Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Finlandia NATOn, baina NATO Finlandian ez

2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
NATO Ipar Atlantikoko Aliantzaren Erakundearen Bruselako egoitzan bandera zuri-urdina igo eta gero, Helsinkiko gobernuak tentuz jokatu nahi du; Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak adierazi du Aliantzako kide izateak ez dituela aldatuko herrialdearen atzerri eta segurtasun politikak. Are gehiago, NATOn sartzearen xedea ez dela herrialde konkretu baten, Errusiaren, aurkakoa, eta Finlandiak ez duela erabaki oraindik NATOren armamentua hartuko duen ala ez. Beste hitz batzuekin esanda, Finlandia ofizialki NATOn dago, baina ez du baimenik emango haren tropak bere lurraldean jartzeko Errusiarekin muga egiten duten beste lau estatuk egin duten moduan. Hori da Finlandiako Gobernuaren asmoa, baina Errusiak ziurtzat jotzen du han NATOren armamentua jarri, jarriko dutela, eta, beraz, erreakzionatu egin behar duela.

Nezavizimaya Gazeta egunkariari egindako adierazpenetan, Vladimir Popov koronel ohi eta aditu militarrak adierazi du Errusiaren segurtasuna mehatxatzen duela Finlandiak. Hain justu, aipatu du finlandiarrek dutela Europa mendebaldeko artilleria gaitasun handiena, 300 kilometroko irismena duten misilekin, besteak beste. Horiek hala, Errusiako armadaren base militar nagusiak diren San Petersburgo edo Murmansk hiriak erraz jotzeko gaitasuna izango luke orain NATOk. Leningradoko Barruti Militarra berriro martxan jartzen ari da Errusia: borroka militarrerako bi gune berriren aurrean prestatzeko, zehazki, Estonia eta Finlandiari aurre egiteko. Putinek bi herrialde horien mugetan base militarrak eraikiko ditu, eta Baltikoko Flota indartuko du. Azken horretarako prestaketak Ukrainako gerra baino lehen hasi zituzten, Baltiysken eta Kaliningraden, alegia. Aire defentsarako —eta erasorako— ezkutuak eraikitzearekin batera, Bielorrusian arma nuklear estrategikoak jartzeko erabakia hartu du Kremlinek. Erabaki hori praktikan noiz gauzatuko den ikusteko dago, baina Popov koronel ohiak argi utzi du NATOk Europan dituen arma nuklear estrategikoekin AEBek egiten duten moduan, Errusiak ez dituela bere arma nuklearrak beste herrialde baten kontrolpean jarriko.

Bestalde, Finlandia, Errusiako iritzi publikoaren aurrean mehatxu eta gaizkile gisa aurkezteko kanpaina indartu du Errusiako presidente Vladimir Putinek. Gobernuak kontrolatzen dituen telebista kateetan egunero esaten dituzten gezur eta astakerien artean, finlandiarrek Errusia inbaditu dezaketela zabaltzen ari dira; esaten dute milioi bat herritar armak hartu eta mugaren beste aldera pasatzeko prest daudela. Horrekin batera, behin eta berriz gogorarazten dute San Petersburgo, Finlandiaren mugatik 100 kilometrora bakarrik dagoela.

Horiek hala, denbora kontua izango da Finlandiaren eta Errusiaren arteko tentsio militarra lehertzea; abian dago akzio-erreakzio dinamika arriskutsu eta amaiezina. Finlandiari dagokionez, Errusiaren eraso baten arriskua gutxitu nahi duelako erabaki du NATOn sartzea. Errusiak, berriz, Finlandia NATOn sartu delako arrisku handiagoa ikusten du bere mugetan, eta muga horiek indartuko ditu. Bestalde NATOk Finlandiara armak eramatea eskatuko du Errusiak bere armamentua mugan handitu eta gero.

Batzuek diote Ukrainaren inbasioarekin Putinek NATO hedatzea saihestu nahi zuela, baina estrategia gaizki atera zaiola, hain justu kontrakoa lortu duelako. Baliteke, ordea, Errusiako presidenteak NATO hedatzea behar izatea boterean jarraitzeko, eta Aliantza Atlantikoak behar zuena eman dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.