Olatz Urkia
Gerra Ukrainan. LEKU-LEKUTAN

Pekin: zuri-beltzetik irteteko saiakera?

2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Errusiako presidente Vladimir Putinek Ukraina inbaditu du, munstroa da. Milaka dira orain senideak edo etxea galdu dituztenak. Ez dago honen guztiaren atzean arrazionala eta hotza izateko lekurik. Mendebaldeak egin duen bezala denak elkartu eta munstroari aurre egin behar zaio, hori da eta bidezkoena. Noski. Baina bide horretatik jarraituz, gerra amaitzea oso urrun dago. Txinak bide alternatibo bat proposatzeko saiakera egin du.

Hamabi puntu:beste proposamen bat

Ostiralean, Ukrainaren inbasioaren urteurrenaren egunean, Pekinek bere bake proposamena aurkeztu zuen. Atzerri Ministerioaren webgunean argitaratu duten dokumentuak hamabi puntu ditu. Esanguratsua: idatziaren lehen puntuak dio herrialdeen subiranotasuna errespetatu behar dela. Pekinen hitzetan, herrialde guztiek, txikiak edo handiak, txiroak edo aberatsak izan, nazioartean errespetatuak izan behar dute. Txinak, horrela, argi utzi nahi izan du ez duela Ukrainaren inbasioa justifikatzen, baina orain helburua bakea ahalik eta azkarren lortzea dela defendatzen du, eta horretarako bide posible bakarra negoziatzea dela dio, baita Errusiarekin ere.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik esan du Txinaren proposamenak alde positiboak dituela; bere hitzetan, munduko bakearentzat eta egonkortasunarentzat lagungarria izango da Asiako potentziaren proposamena, eta Txinako presidente Xi Jinpingekin hitz egin nahiko lukeela adierazi du. Aldiz, ez da harritzekoa Washingtonek eta Bruselak segituan jarrera kritikoz erantzun izana: Etxe Zuriaren arabera, ezin gara fidatu Putinengandik hain gertu dagoenak egin duen bake proposamenaz.

Mendebaldearentzat kontraesankorra da Txinaren jarrera: nola da posible bake deialdia egin eta aldi berean Putinekiko gertutasun keinuak erakutsi izana? Aste honetan ez da batere erosoa izan Ukrainako gerra sufritzen ari diren herritarren istorioak albistegietan entzun eta hurrengo bideoan Txinako Atzerri ministro Wang Yi, irribarretsu, Putinen alboan ikustea.

Txina hamabi puntu hauetan saiatu da azaltzen zuri-beltzetik irteteko bere saiakera.

Benetako kezka

Pekinen arabera, oraindik ez da okerrena gertatu. Gatazka honek okerrera egin lezake. Gerra honen kontrola erabat galtzeko arriskua hor dago, baita arrisku nuklearra ere. Dokumentuaren hainbat puntutan hori da, hain zuzen ere, ideia nagusia: planta nuklearren segurtasuna bermatu eta arma nuklearren erabilera erabat eragozteko beharra.

Ez dakigu Txinako agintariek Vladimir Putinen inguruan zer pentsatzen duten. Agian bada beraientzat etsai amankomuna duen liderra, baina agian, argi eta garbi esaten ez duten arren, bada edozer egin dezakeen lider arriskutsua ere? Ez du beti emaitza ona ematen arriskutsu jokatzen ari dena baztertzeak, eta Txinak gertu du adibide bat: Ipar Korea. Bere kontrako zigorrak areagotu dira eta herrialdea gosetearen erdian dago, baina horrek ez du geldiarazi Kim Jong-un herrialdearen programa nuklearra garatzen jarraitzeko, eta alderantziz, gero eta gehiago egiten du mehatxu irismen luzeko bere misilekin.

Putinek ere azken urtean egin du mehatxu: Errusiak oraindik benetako erasorik ez duela egin esan du, eta badakigu badituela arma nuklearrak. Agian Txina benetan kezkatzen du Errusia urrunegi joateko aukerak, eta Errusiako presidentearekin negoziatzearen helburua da egoera kontrolpean mantentzen saiatzea.

