Alpinismoa

Azkena izango ote du?

Alex Txikon abiatua da Nepalera. Iaz bezala, Manasluko gailurrera igotzea du helburu. Zortzimilako batera egingo duen neguko hamaikagarren espedizioa izango du Lemoako alpinistak. Orain arte, Nanga Parbatera igotzea lortu du.

Espedizio askotan eguraldia aurka izan dute. ALEX TXIKON.
Unai Ugartemendia.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Azken hamar urteetan gertatu den antzera, atzo abiatu zen Alex Txikon alpinista (Lemoa, Bizkaia, 1981) neguko espedizio bat egitera. Iaz bezala, Manaslura, eta, orduan bezala, Iñaki Alvarez euskal alpinistarekin eta Simone Moro italiarrarekin osatu du espedizioa. Neguko 11. espedizioa izango du lemoarrak. Urte hauetan guztietan, Gasherbrum I, Everest, K2, Manaslu eta Nanga Parbat mendiak izan ditu helburu, baina azkenengo horretan soilik igo zen gailurrera, 2016ko otsailean. Litekeena da azken neguko espedizioa izatea Manaslukoa, eta, abiatu aurretik, espedizio guztien errepasoa egin du BERRIA-rekin.

GASHERBRUM I. PAKISTAN, KARAKORUM, 8.068 METRO
Baltororen bakardadea

Alex Txikonek 2011n egin zuen neguko lehen espedizioa zortzimilako batera. Gasherbrum I (Pakistan, Karakorum, 8.068 metro) mendia aukeratu zuen estreinakoan. Aspalditik ikusten zituen Txikonek neguko espedizioak. «2001eko eta 2002ko negutik jarraitzen nituen neguko espedizioak. Gogoan dauzkat, esaterako, Al filo de lo imposible programakoak nola joan ziren Broad Peakera [Pakistan, Karakorum, 8.051 metro], baita Krzysztof Welicki poloniarrak K2 [Pakistan, Karakorum, 8.610 metro] mendira eginikoa ere... Haiekin liluratuta, Andrezj Zawada poloniarrak bere garaian egindakoak jarraitzen hasi nintzen. Hura izan zen neguko espedizioen bultzatzaile nagusia».

Gasherbrum I-era ez zen egoerarik onenean joan Txikon. Urtarrilaren 5ean aita galdu, eta handik hamar egunera abiatu zen Pakistan aldera. Gerfried Goschl austriarra eta Louis Rosseau kanadarra izan zituen sokakide. «Oso oroitzapen polita izan zen lehenengoa, baina aldi berean oso gogorra. Oinarrizko kanpalekura iritsi bezain laster konturatu nintzen neguko espedizioen gogortasunez», ekarri du gogora Txikonek.

Gogorra izan zen arren, berriro itzuli zen handik urtebetera. Baina gauzak ez ziren uste bezain ondo atera. Negu historikoa izan zen Pakistanen. Martxoaren 9an, Adam Bielecki eta Janusz Golab poloniarrek osatutako sokaldiak Gasherbrum I-eko neguko lehen igoera lortu zuen, oxigenorik erabili gabe, gainera. Baina, egun berean, Txikonen taldekide Gerfried Goschl austriarra, Cedric Hahlen suitzarra eta Nisar Hussain Sadpara mendizale pakistandarra hil egin ziren. Hamalau zortzimilakoen artean mendirik garaienetan hamaikagarrenean. Ez du berehalakoan ahaztuko. «Mendian izan dudan kolperik gogorrena izan zen hura».

NANGA PARBAT. PAKISTAN, KARAKORUM, 8.125 METRO
Lortutako bakarra

2013an Laila Peaken (Pakistan, Karakorum, 6.096 metro) neguko lehen igoera egin eta gero, Nanga Parbatera igotzen saiatu zen lemoarra. Lehen urtean, gailurretik hiru ordura gelditu ziren Txikon, Ali Sadpara pakistandarra eta Daniele Nardi italiarra. «Gailurretik oso gertu ginen, baina, Sadparak izan zituen arazo batzuk zirela medio, ezin izan genuen aurrerago joan. Handik itzultzean, jendearen esamesak hasi ziren, alegia, ez ginela hainbesteko altuerara igo. Gauza arraroak sentitu nituen espedizio hartatik itzultzean». Halere,Txikonek ez zuen etsi, eta 2015ean hirukote bera elkartu zen berriro ere gailurrerako saiakeran. Baina Daniele Nardi italiarrak ez zuen lanerako hainbesteko prestutasunik erakutsi. «Beti zerbait erakutsi beharrean zen Nardi sare sozialetan, baina lanerako ez zuen hainbesteko grinarik».

