Eva Basterra. Atxilotu baten senidea

«Ezin dut ulertu zer erakutsi nahi izan zuten»

Basterraren aita lau urtez egon zen atxilo zentro klandestino batean. Alaba ez dago pozik ikusita nola tratatu duen filmak bere aitaren lekukotza.

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Victor Basterra aipatu beharreko izen bat da Argentinako diktadura osteko berreraikuntza prozesuaz eta bizirik iraun dutenez hitz egiteko, ordukoak gogora ekartzeko orduan. Basterra diktadurako zentro klandestinorik garrantzitsuenetako batean egon zen atxilotuta, Armadaren Mekanika Eskolan (Esma), 1979 eta 1983 bitartean; eta, besteak beste, haren lekukotza hautatu dute Argentina, 1985 filmean, izugarrikeria haren erakusgarri gisa.

Argazkilaritza ezaupideak zituenez, Basterra eskulan esklabo gisa erabili zuten, eta, ondorioz, argazkiak atera ahal izan zituen, errepresiogileenak zein bahituenak, eta kopiak egin, tarte baterako irteten zen aldietan. 1984an, justiziari aurkeztu zizkion proba haiek guztiak. Basterraren lekukotza funtsezkoa izan zen Junta Militarren aurkako epaiketan. 2020ko azaroaren 7an hil zen. Eva Basterra Victorren alaba da, eta, duela egun batzuk, gutun bat argitaratu zuen, ahizparekin batean, eta adierazi ez dagoela batere kontentu ikusita film horretan nola tratatu duten aitaren lekukotza.

Nola jakin zenuen filmaren berri?

Filmaren trailer bat iritsi zitzaidan, eta hala jakin nuen, eta, ikusi orduko, neure artean egin nuen: «Hortxe gure aita!». Eta, lehenik, zera pentsatu nuen: «Ze ondo, film bat!». Eta, aldi berean, pentsatu nuen: «Harritzekoa da gurekin harremanetan ez jarri izana». Gero, La Retaguardia irrati komunitarioko kideek filma ikustera gonbidatu gintuzten Teresa Laborde eta biok; Laborde gatibualdian jaioa da, eta haren ama Adriana Calvo filmean ageri da, epaiketan lekukotza ematen dutenetako bat baita. Teresa ni baino konformeago geratu zen, haren amaren lekukotza hitzez hitzekoa baita, baina, aitaren eszena ikusi nuenean, kolpe latza hartu nuen.

Oraindik ezin dut ulertu zer erakutsi nahi izan zuten; hain zuzen, epaiketan, militarren abokatuek auzitan jarri zuten aita langile moduan aritu izana Esman, eta, filmean, aitak erantzuten die behartuta jardun zuela hango lanean, baina zeharo zalantzati eta beldurrez esaten du hori, nahiz eta ezin irmoago esana zien epaiketan: «Edozein lanetan zerbait egiteari uko egin, eta likidazioa ordainduko zidaten; lan hartan, ordea, uko egin nahi izanez gero, hil egingo ninduten. Hura ez zen lan bat izan, banekien legez kanpoko zerbaitetan ari nintzela».

Eta, bai, jabetzen naiz zenbait lizentzia har litezkeela benetako gertakizunetan oinarrituriko film bat egitean, baina benetan existitu zen pertsona batez ari garelarik, mugarri izan zen batez, inolako errespeturik gabekoa da eraikuntza hori.

«Fikzio» lan bat da, kontatzea erabaki den historiaren parte batena, baina, zuk nabarmendu zenuenez, fikzioa izanagatik ere, bizirik iraun duten protagonistak ez dira «filmerako berariaz asmatuak».

Nire irudiko, bi parte ditu filmak. Interesgarria iruditzen zait kontakizuna bera, epaiketa nola eraiki zen azaltzea —gainera, nik neuk ez nekien ezer horri guztiari buruz—, eta interesgarriak dira pertsonaia batzuk ere, nahiz eta ez dakidan existitu ziren edo ez; bizirik atera ziren horiek, ordea, benetakoak dira, eta haien lekukotzak, hitzez hitzekoak.

Hortaz, oraindik ere ez diot zentzurik aurkitzen aitari buruzkoa fikzio moduan hola agertzeari, haren bost orduko lekukotza baitago eskuragarri Youtuben; hortaz, ezin dut ulertu zergatik jarri behar zituzten justu hitz horiek haren ahotan.

Giza eskubideen aldeko erakundeen borroka kanpoan uztea erabaki izanak balioa kentzen al dio kontakizunari?

Ez. Duela berrogeitaka urte gertatutakoari buruzko eztabaida ugari piztu ditu oraingo neska-mutikoen artean, ez baitute zerikusi handirik kontu haiekin, eta hori ongi dago.

Baina militante eta Victorren alaba moduan, ezin ditut gauza batzuk isilik gorde, bai baitakit erakundeek nola eraiki ohi duten historia, eta iruditzen zait alde batera oso makurtua eraiki dela historia hori; izan ere, badirudi Strassera eta Moreno Ocampo izan direla desagertuen berri izan eta haietaz hitz egin duten lehenbizikoak, baina erakundeek aspaldidanik salatuak zituzten halakoak.

Berriro diot, nik egin diezazkiokedan kritika guztiak alde batera utzirik, elkarrizketa eta eztabaida ugaritarako bidea ematen du, eta behar-beharrezkoak dira denak. Gero, gure esku dago ikastetxeetara joatea, filma erakusten dutenean, eta komentatzea filmean zer falta den, zer dioten, baina askoz ere zehazkiago.

Alde horretatik, uste dut ezinbesteko tresna bat dela, ezin beharrezkoagoa, eskuina goraldian dagoen honetan, eskuina orain oso gaztea baita.

Zure gutunean hau ere bazenioen: «Umoreak salbatu gaitu diktaduraren ondorioz bizitza eta gorputza urratuak ditugun asko eta asko». Zer esan nahi izan zenuen?

Filma estreinakoz ikusi nuenean, barre egin nuen. Gogoan dut pasarte bat: Strassera kaka eginean ageri da; Ocampo sartzen zaio komunera zerbait galdetzera, eta Strasserak esaten dio lagatzeko bakean kaka egiten; horrek sekulako barregura eman zidan.

Badakit Strasserari zoroa esaten ziotela, berezia zelako, eta barregarri samarra zen. Gero, kide batek esan zidan: «Barre egiten zuten, baina ez dakit zeri». Baina umorea, batik bat umore beltza, aldean izan dugu beti, eta, filmak hain gai trinkoak jorratzen dituenez, eskertzekoak dira umore tarte horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.