urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Balkanetako kontuak

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB) krisi existentzial handienetakoa bizita ere, ezin uka kontinentearen zati handienean hedatzen den eremua dela. Suitza eta Norvegiako hutsuneak ageri dira mapan, eurek hala ebatzita, baina zuriune handia maparen behean eskuinetara dago: mendebaldeko Balkanetako estatuak EBrekin bat egiteko itxaron zerrendan daude. Eta, era berean, eskualde horretakoak izan dira 2004ko zabalkunde handiaz gerora sartu diren hiru estatuak: Errumania, Bulgaria eta Kroazia.

Hiru horiek eta Greziak EBren balizko lurraldean dagoen hutsune handiena mugatzen dute. Sei estatu daude hutsune horretan: Serbia, Mazedonia, Montenegro, Bosnia eta Herzegovina, Kosovo eta Albania. Horietako lau badira dagoeneko hautagai ofizial EBn sartzeko, eta 1990eko hamarkadan gerra eta gatazka gogorrenak izan zituzten biak, Kosovo eta Bosnia, «balizko» hautagaiak dira, besteak baino urrats bat atzerago. EBren webgunean begira, halaxe ageri da, Kosovo izenak aldamenean daukan izartxo bat salbu: «Izendapen hau estatusari buruzko posizioak alde batera utzita da, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1244/99 ebazpenarekin eta Nazioarteko Justizia Gorteak Kosovoren independentzia adierazpenaz emandako iritziarekin bat dator».

Hau da, izendapena lan-tresna pragmatikoa dela, eta ez inolako aitortza, EBko 28 estatuetatik bostek ez baitute Kosovoren independentzia ontzat ematen. Grezia eta Zipre, batetik, Balkanetan kristau ortodoxoen aldamenean egon ohi dira —serbiarrak kasurako—, eta Errumaniak eta Eslovakiak Jugoslavia ohiko beste nazio ez-eslaviarreko komunitate garrantzitsuena euren mugetan ere badagoelako: Vojvodina iparrean legez, Errumanian eta Eslovakian ere hungariar komunitate indartsua dago. Kosovo independentea aitortzen ez duen bosgarrena, badakizue, Espainia da. Denek omen dituzte auzi sezesionistak beren barruan, baina Espainia da Kosovoko kasuan ukazioan diharduen bakarra mendebaldean. Balkanetan zein Bruselan, denek dakite Madrilen jarrera Euskal Herrira eta Kataluniara begira harturikoa dela.

NATOren eta Washingtonen babesean izanda ere, duela hamar urte Kosovok independentzia aldarrikatu zen unean baino are gogorrago dago ezetzean kateatuta Espainia. Jatorrizko estatuak, Serbiak, aitortzean baino ez ei du jarrera aldatuko. Berriki halterofiliako Europako txapelketa Galiziatik Poloniara eraman zuten, Espainiak ez zielako kosovar jokalariei sartzen utziko. Ez da Kosovok duen arazo handiena, bistan da; errepublika independentea aldarrikatu eta hamar urtera, linbo juridikoan dago oraindik. Mendebaldeko boteretsuen babes politikoa dauka, nazioartean geroz eta aitortza gehiago eta foro gehiagotan dago, baina NBEn ez du aulkirik —ez eta aurki izateko perspektibarik ere, Serbiarekin akordioa lortu eta ondorioz Errusia aliatuak betoa kendu arte—.

Serbiak ez du onartzen Kosovo independentea, bistan da. Baina albaniar zein serbiarrek konpromisoa dute auzi politikoak era politikoan lantzeko, eta gerraren bidea behin betiko ixteko. Horregatik, ez du aparteko arazorik jarri egunotan Sofian egin den EBko goi bileran Kosovorekin batera hautagaien mahaian jartzeko. Greziak, Ziprek, Eslovakiak eta Errumaniak ez dute jarrera ofiziala aldatu, baina Belgrad mahaian dagoelarik, eurak ere jesarriko direla jakinarazi zuten hastapenetik. Madrilek ez du berdin egin, eta Mariano Rajoy presidentea asteazkenean Bulgarian egon bazen ere, ez zen goi bileran geratu, ez zuelako Kosovo eserita egongo den mahai berean jarri nahi. Pentsa liteke Espainia kontsekuentea dela bere jarrera ofizialarekin, eta Kosovo aitortzen ez badu, ezin diola onartu nazioarteko mahai baten gainontzeko estatuen pare egotea Pristina eserita. Baina koherentzia ere ez ote dagoen baloratuegi, eta ez ote den erridikulua bihurtzen Serbia bera arazorik gabe Kosovoren aldamenean eseri, eta Espainia altxatzen denean.

Kosovo aitortzen ez duzula esan dezakezu, baina Kosovo hor dago, bi milioi lagun daude bertan eta guztiz independentea da Belgradekiko —ez 2008tik soilik, 1995ean gerra amaitu zenean galdu zuen Belgradek lurraldearen kontrola—. Pragmatismo hutsez bada ere, bi milioi lagun baino gehiago dituen lurraldea ezin da utzi estaturik gabeko eremu gisa. Mapetan hutsune zuri batek estaltzen du Kosovo. Aitortzarik gabe ere, Hungariak, Errumaniak, Ziprek eta Greziak ez dute arazorik izan, euren jarrera aldatu gabe, mahai berean esertzeko. Pragmatismoa da: bi milioi lagun horiek Pristinan dute agintea, Belgradek ez du aginterik Kosovon, eta azkenaren estatusa erabat zehaztu gabe egon arren, ezin onar daiteke arazoari begiak ixtea. Baina hori bera egin du Espainiako Gobernuak, goi bilera utzi eta parte ez hartuta, begiak estalita azken baten, auzia berez konponduko balitz bezala. Baina begiak berriz irekitzean, Kosovo hantxe zegoen, eta Kataluniako Gobernuan berriz ere independentistak zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.