Motibazio faltak eraginda, ez zuen tontorrerako saiakeran parte hartu, eta, azken orduan, Txikonek Ali Sadpara pakistandarra, eta Simone Moro eta Tamara Lunger italiarrak izan zituen sokalagun. Gailurraren egunean, Lungerrek berriro ere azken kanpalekura jaistea erabaki zuen, nekeak jota. Hirukotea, berriz, otsailaren 26an gailurrera igo zen, eta arrastoa utzi historian. Handik itzultzean, berriro ere azalpen asko eman behar izan zituen gailurra egin zutela frogatzeko. «Ordura arte saiakera batzuk eginak zituen Tomek Mackiewicz poloniarrak, eta bere egin nahi zuen Nanga Parbateko igoera, eta ez zuen inoiz onartu 2016ko igoera hura». Nanga Parbatek duen historia beltzeko zerrendan daude gaur egun Mackiewicz eta Nardi ere. Biak ala biak neguko espedizioetan zendu ziren; poloniarra, 2018an; italiarra, berriz, 2019an.

EVEREST. NEPAL, HIMALAIA, 8.848 METRO
Altueraren lilura

Hiru aldiz saiatu da Alex Txikon Everestera neguan igotzen, eta hiruretan ezin izan du gailurrera igo. Lehen urtean, 2016ko abenduan abiatuta, hamar laguneko taldea izan zuen bizkaitarrak espedizioan. Haien artean zegoen Carlos Rubio espainiarra. Zortzimilako batera igo gabe zegoen Rubio, baina Txikonek haren aldeko apustua egin zuen. Alabaina, ez zuen zorterik izan espainiarrak, eta handik egun gutxira etxerako bidea hartu behar izan zuen. «Banekien altuerarako gizon indartsuak izango nituela ondoan, eta hala zen. Geroztik, 2021ean K2 mendiaren neguko igoeran egon ziren haietako batzuk ziren nirekin Everesten: besteak beste, Nurbu Xerpa eta Gelje Xerpa». Denbora luzez saiatu zen arren, ezin izan zuen gailurreko saiakerarik egin. Etxera itzuli bezain laster, argi utzi zuen berriro itzuliko zela. Eta itzuli zen. Baina, talde handi batekin joan beharrean, talde txikiago batekin saiatzeko hautua egin zuen urtebete geroago.

Eskarmentua lagun, eta gorputza egokitze aldera, aurretik Pumoriko (Nepal, Himalaia, 7.100 metro) gailurrera igo zen. 2001ean bost euskal herritarrek izandako istripuan hil ziren alpinistei omenaldia egiteko ere aprobetxatu zuen Txikonek. «Behin altuerara egokituta, lanean hasi ginen gailurrerako bidean. Egun askotan lanean ibili ondoren, eta 7.800 metrotaraino dena prestatu ondoren, haizea izan genuen etsai nagusi otsaileko azken egunetan». Berriro ere etxera itzultzea tokatzen zen.

Bi ahalegin egin ondoren, 2018ko neguan K2 mendiarekin (Pakistan, Karakorum, 8.610 metro) saiatzea erabaki zuen lemoarrak, eta 2019an berriro ere Everestera itzuli zen. Baina azken espedizioan ere ez zuen zorte handirik izan munduko gailurrik altuenarekin. «Geroz eta zailagoa da neguan Everestera joatea. Lehen aldiz joan ginenean, berritasuna izan zen hara joatea. Baina azkenerako aurrekontua asko murriztu behar izan genuen; ez genuen hainbesteko diru laguntzarik izan, eta jende gutxiago eramateko aukera izan genuen. Halere, argi daukat, ni neguko espedizioetan, Everesteko Khumbuko bailaran gogortu naizela. Neguan izugarrizko lana eskatzen du Everestek».

K2. PAKISTAN, KARAKORUM, 8.610 METRO
Historian arrastoa uzteko ahalegina

Karakorum mendikatearen ikurra da K2 mendia. 2018-2019ko neguan egin zuen ahalegina Txikonek hara igotzeko. Ordura arte neguan igo gabe zegoen mendi bakarra zen, eta ilusio handia zeukan saiakera hori egiteko. Euskal Herritik, Felix Criado alpinistak lagundu zuen urte hartan, eta, behin Pakistanen, Cheppal, Walung eta Pasang alpinista nepaldarrak batu zitzaizkion. «Oso espedizio polita izan zen, baina ez genuen inongo aukerarik izan gailurrera igotzen saiatzeko. Oinarrizko kanpalekutik soka berria ipini genuen. Hori iruditzen zitzaigun aukerarik onena. Lan handia egin genuen, baina eguraldiak ez zigun aukerarik eman. Otsail guztian ezin izan genuen dendatik atera».

