HARMAILATIK AULKIRA

Defentsa bloke sendoa

Nerea Zusberro Alberro.
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduko Kopa honetako zalantza nagusietako bat zen esperientzia gutxien zuten selekzioak lehiakorrak izango ote ziren. Duda hori berehala argitu da. Zambiaren, Marokoren eta Panamaren salbuespenekin, txapelketako faboritoei aurre egiteko gai diren selekzioez gozatu dugu multzoenfasearen lehen jardunaldian.

Haiti, Jamaika eta Portugal dira faboritoei aurre egiteko gai izan direnen adibiderik onenak. Ez dute golik jaso baloia jokoan zegoela. Haitik penaltiz galdu zuen, Jamaikak 0-0 egin zuen, eta Portugalek gol bakarra jaso zuen, eta geldikako jokaldi batean izan zen.

Haitik Ingalaterraren planak zapuztu zituen, 4-4-2 marrazkiarekin abiatuz. Baloirik gabe parekatu zituen hiru erdilari ingelesak, eta funtsezkoa izan zen Dumornayk, Haitiko jokalari onenak, Keira Walsh euskarriari egindako bakarkako marka. Mondesiren posizio aurreratuak ere berebiziko garrantzia izan zuen Brighten eta Bronzeren arteko pase lerroa ixteko.

Jamaikak, Haitiren sistema berarekin, Frantziaren jokoak segida izatea eragotzi zuen. Arrakasta handia izan zuen zelai erdiko buruz burukoetan. 30. minutuan, baloi edukieraren %36k ez zuen jaberik.

Portugalen planteamendua desberdina izan zen. 4-4-2ko erronboan, haren ezaugarri nagusiena baloia galtzean aurkariaren zelaian ondo presionatzea izan zen. Tatiana Pintohegalera mugitzea ere erabakigarria izan zen, Brugtsek eta Beerensteynek Borgesi egiten zioten bi baten aurkakoa eragozteko.

Selekzio hauek arean defendatzeko orduan sufritu egiten dute, eta kontraerasoan argitasuna falta zaie. Baina funtsezko zutabe bat dute eraikitzen hasi ahal izateko: defentsa bloke sendo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.