Pekinek idatzian salatu du Mendebaldearen bide horrek ez duela gerraren amaiera inola ere ekarri, eta zigorrak ezartzen eta armak bidaltzen jarraituz gero hau guztia asko luzatu litekeela. Gatazka konplexuek konponbide errazik ez dutela esan eta gerra batean inor irabazle ez dela ateratzen gogorarazi nahi izan du.

Interes propioaketa propaganda

Mendebaldean, askorentzat, Txinak egiten duen guztiaren atzean interes propioak daude. Eta bai, horrela izango da, noski, baina ez al da antzera izango AEBekin ere? Eta Europaren kasuan? Txinaren arabera, AEBen txotxongiloak dira Europa eta Ukraina.

Hamabi puntuko dokumentuan Txinak sarritan errepikatzen duen ideia bat ere ageri da: Gerra Hotzaren eta blokeen pentsaera hori, barneratutako jarrera inperialistak, bertan behera utzi beharra, hain zuzen ere. Noski, AEBez ari da. Horrela, bake deialdia egin, baina, aldi berean, Pekinek mezu bat bidali dio Washingtoni: kontuz ibili, ez nauzu kontrolatuko; nahi badut, zure etsaiekin batu naiteke, eta zuk guztiei azalpenak eskatzen dizkiezun bezalaxe, nik ere zuri eskatuko dizkizut.

Washingtonen eta Pekinen arteko lehiakortasuna aspaldiko zerbait da, baina azken urteotan okerrera egin du: Taiwan, Huawei, Filipinetara militar estatubatuarrak eramateko akordioa, espioitza akusazioak... Zerrenda amaigabea dirudi.

Ez da sorpresa munduko lehen potentzien arteko borroka hori edonon aurkitzea, eta Txinaren bake proposamenean ere lerro artean dago, Ukrainako gerrari zeharka itzal eginez. Argi dago azken egunotan Pekinek fitxa ondo mugitu duela mundu diplomatikoan. Washington ez da pozik egongo bere arerioak geopolitikan hartu duen protagonismoa ikusita.

Pekinek, zeharka, errua Washingtoni egozteko modua aurkitu du. Moskuren errelatoa bere eginez, defendatu du AEBen presioak eta NATOren hedatzeak bultzatzen dituztela Putin bezalako liderrak muturreko erabakiak hartzera. Ez da errelato hau askorentzat erraz erosteko zerbait, baina Errusiar askok ere diote beraien presidenteak etorkizunean pentsatu duela, eta NATOren hedatzea epe motzera arrisku bezala ikusten ez den arren, etorkizunera begira agian badela geldiarazi beharreko zerbait. Propaganda dela pentsatu genezake. Baina Mendebaldearena ere izan liteke propaganda; zergatik ez? Ez al da normalizatu Mendebaldeko albistegi askotan Donbassko gerra luzeari aipamenik egin ez eta istorioaren alde bakarra kontatzea? Eta ez al dugu normalizatu dagoeneko Zelenskiren pertsonalitatearekiko kultua?

Noizean behin albistegietan Zelenski agertzen da: bere arropa militarra jantzita, ukraineraz diskurtso hunkigarria ematen. Ahots lodi eta urratuaz heroi itxurak egin eta arma gehiago eskatzen dizkio Mendebaldeari. Eta Europako ordezkariek bere estilo maskulinoa imitatuz bostekoa ematen diote, sarritan ekitaldi politiko horietan egoten ez den gertutasun bat erakutsiz. Zirraragarria da guztiak batuta ikustea: Mendebaldea, Zelenskirekin, bakearen alde. Azken finean, Putinek Ukraina inbaditu du, eta horrelako zerbaiten aurrean jokabide posible bakarra dago: denek blokean aurre egitea.

Bakea da helburua, baina... Baina horrek gero eta indar gehiago hartu du. Heroi eta traidoreen errelato horretan askoz erosoago sentitzen gara zuri-beltzean, eta zerbait arraroa sentitzen dugu gorputzean Pekin erdian ikusten dugunean.

Ez dakigu zer gertatuko den. Zelenskik ostiraleko diskurtsoan 2023a Ukrainaren garaipenaren urtea izango dela esan du. Espero dugu baietz. Edo guztia nola amaituko den ikustean izango dugu, agian, Txinak jokatu duen moduaren inguruko beste ikuspegi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.