begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Galkorragoak dira pelikulak dinosauroak baino

2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ados. Akort. Duda izpirik ez. Balekoa da zuen kontrako iritzia. Konforme. Bat nator (etor naiteke, ninteke...) zuetako askorekin. Konforme. Jurassic World: Dominion ez da goi mailako zinema. Ez da zinema orbangabea, aratza. Ez da, ezta pentsatu ere, Sortzez Garbia. Egia esanda, beste hamaika, milaka filmen kume sasiko, bastart eta borta da. Ados. Akort. Konforme. Bale.

Alta, bada, bada, bada markaz fuerako ikuskizuna; normalean sortzez garbiak diren pelikulak izaten ez direna. Dituen akats, orban, orbain, itxi gabeko urradura guztiak banan-banan zenbatzea ez litzaiguke zaila izango. Banan-banan. Fotogramaz fotograma, planotik planora eta buelta. Gidoia baino gehiago letren nahaste-borrastea den horren puntu ahul guztiak ederki asko aurkituko genituzke zinema bulimia erasoak plazerez izaten ditugunok.

Naturaren salbazioa espezieen juntazio desordenatu eta desorekatuan datzala entzuteak hozkirria eragingo lioke edonori. Darion eko-ongikeria faltsuak min emango lioke (ematen dio, berez) ikusle sanoari.

Baina bost. Bost. Bost. Bost. Bost axola. Bost ardura. Bost inporta. Berdin dio. Ikuskizunak igualik ez baitu. Giganotosauroak parekorik ez duen bezala. Hamaika zeluloide puska maitatuon nahaste-borraste dastagarria eta inori barkamena eskatzen ez dion nahasmendu gardena delako miresten dugu (batzuek, benetako zinemarako alferrik galdutakook, akaso) Jurassic World: Dominion.

Aretoan zaudela, igual bakardade osoan jendea hondartzan, azken azterketarako ikasten edo errentaren aitorpena egiteko ilaretan zain dagoelako, inongo zineklub, zineforum, arte garaikideari eskainitako egoitza edo arte ederren museo batean debekaturik zenukeen plazer lizunean murgiltzen zara. 146 minutu irauten dituen pelikula honetan, 8 euro baino gutxiago balio duen sarrera baten truke, Indiana Jones, Jumanji, Sir Arthur Conan Doyleren The Lost World, Godzilla, James Bond, King Kong, Julio Verne, Predator, The Swarn, Bourne, Mission: imposible eta zaren zu hori eratu/gauzatu/ sortu/aldrebestu duten bestelako film, nobela, pertsonaia sortaren laburbiltze deliziosa jasotzen duzu, ahoa bete hortz eta begiak bete sorpresa eta mirari dituzula.

Hor daude, nahaspilaturik, bizi izan zaituzten fotograma askoren oroipen freskoak. Hor daude maite izan dituzun galtzaile eta gaizkile zintzoen klonazioak. Hor dago, non eta Maltako karrika, plaza, txokoetan barna, edozertako gauza/abila/aproposa den HondaMontesa 4 Ride motorra, ordainpeko autobideak gorroto eta kamino libreak gogoko dituen makina...

Horrexegatik maite dugu batzuok adituek, arrazoi handiz, arbuiatutako filma. Dinosauroak maite ditugulako. Jurassic World-ekin zerikusirik ez duen Mr. Wain delikatu horretan agertzen diren katuak beste.

Aretotik ateratzerakoan, alerta batek egiten digu dir-dir mugikorrean; Filmin plataforma txit mirestuak laster bere katalogo-bildumatik kanpo utziko dituen filmen zerrendaren abisua da. Derrepentean, Quetzalcoatlus hegalariekin eta lumadun Oviraptorrekin ahazturik, damu sentitzen gara. Gu gozo-gozo ginela, plazer kulpante bati emanda, bere akaberara iristen ziren Dominik Mollen Seules les bêtes, Feng Xiaogangen I Am Not Madame Bovary, Stuart Murdochen God Help the Girl edo Donostiako Beldurrezko Astean ikusleen saria bereganatu zuen Last Night in Soho...

Nahitaez, begiak bete malko bueltatzen zara etxera. Ea baten bat salbatzerik duzun esperantza motzean; Jurassic World-eko jendaiak dinoak salbatzen dituen moduan...

Atea ireki orduko, ordenagailua piztu orduko, akordatzen zara: mundu jurasikoa ez da benetakoa; bestea, ordea, bai. Eta benetakoan pelikulak desagertu egiten dira plataformetatik. Ezabatu. Blade Runnerreko erreplikante ederra ahalegindu zen gu horretaz ohartarazten: «Momentu horiek guztiak galduko dira Denboran, euripean malkoak nola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.