Eskualdean «enpresak ixten» baino ez direla ari salatu dute Agoitzen

Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegia ixteko erabakia salatzeko manifestazioa egin dute. «Konpromisoak» eskatu dizkiote gobernuari

Irati Bizirik taldeak atzo Agoitzen antolatutako protesta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
239 langileren etorkizuna defendatzeko, baina baita eskualde oso batena ere: asmo horrekin atera ziren atzo kalera ehunka pertsona Agoitzen (Nafarroa), Siemens Gamesak herri horretan duen lantegia ixtearen aurkako manifestazioan. Irati Bizirik herri plataformak deitu zuen protestara.

Siemens Gamesako beharginek ekainaren 30ean jakin zuten enpresak lantegia ixteko asmoa zuela. Hasieratik salatu zuten erabakia «deslokalizazioa» dela, lantegiak ez baitu galerarik, eta hori bera azpimarratu zuten atzo ere: «Enpresak are diru gehiago irabazi nahi du, gure etorkizuna kontuan hartu gabe», adierazi zuen Ainara Lizarraga fabrikako langileak, industrialdetik abiatu eta herriaren erdiguneraino heldu zen martxaren amaieran.

Lizarragak gogorarazi zuen enpresak diru laguntza publiko asko jaso dituela hamar urteotan, eta orain Nafarroako Gobernuaren babesa «ezinbestekoa» izango dela itxiera eragozteko. «Ez dugu elkartasun faltsurik nahi, konpromisoak baizik».

Bide beretik, martxaren antolatzaileek gogorarazi zuten aurretik ere langabezia eta despopulazioa pairatzen ari den eremu bat joko duela itxierak. Eskualdeak urte luzez «promesa faltsuak» jaso izana salatu zuen Iñaki Itoizek, Irati Bizirik ekinbidearen izenean: «Enpresak itxi baino ez digute egin, eta gobernuak gutxi inplikatu dira».

Amaitzeko, langileek eta plataformako kideek nabarmendu zuten lanpostu horien aldeko borrokak bateratua izan behar duela: «Ahaleginak batuz gero, lortuko dugu eskualde honen etorkizuna ez dadila izan ezartzen saiatzen ari zaizkiguna», laburbildu zuen Itoizek. Hori dela eta, herritarren babesa eskatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.