Kataluniako hauteskundeak. Ernest Maragall. ERCko diputatugaia

«Gure proposamenarekin identifikatuta sentituko dira sozialista asko»

Subiranotasunerantz egindako bidea defendatzen du PSCrekin Generalitateko Hezkuntza kontseilaria izan zenak. Eskubideen bermea aldarrikatu, eta bozetan errepublika eta konstituzioaren dikotomiatik harago egin behar delakoan dago.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ekonomialaria da Ernest Maragall (Bartzelona, 1943), baina motz geratzen zaio definizio hori,ibilbide zabala bezain aberatsa baitu politikagintzan: Bartzelonako Udaleko zinegotzia izan zen, eta Generalitateko Hezkuntza kontseilaria PSCrekin, Jose Montillaren Hirukoan. Joan Maragall poetaren iloba da eta Pasqual Maragall presidente ohiaren anaia. PSCko zuzendaritza ardurak izatetik, 2014an federalismo katalanista utzi, eta «betikoa» izan duen subiranotasunaren bidetik jarraitu zuen, sozialistek norabide aldatu zutenean. ERCn eurodiputatu izendatu zuten 2016an, eta abenduaren 21eko bozetan hamairugarrena da zerrendan. Kamaleoitzat dute arerioek; hark, berriz, ezkertiar, katalanista eta subiranistatzat jotzen du bere burua, eta bere senari jarraika egindako bidea duela defendatzen du. Berezkoak sen hori etengabe erakutsiz, etaoso gertuko, hitz egin du BERRIArekin, ERCk Bartzelonan duen egoitzan, Kataluniak bizi duen salbuespen egoeraz eta politikagintzan duen ibilbideaz luze eta zabal solastatzeko.

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Puigdemonten kontrako euroagindua. Nola hartu duzue albistea?

Bigarren eta hirugarren deribatuak dira hauek. Larriena da Espainiako Gobernua, eztabaida sustatzeko helburutik urrun, Kataluniako emantzipazio prozesuaren kontra agertu dela errepresioaren eta judizializazioaren bitartez.

Puigdemontek ongi egin zuen Bruselara joanda?

Erabakia ulergarria da, eta Kataluniako ordezkaritza politiko legitimoa erbesteratuta egoteak balio berezia eman dio testuinguruari. Baina egoera hau ez da berria, errepikatuz joan da historikoki, behin eta berriz.

Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, aldiz, espetxean mantendu ditu epaileak.

Indarkeria inposatzen duen estatuaren hamaikagarren berrespena izan da erabaki hori. Eta agerian gelditu da, beste behin, Mariano Rajoyren gobernuaren bidegabekeria. Batzuk aske uztea eta besteak preso, arbitrarioa da erabat. Larriena da funtsean denak daudela preso, aske utzi dituztenak ere auzipetuta baitaude. Geure erakundeen eta herritarren autogobernua ukatzen ari dira.

Nola eragiten du testuinguru honek abenduaren 21eko hauteskundeetan?

Oinarrizko eskubideen urraketa nabarmena da, eta, noski, bozen bilakaeran eragingo du. Hauteskundeen kanpaina oso baldintzatuta egiten ari gara, eta hainbat alderdi desabantailez josita daude. Herrenka goaz, eta hori alderdi konstituzionalisten alde doa, noski. Kezkagarriena da 155. artikuluaren aplikazioa babestu dutenek errazagoak dituztela hauteskundeak.

Ibilbide zabala duzu bizkarrean. Nola bizi izan duzu Espainiako Gobernuak Kataluniaren kontra egin duen errepresioa?

Haserre eta tristuraz bizi dut egoera. Egiaztatu da Espainiako Estatuak izaera demokratikorik ez duela sendotu, eta, begi bistakoa da, Jose Maria Aznar gobernura iritsi zenez geroztik ikusita genuen Espainiaren homogeneizazio prozesuak indarra hartu duela, inoiz baino gehiago. Egiazko autogobernua dagoeneko murriztu dute. Baina, hori gutxi balitz bezala, orain beste muga gorri bat gurutzatu dute Katalunian autogobernu mugatuan sortu ziren hiru zutabeei jazarriz: eskola katalana, mossoak eta komunikabideak. Izan ere, horiek dira, gaur-gaurkoz, autogobernuan bizirik iraun duten bakarrak. Eta horiek ere esku hartu dituzte.

Uste duzu aldebakarreko bidea bateragarria dela, ikusi dugun errepresioaren aurrean?

Agerian gelditu da zapalketa hain denez esplizitua guk geuk sendotu behar dugula demokrazia saiakera oro. Gehiengo demokratikoak modu baketsuan eraikitzeaz haratago, gure ekinbideei balioa eman behar diegu, estatu barruan eta kanpoan eztabaidak sustatuz. Eskubideen bermea aldarrikatu behar dugu, Espainiak berezkoa duen zapalketaren gainetik. Baina, zer edo zer ikasi dugu ibilbide honetan, eta Espainiako Gobernuaren izaera begi bistan utzi dugu, behintzat: argi gelditu da zer diren eta nola jokatzen duten.

Aste honetako inkesten arabera, ERC eta Ciutadans parekatuta egongo dira A21ean. Sinisten dituzu?

[Kar-kar] Tira, nik inkestak ez ditut inoiz sinistu. Ezhauek eta ez besterik. Argi dago hauteskunde hauetan emantzipazio katalanaren neurketajokoan dagoela, eta, beraz, neurketa hori independentziaren aldeko alderdien botoen batuketak argituko du gehiago, alderdi politikoen emaitzak baino. Beraz, alderdien arteko konparazioa ez zait interesatzen. Hori bai, argi dago Espainiako Gobernuak indarkeriaren bitartez ase duela Katalunian areagotu nahi zuen talka.

