LEKU-LEKUTAN

Lesbosen aspertzerik ez

Hibai Arbide Aza.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Aurreko zutabean agur esan nion Atenasi, baina ez nuen esan nora nindoan. Duela hiru astetik Lesbosen (Grezia) bizi naiz. Gutxi gorabehera ondo ezagutzen dudan uhartea da, azken urteotan errefuxiatuen krisia delakoaren berri ematera etorri naizelako. Bada, errefuxiatuen krisia deitzea ez dakit egokia den, krisia ez zutelako beraiek eragin, beti izan da Europar Batasunean asilo-eskubidea urratu duen krisia. Uharte honetan egon zen, hainbat urtez, Europako errefuxiatu-esparrurik handiena. Moria. 2020an erre zutenetik ez nintzen bertan egon. Txundituta utzi ninduen hutsik ikusteak, lur guztia irabazten ari diren belar altuez beteta. Angel Bocho Ballesteros lankideak eta biok askotan egin genuen lan Morian, urte desberdinetan. Jende gutxirekin eta beteta ikusi genuen; inguruan plastikozko kanpadendarik gabe eta mendi-hegal guztietatik zabaltzen ziren dendaz beteta; berria, zahar-zaharra eta «konpondua» —esaterako— Erromako Aita Santuaren 2016ko lehen bisitarako. Morian hainbat aldiz atxilotuak izateko zorian egon ginen baimenik gabe sartzeagatik. Orain ez dago han bizi izan ziren hamarnaka mila lagunen arrastorik. Gutxi batzuk gelditzen dira Moria erre zenean eraiki zen eremuan. Gehienek Lesbosetik irtetea lortu zuten, eta zorte handiena izan zutenak Greziatik atera ziren Europa iparraldeko herrialdeetara.

2020an, Moria erre zenean, Lesbos etengabe aldatzen hasia zen jadanik. Okerrera, gainera. Urte hartako otsailean, ikusi genuen nola faxista taldeek errefuxiatuei, gobernuz kanpoko erakundeei eta kazetariei jipoiak ematen zizkieten, errefuxiatu gehiago uhartera iristea eragozteko. Egun horietan, nire lankide zena eta ni oso gutxigatik libratu ginen. Funtsean, grekoz hitz egiten jakiteagatik. Okerrena ez zen faxisten zigorgabetasuna, jendea jotzen eta biltegi solidarioak erretzen. Okerrena tokiko agintarien adostasuna eta auzokide askoren axolagabekeria izan ziren. Jende solidario eta progresista gehiena joan zen uhartetik. Geratzen diren askok esan digute une txarrean iritsi garela, hau jada ez dela zen bezalakoa. Fatxek irabazi dute uhartearen hegemonia.

Fatxak, errefuxiatuek bakarrik ez, Turkiak ere kezkatzen ditu. Turkiaren eta Greziaren arteko gerrara behartuta gaudela uste dute. Alde bateko eta besteko fatxek ongarritzen duten kontakizuna da, eskalada belikoan —dialektikoan— jokatzen duten politikari arduragabeek lagunduta, gerra posible berri bati buruz hitz egin dadin, barne arazoei buruz baino gehiago. Batez ere, Kiriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroaren eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen ospea jaitsi egin delako. Horrela, Devlet Bahçelik, eskuin muturreko politikari turkiarrak eta Erdoganen aliatuak argazki bat argitaratu zuen ekialdeko Egeoko uharte greziarrak Turkiakoak bailiran markatzen dituen mapa bati eutsiz. Alarma eta eskandalua Grezian. Baina Grezian Istanbul grekotzat hartzen duten antzeko mapak daude. Irailaren 3an, Turkiako presidenteak zuzenean mehatxatu zuen bat-batean eraso egingo zuela eta Greziako uharteak okupatuko zituela, duela 99 urteko itun baten bere interpretazio bereziaren arabera desmilitarizatuta egon beharko luketenak. Atenasen arabera, Ankarak 110 aldiz urratu zuen bere aire espazioa irailaren 14an, eta hiru egun lehenago, patruila-ontzi heleniar batek tiro egin zion Turkiako merkataritza ontzi bati, Turkiak nazioarteko urtzat dituen eremuan. Irailaren 17an, Turkiako armadak ekipamendu eta militar ugari eraman zituen Edirnera, Greziako lurreko mugako hiri nagusira.

Inork ez du espero Turkia eta Greziaren artean gerra bat piztea. Biak dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide, eta haien arteko gatazka armatu batek hain ondorio larriak izango lituzke, ez baitira aurreikusteko errazak. Baina 2022ak erakutsi digu ustekabeak gertatzen direla, suarekin jolasten duten arduragabeek gobernatzen gaituztela, eta gerra bat hasiko zela ukatzen genuenak oker genbiltzala.

Gertatzen dena gertatzen dela, badirudi Lesbosen gauza asko egin ditzakedala, aspertzea salbu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.