urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Puritanismo berria

2017ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Berriki, Asiako herrialde baterako bisatu bat eskatzeko paperak betetzen ari nintzela, ohiko galderekin batera, ordura arte egokitu ez zitzaidan batekin egin nuen topo: erlijioaz galdetzen zidan. Jar nezakeen kristau, musulman, hinduista, budista, judu, eta beste erlijioren bat gehiago. Eta egia da azpian bazegoela «besteak» izeneko bat, norberak idazteko libre. Baina bisatu bat eskatzen duzunean, hura eskuratzea da helburua, ahalik gutxien nabarmentzea. Lanbideaz galdetzean, esaterako, ez da komeni kazetaria zarela esatea. Naziotasunaz galdetzen dizutelarik ere, pasaporteak dioen hori jartzen duzu bisatua eskatzen ari bazara eta, oro har, kolore eta bandera guztietako polizien aurrean. Eta Ekialde Hurbilean ibili denak badaki kristaua dela gainontzekoen begietan, bataiatu gabeko ateoa izanda ere.

Faxismoan ez ezik integrismo erlijiosoan oinarritzen zen diktadura baten memoria bizirik dugu. Bihar dira 80 urte Bilbo jausi zela, sei egun lehenago (asteartean izan zen urteurrena) argitaratu zen azkenez Eguna, eta ez zen euskarazko egunkaririk izan mende erdian. BERRIAk hilotan atera dituen zenbakietan 1937ko ekina eta ezina irakurri —eta bizi— izan ditugu, nazioarteko gezurrak, eta kolpistei eskuin klerikalek emandako babesa sistema demokratikoa defendatzen zutenen aurrean.

Gero, erregimen klerikal integrista sufritu zuen Hego Euskal Herriak. Sistema hartan jaio eta hazitakoek kontatu izan dute ezin sinetsi zutela haien aurrekoek ezagutu zutela dibortzioa legezkoa zen garaia. Nostalgia, oso sentimendu pertsonala izanda ere, elementu erreakzionarioa ere bada sarritan. Eta iraganera begira, komeni da Elizak kontrolpean zuen gizartea gogoan izatea, inork eman gabeko botere izugarri hori zeukan sasoia, sexualitatea gaitzetsi eta emakumeak beste inor baino gehiago zigortzen zituen urteak. Eta hori gogoan izanda, nola den posible gaur neskato egiptoar edo afganistandarren amamek bilobak baino libreago izan zirela gogoraraztea, zapirik gabe eta nahi zuten neurriko soinekoekin.

Badakit Eliza ulertzeko era asko daudela, kristautasunik gabe ez dagoela euskal nortasuna bera azaltzea ere, ikastolen sorrerak lotura estua duela, esaterako, eliza askoren konplizitatearekin. Kontuak kontu, erlijioa gehienez ere eremu pertsonalari dagokio, eta inolaz ere ez luke bizitza publikoan agertu beharko. Izan prozesio zein beste edozein erritu.

Paradoxikoa da, horregatik, laikotasuna argi duten askok zein jarrera laxoa adierazten duten beste erlijio batzuekin. Ezkertiar antiklerikalen artean puritanismo olatu bat dabil islama tartean dagoenean, errespetu akritiko eta ia mistikoa, hedabide ezkertiarretan irakurtzeraino hilekoarekin ez dela ramadaneko baraurik egiten, atzean dagoen purifikazioaren ideia misoginoa ahaztuta. Euskal Herria ezagutu gura duenarekin sekula ez genuke hitzordua elizan jarriko, baina meskitei leku egoki deritzegu «besteengana» hurbiltzeko. «Haiei», «besteei», erlijioaren kontrol soziala egitea zilegi balitz legez.

Ramadanean diren auzokideei bakea opatu diet egunotan errespetuz, baina badakit erreferentea beste gutxiengo hori dela, ateoa, antiklerikala. Baraua publikoki derrigorrezko bihurtzen denean, hura haustea, sagar bat jatea edo zigarroa erretzea, desobedientzia ekintza bihurtzen da. Protesta txikiak eta errepresio handia izan ohi dira urtero ramadanean Marokon, Tunisian eta beste hainbat herrialdetan: dozena bat lagun egun argitan baraua hausten. Sanaa El Aji marokoar kazetariak salatu duenez, «Tunisian, kontzientzia-askatasunaren printzipioa konstituzioan duen herrialde batean, hilabeteko zigorra ezarri diete lau laguni […] ramadanean parke publiko batean jan edo erretzeagatik. Baten batek esan zuen legez: ramadanean jaten duenaren bila zabiltzate zigortzeko, eta urtean zehar ez duzue gose dena aurkitzen jaten emateko. Ez bortxaketek, ez indarkeriak, ez hipokrisiak. Eguneroko krimenetako batek ere ez gaitu hunkitzen. Ramadanean inork jendaurrean jateak soilik pizten du gure barne-deabrua». Baina auzia ez da Mediterraneoaren hegoaldean soilik gelditzen. «Europako hiriburu batzuen bihotzean ere, musulmanek elkar zelatatzen dute». Baraurik egiten ez zuten lagun batzuei erreportajea egiteko dei egin nien duela bizpahiru urte, eta ezetz esan zidaten: «Hemen egoera ez da Bruselan eta beste leku batzuetan bezain gogorra, komunitateko norbait jaten ikusi eta jipoitzerainokoa. Badakite ezkertiarrak garela, baina probokaziotzat hartuko lukete auzokide batzuek». Ez genuen erreportajea egin, noski, bestelako erasoen aurrean arrazoiz sumintzen direnek nahiago baitute horrelakoetan isilik egon. Errazagoa baita ekitaldi koloretsu bat egitea «haiek» pixka bat ezagutzeko. Baina gehiegi ere ez, «haiek» izateko zapiekin eta barau egiten nahi ditugulako, herritar baino lehen musulman izan behar dutela gogorarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.