mikel reina
HIRUKOTIK

Aukera bakarra

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Lehen aurkezpena oso garrantzitsua da, gero eta garrantzi gehiago hartzen doa. Are gehiago gaur egungo gizartean. Begitik bizi gara, begitik sartzen zaigunaz. Lehen aurkezpen baterako aukera bakarra dago, gero zailagoa da lehendabiziko iritzi horri buelta ematea. Begiz ez, baina buruz oso irekia izan beharra dago.

Ulergaitza. Goren mailako lau taldeetatik bostek etxean hasi dute 2023-2024 denboraldia. Bakarrak egin du kale: Kutxabank Araskik. Agian huts egiteko tarterik txikiena zuen taldeak. Denboraldiaurreko lagunarteko guztiak galdu ostean, berebiziko garrantzia zuen zaleen aurrean irudi ona emateak. Baina ez hori bakarrik, baita garaipena eskuratzea ere. Gaur egun talde gehienak saiatzen dira etxetik kanpo jokatzen lagunartekoak, akaso aurkezpen partidaren bat edo beste zaleen aurrean talde berria erakusteko. Baskoniak Araba Saria duen bezalako zerbait. Made Urietaren taldeak, gainera, talde igoberri baten aurka egin zuen kale. Egiari zor, Ferrol talde berezia da, urte asko daramatzate entrenatzaile berarekin, eta horrek denboraldi hasieran epeak laburtzen asko balio du.

Lointek Gernikak eta IDK Euskotrenek ere lan egin behar izan zuten garaipena eskuratzeko. Emakumezkoen liga gero eta gogorragoa da sasoiak aurrera joan ahala. Bizkaitarrek zein gipuzkoarrek, behintzat, jokalari guztiak izan zituzten jokatzeko moduan: Grace Berger eta Dulcy Fankam, hurrenez hurren, heldu bezain laster jarri ziren jokatzen. Aldatu ez dena egutegiaren gorabeherak dira. Ulergaitza egiten da Superkopa liga hasi orduko jokatzea. Ohikoena liga erregularra hasi aurretik jokatzea da, ACB ligan bezala. Azken batean, soilik lau taldek jokatzen dute. Emakumezkoetan asteburuan jokatuko da, non eta Kanaria Handian, gainera. Kopa ere Huelvan jokatuko da, txapelketan Andaluziako talderik ez dagoen arren. Zer egin behar dute gainontzeko hamabi taldeek? Data hauetan kalitatezko lagunartekoak aurkitzea oso zaila da. Katalunian aurreratu dira, Uni Gironak, aspaldiko partez, ez du Superkopa jokatuko eta hori baliatu dute Kataluniako Kopa asteburuan jokatzeko La Seu dUrgellen. Inor baino bizkorrago aritu dira.

Garaipen bikoitza. Gizonezkoetan Superkopa Real Madrilek irabazi zuen eta Kataluniako Kopa Bartzelonak. Euskal Kopa ez zen ezta jokatu ere egin. ACB ez dute geratzeko astirik, larunbatean hasi eta maiatzera arte ez dute ia etenik izango. Kontraste hutsa da. Bidea dago oraindik egiteko, dena ez delako futbola. Bilbo Basketek eta Baskoniak lehen jardunaldian garaipena eskuratuta beste era batera ekingo diote asteari. Hain zuzen ere, larunbatean jokatuko dute elkarren aurka denboraldiko euskal derbian. Gasteiztarrak, ordea, hasi bezain laster jarriko dira astean bi partida jokatzearekin. Bihar bertan jokatuko dute Murtziaren aurka. Bilbotarren txanda datorren asteazkenean izango da, Santiagon. Aste horretarako Baskoniak Euroligako bere ibilbidea hasiko du. Ordurako Joan PeƱarroyak azken fitxaketak egokitu beharko ditu, Euroligak ez baitu itxaroten, hain txapelketa lehiakorrean ez dago huts egiteko tarterik. Breoganen aurka Khalifa Diopek, Nico Mannionek edota Nikos Rogkavopulosek ez zuten haien egunik onena izan.

Denboraldi hasierek bere biziko garrantzia dute, batez ere Bilbo Basket bezalako taldeentzat. Iaz, adibidez, lehen hiru jardunaldietan garaipena eskuratu izanak lasaitasun handia eman zion taldeari. Baita zaleei ere, zalantzak urrundu zituzten, lehen aipatutako lehen aurkezpen hori. Iruditik harago, emaitzak ere funtsezkoak baitira goi mailan. Andorra bezalako ustezko aurkari bati alde handiagatik irabaztea garaipen bikoitza izan daiteke denboraldi amaieran. Garaipenaz gain, bertan behera geratu behar izan zen Euskal Kopa ere jokoan jarriko dute euskal derbian. Ordurako Jaume Ponsarnauk Adam Smith berreskuratuko du, baina ikusi beharko dugu gasteiztarrek falta zaien kanpoko jokalaria ekarri duten ala ez. Zain daude oraindik, azken orduko eskaintza horren bila. NBAn ate joka dauden horiek itxaroten. Hugo Besson kaleratu eta gero ez da oso urruti egon behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.