Zu zeu, Kataluniako herritar anitz gisa, PSCko federalismo katalanistarekin lotuta egotetik independentismorantz jauzi egin duzu. Nola ikusten duzu orain PSC?

Independentismoranzko jauzia baino, subiranotasunerantz eta errepublikaranzko biraketa egin dudala esango nuke. Independentzia ez baita ideologia, baizik eta lanabesa. Hori horrela, orain erronka da PSC edo Comuko hautesle legitimoei erakustea errepublikaren kontzeptuak barneratzen dituela. Ziur naiz, gure proposamenarekin identifikatuta sentituko dira bihotzez eta ideologiaz sozialistak diren hautesle asko.

PSCko hainbat hautesle ERCra joan badira, beste hainbat Catalunya en Comura mugitu dira. Zein iritzi duzu espazio politiko horri buruz?

Espazio oso duina betetzen dute, baina ez dira gai benetako haustura bermatzeko. Eurek Espainiako iraultza lehenesten dute, eta hortik aurrera kokatzen dute Katalunia. Onartezina bakarrik ez; ezintasun zantzua iruditzen zait. Ez dira gizartearen gehiengora irits daitekeen proiekturik sortzeko gai izan, 1980ko hamarkadan sozialismoa iritsi zen bezala. Hori esanda, hala ere, euren aldeko errespetu osoa agertu nahi dut. Positiboa da eurek duten espazioa, eta eskerrak badagoen. Aurrerantzean espero dut gai izatea, Katalunian zein Espainian, ekintza zehatzak elkarbanatzeko. Hori bai, eskertuko nuke eurek ulertzea gure emantzipazio mugimendua positiboa izango dela euren egitasmoa asetzeko. Elkarbanatzeak on egingo lieke, bestela gutxietsia izatera zigortuta egongo da.

Zertarako balioko dute hauteskunde hauek?

Berrespen hauteskundeak dira,eta sekula baino zailtasun gehiagorekin aurkezten gara. Baldintza berdintasunik gabe aurkezteko arriskua onartu dugu, eta, zalantzarik gabe, eztabaidaren bitartez irabaztea besterik ez zaigu gelditzen. Eta hori bai, errepublika eta konstituzioaren arteko dikotomiatik haratago iritsi beharko dugu, hainbat eta hainbat herritarren bihotza eta ideologia irabazteko.

Baina zer gertatuko da biharamunean? Rajoyren gobernuak onartuko al ditu hauteskunde hauetako emaitzak?

Tira, nahi dutena esango dute, baina emaitzak denok onartu beharko ditugu, bai guk eta baita eurek ere. Politikan emaitzek dute azken hitza. Zalantzarik gabe, abenduaren 21a aukera ona izango da horretarako, bai Espainiak eta bai Europak ondorioak ateratzeko.

Zer gertatuko zen Maragall presidenteak 2005ean Kataluniako Parlamentuan onartu zuen Autonomia Estatutuak aurrera jarraitu izan balu?

Oinarri sendoa izango litzateke Kataluniako singulartasuna ordezkatzeko. Ordukoa da lehen biraketa sozialista, alegia, PSCk agente bikoitzaren papera hartu zuenekoa: Parlamentuan onartu zuen Estatutua murrizteko lan egiten aritu zen Gorteetan. Katalunia orduan jabetu zen autogobernuak zituen gabeziez. Eta 2010etik aurrera abiatu zen erreakzioa: haserreak baieztapena ekarri zuen, baieztapenak proiektua, eta proiektuak erabakia. Katalunian ikusi duguna ohiz kanpokoa da Europako demokrazian. Gizarteak alderdi politikoak eta erakundeak herrestan ekarri ditu gauden tokira. Bidean Artur Mas presidente ohia saiatu zen egoera bideratzen, akordioen bitartez, eta amore eman behar izan zuen gizarte zibila askoz indartsuagoa zelako.

Bukatuz goaz, zein izan zen presidente hobea, Jose Montilla edo Artur Mas?

Ez iezadazue halakorik egin [kar-kar]. Begien bistakoa da presidente askoz hobea izan zela Jose Montilla. Baina ez dut nik esaten. Orain arte egin ez den praktika bat abiatu berri dugu: 2003tik 2010era bitarteko, Maragall eta Montillaren gobernuen gobernu ekintzen emaitzak aztertzen ari gara, objektiboki. Era honetan egiaztatuko da, Hirukoaren orekak mantentzeko zailtasunak zailtasun, Katalunian bermatu zen eraldaketa eztabaidaezina dela.

Eurodiputatua izan zinen 2016ko abendura bitarte. Han nahikoa ulertzen al da Katalunian gertatzen dena?

Geroz eta gehiago eta hobeto ulertzen dela esango nuke. Arazoa da Europa bere estatuen preso dela, mugatuta dago. Alemania, Frantzia, Italia eta Espainia bezalako estatu handiek dute protagonismoa, eta, ondorioz, erresistentzia bat dago Katalunia edo Eskoziako emantzipazio proiektuak onartzeko. Aldiz, jorratu beharko lituzke, ez oraingo egituraren kontra, baizik eta subiranotasuna birbanatzeko. Guk ildo honetan proposamenak egin ditugu; tartean, sezesio eskubidea arautzea.

Baikorra zara etorkizunari begira?

Oraingoz, lortu dugu Katalunian Europako Batasuneko estatuen kontrako erantzun, kasik, fisiologikoa. Eta ziur naiz abenduaren 21eko egiaztatze demokratikoaren ondorioz eta Europan martxan dauden mugimenduekin batera, ahalbidetuko dugula aipatzen dugun Europa demokratiko hori gorpuztuko duten alderdien sorrera. Baikorra baino, itxaropentsua naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.