra eta Beatriz Etxebarria Duesoko kartzelatik Euskal Herriratuko dituzte. Atxurra 2013ko azaroan espetxeratu zuten, eta Etxebarria, berriz, 2011ko martxoan.

Beñat Aginagalde eta Mattin Sarasola, berriz, Dueñastik Euskal Herriratuko dituzte. Aginagalde 2014ko apirilean sartu zuten preso eta Sarasola, berriz, 2008ko urtarrilean.

Logroñoko espetxean daude Euskal Herriratuko dituzten beste bost preso: Gurutz Agirresarobe, Asier Arzalluz, Harriet Iragi, Iker Olabarrieta eta Andoni Otegi.

Itziar Moreno, berriz, Madrilen dago preso joan den abuztuaren 5etik. Frantzian ezarritako hamabost urteko zigorra betetzen ari da, eta 2019an bete zituen hiru laurdenak.

Azkenik, Iratxe Sorzabal ere Euskal Herriratuko dute: Estremeratik. Behin-behineko espetxealdian dago, Frantziak joan den irailean Espainiaratu eta gero.

Bestalde, Jaione Jauregi Madrilen preso dago oraindik. Bi urte egingo ditu aurki behin-behineko espetxealdian. 2020an Espainiaratu zuten, 1981ean Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hil izana egotzita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sare Herritarrak antolatutako manifestazioa, Bilbon. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Baldintzapean aske geratu da Jesus Mari Gomez euskal presoa

Iosu Alberdi

Gomezek 22 urte eta erdi egin ditu espetxean. 2021eko irailetik hirugarren graduan zegoen.

'Mozal legearen' aurkako protesta bat Gasteizen, iazko otsailean. ©Jaizki Fontaneda / Foku

'Mozal legea' aldatzeko txostenak aurrera egin du, ERCk bide emanda

Jon O. Urain

Espainiako Kongresuko Barne Batzordean eztabaidatuko dute gaiaz, baina orain arteko testuak aurrera egin du desadostasunak dauden lau puntuetan ados jarri gabe.

Ikasle Abertzaleen agerraldia, atzo, Gasteizen. ©BERRIA

IAk salatu du 34 ikasleri espedientea irekiko dietela

Berria

Manifestazio bat egingo dute otsailaren 16an Gasteizen, besteak beste, EHUn «kontrol soziala amaitu» dadin

<em>Mozal legearen</em> aurkako protesta bat, iazko otsailean. ©ELOY ALONSO / EFE

'Mozal legearen' erreforma ahalbidetzeko eskatu die PSOEk EH Bilduri eta ERCri

Xabier Martin - Jon O. Urain

Gaur batzartuko da Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea aldatzeko lantaldea. EH Bilduk ez du onartuko erreforma «light» bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.