Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Ipar Korearen testak, errutina berriz

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Beste proba balistiko bat. Astelehenean Ipar Korearen ekialdeko Sinpo portutik urpeko baten bidez jaurti dute misila, eta Japoniako itsasoan erori da. Errutina, baina mehatxagarria ere bada, eta Seul eta Tokiok kezka erakutsi dute. Urpekarietatik jaurtitako misilak atzematen zailak dira. Duela bi aste egindako proban ere misil hipersonikoarekin egin zuten proba, ohiko misilak baino abiadura handiagoa dute, eta horiek ere NBE Nazio Batuen Erakundeak debekatuta dauzka.

2018ko bira eta ondorengo porrota

Urte askoan asteburuero Kim Jong-unen proba nuklearren albisteak normaltasuna izan ziren, 2018ko otsailean egoerak bira izugarria eman zuen arte: Seulgo Neguko Olinpiar Jokoen irekieran Hego Korea eta Ipar Koreako atletek elkarrekin egin zuten desfilea; izotz hockeyko talde bat ere sortu zuten bi Koreako atletak nahastuta, herrialde bakarra balitz bezala.

Geroago Seulgo jokoen prentsa aretoan pantailan zuzenean ikusi genuen nola Kim Jong-un eta Moon Jae-inek eskutik helduta bi Koreen arteko muga gurutzatzen zuten. Hego Koreatik, Ipar Koreara, lerroa gurutzatu eta buelta. Eskutik helduta 65 urtez ofizialki gerran jarraitzen zuten bi herrialdeen liderrak. Prentsa aretoa kazetari hego korearrez beteta zegoen, eta txaloak eta barreak benetakoak izan ziren. Ezin zuten sinetsi beren aitona-amonen garaian hasi zen gerraren amaiera inoiz baino gertuago ikusten ari zirela. Oraindik ofizialki bi herrialdeek gerran jarraitzen dute, erabateko bakea ez da sinatu. Otsail hartan bi Koreak izan ziren protagonista munduan, eta bakea lortuko zen itxaropena piztu zen penintsulan.

Trump eta Kimentzat publizitate pixka bat, besterik ez

Sartu zen Washington ere erdian, eta orduan AEBetako presidente zen Donald Trumpek aldatu zuen Ipar Korearekiko jarrera, bere agintaldiaren hasieran Kim Jong-un liderrarentzat batez ere kritikak eta irainak izan zituen arren. 2018ko ekainaren 12an bi etsaiak Singapurren aurrez aurre bildu ziren, Washington eta Piongiangen arteko tentsioaren amaiera negoziatzeko. Ipar Koreak santzioen amaiera eskatzen zuen, AEBek Ipar Koreako programa nuklearra desegitea. Gehiegi.

Izan zen tirabira: Ipar Koreak denboraldi batez bertan behera utzi zituen misilen testak, Trumpek Kim Jong-un bere laguna zela eta elkarri idatzitako «amodio eskutitzek»(horrelaxe deskribatu zituen), egoerari buelta emango ziotela ziurtatu zuen.

Eta 2019ko ekainean Trumpek lortu zuen nahi zuen titularra: «Donald Trump Ipar Koreako muga zapaldu duen lehen presidente estatubatuarra bihurtu da». Bi Koreen arteko mugan elkartu eta berak ere Kim Jong-unekin gurutzatu nahi izan zuen marra, iparraldera.

Baina jarraitzaile gehiago lortzeko titularrak, argazkiak eta egozentrismoa ere ez ziren benetako pausoak emateko arrazoi nahikoa izan. Hurrengo goi bilera Hanoin, Vietnamen izan zen, 2019ko otsailean bi Koreak lehen pausoak ematen hasi eta urtebete geroago. Bilera garrantzitsuaren aurreko egunean ikusmin handia genuen bertan ginen kazetariok: baina azkenean etsigarria izan zen goi bileraren itxieran eman behar izan genuen albistea: ez zegoen akordiorik. Argazkiak eta hitz politak ez ziren noski aspaldiko etsaien artean konfiantza sortzeko nahikoa.

Piongiangen probak, berriz ere errutina,eta aldaketa bat: gosetea

Orain, ia hiru urte geroago, asteburuetako misil probak berriz dira ohikoak. Eta AEBetako estatuburu Joe Bidenekin ez du Kim Jong-unek kontaktua berriz hasi nahi izan. Badago egoeran aldaketa handi bat: aurten Kim Jong-unek berak onartu duela herrialdea momentu zaila ari dela bizitzen; Mendebaldeak inposatu dizkion zigorrek gosetea ere eragin dezaketela. Izan ere, orain Txina da Ipar Korearekin merkataritza harremanak dituen bakarra, eta gutxitu dira ere. Albisteak propaganda diren herrialde isolatuarentzat ez da batere normala liderrak horrelako tamainako zerbait onartzea.

Ahul sentitzeak ez dio, alabaina, atzera pausoa ematera eraman. Kontrakoa, azken hilabeteotan berriz egin du indar erakustaldia eta duela hiru urte ere esaten zuena azpimarratu du Piongiangek: armamentu nuklearra dela AEBen inbasiotik babesten duen gauza bakarra. Tirabira honetan ez dirudi konponbide bat azkar aurkituko dutenik, eta hori bai, gaizki pasako dutenak Ipar Koreako herritarrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.