Errautsetan estaliak

1813ko abuztuaren 31n Donostiaren suntsiketa ekarri zuten gertaerak jaso ditu Josean Olabe komikigileak 'Zigorgabeko loria' komikian.

Donostia
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Abuztuaren 31n, 1813an, soldadu ingeles eta portugaldarrek Donostia hartu zuten, bertan agintzen zuten Napoleon Bonaparteren tropak garaitu ostean. Espainiako Independentzia Gerraren testuinguruan, hiria setiatu eta su eman zioten, ezerezean utzita. Baina Setio Gerra esaten zaion guda hori ez zen soldaduen arteko norgehiagoka hutsa izan, nahiz eta testuliburuek horrela laburtu. Hiritarrak izan ziren erasoen biktima nagusiak. Hilen zerrendan ehunka izen agertzen ziren, arrantzale baten semea tartean. Horri eutsita, Josean Olabek (Donostia, 1967) Bixente izenarekin eman dio bizitza Zigorgabeko loria bere azken lanaren protagonistari.

Donostiako setioaren bigarren mendeurrenaren harira atera zuen Olabek La gloria impune komikia, 2012an. Hirian gertatutakoarekiko jakin-minez eta marrazketaren zaletasunagatik argitaratu zuen lana egileak. Hasieran, asmoa euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzea zen, baina, autoedizioaren zamagatik eta gaiaren gordintasuna zela eta, euskarazko bertsioa atzeratzea erabaki zuen: «Emozio gogorrak jorratzen ditut lanean. Jendearen sufrimendua aipatzen egoteak azkenean nekatu egiten du; horregatik erabaki nuen atseden hartzea» esan du autoreak. Zazpi urteren ondoren, euskarazko edizioa argitaratu du aurten, Itsasgora argitaletxearen eskutik.

Jatorrizko komikitik xehetasun batzuk besterik ez ditu aldatu euskarazko lanean. Funtsean,egileak tropa ingeles eta portugaldarrek Donostian egindako sarraskia, arpilatzea eta erreketa kontatzen ditu, benetan gertatutako jazoera batetik abiatuta eta istorio eta pertsonaia asmatuak nahastuta. Olaberi «beharrezkoa» iruditzen zaio fikzioa eta errealitatea uztartzea, eta, haren esanetan, «ahotsik ez duten» herritarren testigantzak bildu nahi izan ditu, historia liburuetan «bigarren maila batean» gelditu direlako: «Soldaduek ere asko sufritu zuten, baina horretaz asko hitz egin da. Nik donostiarrek bizi izandakoaz hitz egin nahi nuen». Gertakizunetara hurbiltzen saiatu da idazlea, «testigantza falta» dela eta. Irakurleen emozioak ukitzea izan du helburu: «Herritarrek jasandako izugarrikeriak azaleratzen saiatu naiz, ikasteko modu onena errealitatea erakustea baita».

Horregatik Zigorgabeko loria izenburua. Olabek adierazi du Donostiako gertaerak soldaduen «balioekin, sakrifizioarekin eta ohorearekin» lotzen direla: «Ez da guda honen loria zikindu nahi izan. Gertatutakoa ezagutaraziko balitz, loria horrek ez luke duen aitorpena edukiko».

Gerrako desertoreez ere mintzo da Olabe binetetan. Horretarako, Denisen pertsonaia erabili du, tropa frantsesek indarrez errekrutatutako gaztea. Komikigileak soldadu horien egoera azaleratu nahi izan du, istorioan pertsonaiak idatzitako gutun zatien bitartez: «Gudan ehunka desertore egon ziren, baina horri ez zaio garrantzia ematen. Denis soldadu horien guztien errepresentazioa da».

Historia ilustrazioetan

1813ko udako erasoak kontatzeaz gain, garai hartako Donostia deskribatunahi izan du Olabek. Esan du komiki formatua «aproposa eta interesgarria» dela horretarako, haren ustez, «tonu erromantikoa» ematen dio eta: «Lanak alderdi grafikoa eta historikoa uztartzeko aukera ematen zidan».

Komikia osatzeko, idazleak dokumentazio lan «handia» egin du. Frantsesezko, ingelesezko eta gaztelerazko jatorrizko dozenaka liburu ikertu ditu, liburu gehienek soldaduen testigantzak jasotzen baitituzte. Baina herritarren bizipenak biltzen dituen lan bat izan da idazlearen informazio iturri nagusia, Luis Murugarren historialariaren 1813 San Sebastian incendiada. Britanicos y portugueses (1813, Suak hartutako Donostia. Britainiarrak eta portugaldarrak).

Itzulpena kontuan hartuta, Olabek lau komiki argitaratu ditu guztira, denak afizioz eginak. Lehena, itzuli berri duen lanarenjatorrizko bertsioa, 2012. urtean atera zuen, La gloria impune izenarekin. Hiru urteren ostean, 2015. urtean, Distorsionando Donostia itxuraldatzen plazaratu zuen; bertan, hiriko eraikinen geometriaz eta kaleek dituzten formez aritu zen, irakurleari inoiz ikusi ez duen Donostia erakusteko asmotan. San Sebastian, belle époque y otras historias (Donostia, bélle epoque eta beste istorio batzuk) izan zen hurrengoa,2017an; XX. mendearen lehen bi hamarkadetan hiriak izandako gorabeherak kontatzen ditu. Azkena 2019an argitaratu duen Zigorgabeko loria da.

Idatzi eta marraztu dituen komiki guztien agertoki izan da Donostia. Olabek hiriarekin duen «gertutasunarengatik» dela dio, «hobekien» ezagutzen duen lekua baita. Baina istorio bakoitzak Donostia ezberdin bat erakusten du, Urgull menditik eta Kontxako badiatik «harago joaten» saiatu baita komiki bakoitzean: «Donostia modu ezberdinetan eraikitzen duen lan multzoa da; bakoitzak ikuspuntu bat jasotzen du, baina elkarren osagarriak dira». Etorkizunari begira, hainbat proiektu ditu eskuartean. Istorioak garatu gabe dituen arren, horietarako ere Donostia du buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.