Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Gerra ekonomia

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ukrainako gerraren testuinguruan, beste behin, Europako Batasunak (EB) aurrekaririk ez duen neurria hartu nahi du defentsaren arloan: EBk bere aurrekontua erabili nahi du Europako armagintza industriak armamentu produkzioa bizkortu dezan. Hain zuzen ere, milioi bat pieza munizio egin nahi dituzte urtebeteko epean Ukrainari emateko. Horrekin batera, bertako armategiak bete eta Europako armen industriari bultzada eman nahi dio Bruselak. Espero zen moduan, proposamenak kritikak eragin ditu; Europako Batasuna Europako herrialdeen artean gerrarik piztu ez zedin sortu zuten eta armagintzaren industria beti egon da europar laguntzetatik kanpo.

Azken asteotan, Bruselaren proposamena babesteko, Europako Batasuneko arma fabrika nagusiak bisitatu ditu Thierry Bretonek, Batzordeko Industria komisarioak. Bretonek adierazi du armamentu fabrikak «gerra ekonomiara» egokitubehar direla. Armak egiten dituztenak ez ezik, Europako Batasuna bera ere gerra ekonomian gero eta gehiago murgiltzen ari da. Egin duen azken proposamenarekin, gainera, beste marra gorri bat gurutzatu du. Orain arte, armagintzaren industriak ez du Europaren diru laguntzarik jaso debekatu egiten diotelako. Debeku hori Europako Batasunaren itunetan dago jasota; alegia, 173. artikuluan. Gauzak horrela, Batzordearen proposamenak ez luke oinarri juridikorik izango.

Hori gutxi ez, eta industria kutsagarrienen artean dago. Hain justu ere, industria zikina dela azpimarratu du Finantza Jasangarrientzako Batzorde Aholkulariak, Europako Batzordea inbertsio garbi eta jasangarrien inguruan aholkatzen duen taldeak. Industriahorrek erregai fosil kantitate handiak erabiltzen ditu; tamalez, datu gutxi daude , eragiten dituen isuri kutsagarriak ezkutatu edo azpizenbatu egiten baitituzte herrialde batzuek gobernuz kanpoko taldeek egindako ikerketen arabera.

Esaterako, arma industria handia duen Frantziak Europako Batasunean industria militarraren isurien bi herenak sortzen ditu. Gainera, susmoa da herrialde askotan CO2 isurien ia erdiak armagintzaren industriak eragiten dituela. Batzordeak dio, armagintza industriarentzako laguntzak salbuespena direla-eta, urtebetez bakarrik aplikatuko liratekeela. Gaur egun, ez dirudi, ordea, Ukrainako gerra urtebete barru amaituko denik.

Orain arte, gerra ekonomia, eta gerra kontuak estatuen esku egon dira, eta Bruselak eskumenen zati bat hartu nahi du legezkoa ez dela jakin arren. Funts europarrak armagintza industriari ematea legez kanpokoa da, klimarentzat kaltegarria, eta Europako Batasunaren sorreraren espiritu bakezalearen aurkakoa. Batzordearen proposamena, proposamena besterik ez da momentuz; azken erabakia Europako Parlamentuarekin eta herrialdeekin negoziatu behar baita. Arlo militarrean neutralak diren Austria edo Irlandak oztopoak jarriko dituzte.

Horrekin batera, proposamenaren aurka daudenek Europako Batasuneko Auzitegira jo dezakete europar legedia urratzen duela argudiatuta. Eztabaida, proposamen hau baino haratago doa: Ukrainako gerrak ekarri duen egoera dela eta Europar Batzordeak itunak aldatu beharko al lituzke egoera geopolitiko berrira egokitzeko?

XX. mendean Gerra Hotzaren garaian diseinatu zen EBk militarki zein toki hartu nahi du XXI. mendean nazioartean sortu den indar-oreka sistema berrian? Gerrak Europa aldatu duen honetan, Europako Batasuna aldatu behar ote litzatekeen sakon aztertu beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.