urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bielorrusia: independentziaren garrantzia

2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Europako historian eta kartografian maiz gertatu izan zaion legez, oso noizean behin baina aldiro-aldiro agertzen zaigu Bielorrusia hedabideetan. II. Mundu Gerrak gehien kolpekatu zuen herrialdeetako bat izan zen, lurraldea bera txikituta eta herri eta hiri guztietan hondamendia nagusi. Ryszard Kapuscinskik zein Svetlana Aleksievitxek euren kronika eta elkarrizketetan jaso zituzten orduko istorio eta testimonio gogorrak.

Berriz ere tituluak hartu ditu herrialdeak egunotan, eta berriz ere bi bertsio polarizaturekin sinplifikatu nahi izan da egoera: mendebalde-ekialde borroka edo Errusiarantz ala EB-AEBetarantz egingo ote duen. Geopolitika hutsera, alegia. Eta irakurketak patetiko samar bihurtzen dira Aleksandr Lukaxenko Europako diktadore ankerrena legez erakustean, eta zer esan mendebaldearen aurkako iraultzaile gisa agertzean ere.

Erregimen autoritario eta poliziala dago Bielorrusian, hori ez da inongo nobedadea. Baina mendebaldeari detaile hori ez zaio oztopo izan azken hilabete eta urteotan Lukaxenkorengana hurbiltzeko (bai EB, baita AEBak ere: urte erdi baino ez da Mike Pompeo Estatu idazkariak berak bisitatu zuela Minsk). Lider iraultzailetik ere gutxi du: 1990eko hamarkadako pribatizazioen olatuari aurre egin zien beste errepublika batzuetan ez bezala, Errusiaren magalean segitzeko. Moskurekiko aliantzak babes sozialari neurri batean eustea ekarri zuen, ekonomia artifizialki puztuta. Prezioa bestelakoa zen: ia estatu independente gisa subiranotasuna galtzea eta Errusiarekin bat egitea.

Moskurekin loturarik estuena zeukan estatua izan da, baina independentzia lortu ostean gutxik egiten diote uko. Eta Lukaxenkok bielorrusiar abertzaletik gutxi izanda ere, badaki bere boterea estatuburu izatetik daukala. Ezin uka dakioke lortu duela hari fin baten gainean mugitzea ekuazioan hiru elementuak sartuta: ia independentzia galtzearen mehatxua, estatuaren bideragarritasun ekonomikoa eta botereari eusteko grina.

2008an Georgiarekin izandako gerran Hego Osetia eta Abkhaziako independentziak aitortu zituen Errusiak (urte erdi lehenago Kosovon gertatutakoa itzuliz mendebaldeari), eta bazirudien Vladimir Putinen aliatu sorta batek jarraituko ziotela. Baina Lukaxenkok ez zuen bat egin nahi izan. 2014an Krimea anexionatu zutenean alarma berberak piztu ziren Minsken, baita Moskuren beste aliatu batean ere: Kazakhstanek badaki herrialdearen iparraldean nagusi den biztanleria errusiar jendetsua beti izango dela Kremlinek jokatu ahalko duen xake pieza. Hala, Errusiarekin harreman historikoari eutsita ere, gogor egin dio aurre naziotasun bikoitzaren aukerari: badaki Putinek Errusiako mugetatik kanpo bizi diren errusiarrei pasaporteak ematea egonkortasunerako arrisku handienetakoa dela.

Ez da kasualitatea Bielorrusia eta Kazakhstan izatea euren hizkuntzak makalen eta errusiera indartsuen dauzkaten Sobietar Batasun ohiko herrialdeak. Tajikistanek eta Kirgizistanek ere aitortza handia egiten diote errusierari, baina bertako hizkuntzak dira herritarren artean nagusi, pobreziak ekarritako migrazioaren eta menpekotasun ekonomikoaren ondorio dira horien kasuan.

Bielorrusiako kasua oso desberdina da, eta ez soilik besteen aldean Europan egoteagatik, NATOko eta EBko hiru herrialderekin mugan. Aleksandr Lukaxenkok gidatutako estatuaren politikak baluke zer konparatu UPNk Nafarroan egindakoarekin: bielorrusierazko jardute hutsak oposizioko abertzaletasunarekin lotzea ekartzeraino. Azken bospasei urteotan aldatu egin da egoera, sinbolikoki: bielorrusierazko errotulazio gehiago dago (egin kontu zer zen lehen!), ikusgarritasunean irabazi du, eta bielorrusieraz egiteko ekimenak ere izan dira. Viktar Babaryka bankari eta hautagai ohi espetxeratuak bultzatu zituen ekimen horietako asko, betiere erregimenaren barrutik hartutako neurrien artean. Sekula bielorrusieraz entzun ez zitzaion Aleksandr Lukaxenkok berak egin zuen hizkuntza bultzatzeko hitzaldia.

Hasieran aipatu ditugun Kapuscinkiren eta Aleksievitxen artean badago alderik: lehena poloniarra izan eta polonieraz idatzi zuen artean, Nobel saridunak errusieraz idazten du, bielorrusiarra eta Lukaxenkorekiko oso kritikoa izanda ere. Herrialdearen ia hamar milioi biztanleetatik gutxienak dira dagoeneko hizkuntza etxean jaso dutenak, are gutxiago eremu publikoan darabiltenak. Eta azken aldiko neurri kosmetikoek aldaketa gutxi ekarri dute, eztabaida politikoa bera errusieraz da ia erabat.

Gehiegitan begiratzen diogu Irlandari independentzia lortu eta hizkuntza ia galdu duen herrialdeetan salbuespena balitz legez, jarraitu behar ez den eredu gisa. Bidegabea iruditu zait beti sinplifikazioa, britainiar kolonialismoa, eta 1848ko gosetea gutxienez aintzat hartu behar baitira, eta gero ezin ukaaztertu azken ehun urteotako akatsak. Baina, tamalez, Irlanda ez da estatu subiranoa daukan eta metropoli ohiaren hizkuntzan bizi den herrialde bakarra, bere hizkuntza, gehienez ere, apal sinboliko batean daukatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.