Txikonek 2019an lortu ez zuena Nirmal Purja nepaldarrak lortu zuen 2021eko urtarrilaren 16an. Oso negu gogorra izan zen 2021ekoa. Hainbat espedizio abiatu ziren K2 mendiaren gailurrera, baina, negua amaitzerako, bost alpinista gelditu ziren han: Sergi Mingote katalana, Atanas Skatov bulgariarra, Jhon Snorri islandiarra, Juan Pablo Mohr txiletarra eta Muhammad Ali Sadpara pakistandarra 2016ko otsailean Txikonekin Nanga Parbateko gailurrera igo zen. K2 mendia berriro ere igo gabe geldituko zela zirudienean, Nirmal Purjak lortu zuen oxigenorik gabe munduko mendirik garaienetan bigarrenean oinak ipintzea. Harekin gailurrean izan ziren beste bederatzi alpinistek oxigenoa erabili zutela aitortu zuten oinarrizko kanpalekura itzultzean. Gertutik aztertu zuen espedizio hura lemoarrak, eta argi dauka talde lanari esker lortu zuela hamarreko talde hark gailurrera igotzea. «Oso harreman ona dugu Nirmalekin, eta asko poztu nintzen bere igoerarekin. Kontraste handiko espedizioa izan zuten, oso eguraldi onarekin eta oso txarrarekin. Baina haiek asmatu egin zuten gailurreko egunarekin».

MANASLU. NEPAL, HIMALAIA, 8.163 METRO
Beste ahalegin bat

Neguko espedizioetan, eta azken urteetan gehien bat, ikusmin handia sortu da Manaslu mendiaren inguruan. Ez du aurrekaririk. Alpinismoko liburuek diote jada igota dagoela neguan, zehazki 1984ko urtarrilaren 12an. Maciej Berbekak eta Ryszard Gajewskikosatutako bikotea igo zen gailurrera. Baina datak du gakoa. Alpinista askok diote neguko espedizio bat osoa izateko espedizio guztia neguan osatu behar dela, alegia, abenduaren 1ean hasi eta martxoaren 1ean amaitu. Baina Berbekak eta Gajewsik ez zuten espedizio osoa neguan egin. Horregatik hartu du berebiziko garrantzia neguan Manasluk.

Txikon iaz saiatu zen lehenbizikoz Manaslura igotzen. Iñaki Alvarez zumarragarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin abiatu zen Nepalera. Alvarez inoiz ez zen neguko espedizio batean egon, baina Morok dagoeneko lau zortzimilako igoak ditu: 2005ean, Shisha Pagma (Txina, Himalaia, 8.027 metro); 2009an, Makalu (Nepal, Himalaia, 8.463 metro); 2011n, Gasherbrum II (Pakistan, Karakorum, 8.035 metro), eta 2016an, Nanga Parbat.

Espedizioak iraun zuen zazpi asteetan, mendian buru-belarri lan egin behar izan zuten. Ez bakarrik izan ziren elurteen aurrean aztarna irekitzeko, baita bide arruntaren aldaera bat marrazteko ere, gainditu ezin zuten pitzadura baten ondorioz.

Azkenean, bi aldiz lortu zuten 7.000 metro ingurura igotzea, baina ezin izan zuten aurrerago joan. «Lan handia egin zuen Iñakik. Nik nire lehen espedizioan baino hobeto egin zuen lan, nahiz eta eskuetatik asko sufritu zuen. Morok, berriz, esperientzia handia dauka. Talde polita osatu genuen».

Aurtengorako ere bidelagun berberak izango ditu Txikonek. Seven Summit agentziarekin joango dira aurten ere. Hasieran, Sajid Sadpara (Muhammad Ali Sadpara zenaren semea) ere joatekoa zen, baina, osasun arazo batzuk direla medio, ez joatea erabaki du. Halere, helburua lortzeko irrikaz dago Txikon. «Egiten dudanak ez banindu beteko, aspaldian izango nituzke utzita neguko espedizioak. Aurten, berriro ere, oso motibatuta noa. Oso ondo prestatu naiz, baina, agian, iritsi, eta hiru metroko elurra topa genezake oinarrizko kanpalekuan».

Baina ez dira oinarrizko kanpalekuan izango diren alpinista bakarrak. Agentzia berarekin baina beste espedizio batean joango dira, besteak beste, Chapal Xerpa, Pasang Nurbu eta Lama nepaldarrak. Itxura ona hartu dute Manasluko neguko espedizioek, eta horretaz ere gozatu nahi du Txikonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.