LEKU-LEKUTAN

Faroeetatik begira

urtzirrutikoetxea
2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Joan den astean Faroe uharteetako kazetari bat izan dugu bisitan Euskal Herrian. Iñaki Larrañaga lankidearen bidez egin nuen hitzordua, eta hala eman genuen arratsaldea haren galderei erantzuten, Euskal Herriaz eta Kataluniaz. Faroeko irratiko berriemailea da Uni Leitisstein. Iñakik berak Zuzeu-n jaso ditu iparraldeko adiskidearen iruzkinetako batzuk: ezin sinetsi milioika europarrek bisitatzen duten herrialdea, Europako Batasuneko kide eta ustez inguruko estatuen estandar demokratikoetan ibilita, horrela tematzea galdeketa bat eragozteko.

Espainiaren iragan inperialaren fantasia, porrot historikoen memoria eta, eskuinetik ezkerreraino, nazioartearekiko haserrearekin azal liteke. Integrismo katolikoa, ekonomia gidatzen zuten judu eta moriskoen garbiketa etnikoa, eta ikerkuntzari eta berrikuntzari ateak itxi dizkion esentzialismo itsu bat. Gibraltarrekiko jarrera, adibide, edo duela ia 120 urte AEBen —eta kubatar independentisten—aurka galdutako gerra. Oso mingarri zaio nazioartean daukan hutsaltasuna. Turkian oso antzeko sentipenak bizi izan ditut, 1918an otomandar inperioa zelan zatitu zuten gogoan.

Leitissteinek gogora ekarri zigun, alabaina, asko direla antzeko memoria dutenak. Danimarka horietako bat: Eskandinavia eta Atlantiko iparraldeko potentzia izan eta gero, nekeza zaie onartzea egun estaturik txikiena direla, ekonomikoki ere Norvegiaren eta Suediaren itzalean. Eta nazionalismo horrek hauspotzen omen ditu Faroe uharteekiko harremanak ere. «Groenlandiako kasua desberdina da, gogorragoa, inuitekin arrazismoa eta bazterkeria askoz handiagoak izan dira historikoki». Faroetarrak danimarkar, islandiar edonorvegiarren ahaide etnikoak dira, azken batean.

Europa mendebaldean sortu zen azken estatua Danimarkatik bereizita jaio zen, oso testuinguru berezian: Islandia estatubatuarren kontrolpean egon zen Kopenhagen naziak zeuden bitartean II. Mundu Gerran, eta, hura amaitzean, erreferenduma egin eta gehiengo handi batek estatua sortzea hobetsi zuen. Faroeetan antzera egin zuten 1946ko irailean, eta han ere baietzak irabazi, baina oso tarte estuarekin: 161 boz gehiago independentziaren alde (zuriak edo baliogabeak adibidez 400dik gora izan ziren). Berehala aldarrikatu zuten independentzia, baina sekula ez zen gauzatu: Kopenhagek onartu ez, gobernua desegin eta berriz deitu zuen hauteskundeetara; 1946ko azaroan independentziaren aurkako alderdiek independentistek baino bi mila boto gehiago jaso zituzten.

Galdeketa berri bat dute datorren urteko apirilean, ez zehazki independentziari buruz, hura ahalbidetzen duen konstituzioaz baizik. Uztail amaieran aurkeztuko dute konstituzio proposamen hori. Kopenhagek ez du atsegin Faroeetako gobernuak hartu duen aldebakarreko bidea, eta artez independentziaren alde jotzeko iradoki dio, hori bai, orain arteko diru laguntza galduko duela azpimarratuz. «Ea behingoz eteten duten laguntza, kalterako baino ez da eta. Ederto bizi gaitezke hori gabe, eta sekulako morrontza eragiten digu», zioen Leitissteinek.

Faroe eta Groenlandia independente izango dira, bihar ez bada etzi, edozein danimarkarrek aitortuko dizu kezka handirik gabe. Espainia beste esentzialismo bati lotuta bizi da. Eta behingoan arrazoi izan dezake. Pieza bat jausteak domino osoa dantzan jartzen duen legez, Kataluniako errepublika sortzeak egungo estatuaren desagerpena ekar dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.