Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Istripu militar baten arriskua handitu da Europan

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Azaroa hasi zenetik Errusiak ez dauka inor Bruselan, NATOren egoitza zaharrean, duen bulegoan. Moskun Aliantza Atlantikoak duen ordezkaritza ere itxita dago. Lehenengo aldia da, Gerra Hotza amaitu zenetik, ez dagoela ordezkari fisikorik NATOren eta Errusiaren artean. Bruselan zeuden zortzi errusiarriespioitzan aritzea leporatu zien NATOk eta baimen diplomatikoak kendu zizkien. Gainera Errusiak NATOn duen bulegoan gehienez hamar lagun egotea exijitu zien. Moskuk onartezintzat jo zuen erabakia, eta Bruselako bere egoitza itxi, eta Aliantza Atlantikoak Errusiako hiriburuan zituen ordezkariei bertan lan egiteko baimena ukatu zien.

Gai larririk badago, Belgikako enbaxadara deitzeko eskatu dio NATOri Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek, eta elkarrizketarako bideak moztearen errua Aliantzarena dela esan du. Moskurekiko komunikazioa Aliantza Atlantikoko herrialdeek duten enbaxaden bitartez kudeatuko da. Harremanak apurtu eta gero, Jens Stoltenbergek, NATOko idazkari nagusiak, Errusiak 2008az geroztik egin dituen ekintza erasokorren zerrenda errepasatu du berriro, eta Bruselarekiko maltzurkeriaz jokatzea leporatu dio. Bi aldeen urratsek testuinguru arriskutsu bat eragin dute Europan. Urteetan okerrera egin du egoerak, neurri handi batean, ez dituztelako ondo neurtu bestearen asmoak. Batetik, MoskukNATOren marra gorriak gurutzatu ditu, barne politikan emango dizkion onurengatik; iritzi dio nazioartean jasoko dituen kalteak baino handiagoak direla onura horiek, eta Errusiako presidente Vladimir Putinen erregimenari eusteko oinarrietako bat ere badira. Aliantza Atlantikoak, bestetik,pentsatu izan du, epe luzera, bere kabuz konponduko zirela ekialdeko herrialdeetara zabaltzeak Errusian sortu zituen kezka historiko eta geopolitikoak. Georgian 2008an Errusiaren esku hartze militarrari ez zion merezi zuen garrantzia eman NATOk,eta 2014ra arte, Ukrainan esku hartu arte, ez zuen ofizialki etsaitzat jo Putinen Errusia.

NATOko hegazkinen eta Errusiakoen arteko istiluak eta tentsio uneak konpontzeko ez da harreman zuzenik egongo aurrerantzean; minutu gutxitan kudeatu beharreko egoerek luzeago joko dute, eta arriskutsuagoak bihurtuko dira. Errusiak munduko armategi nuklearrik handiena du, eta Europako Batasuneko lau herrialdetan gutxienez NATOren buru nuklearrak daude. Sekula ez da horren handia izan, gaizki-ulertu baten ondorioz, NATOren eta Errusiaren arteko gatazka militar larri bat lehertzeko arriskua. Europako edozein tokitan gerta liteke. Orain dela urte eta erdi, Bizkaiko golkoan, Espainiako eta Frantziako gerra-hegazkinek, bi aireko errusiar geldiarazi zituzten. Brusela eta Moskutik koordinatuta, eta arazorik sortu gabe, errusiarrak euren aire eremura itzuli ziren. NATOk Espainian eta Alemanian dituen base militarretatik egiten du zaintza lana bere aire espazioan.

Harreman militarren haustura, Mendebaldeak Errusiari ezarritako isolamenduaren beste adibide bat da. Gero eta diplomatiko eta ordezkari gutxiago dituzte Mendebaldeko herrialdeek Errusian, eta alderantziz. Dozenaka ordezkari diplomatiko eta militar kaleratu dizkiote elkarri azken urteanMendebaldeko herrialdeek eta Errusiak. Harreman diplomatiko zuzenak ezinbestekoak dira nazioarteko harremanetan, beste aldeak zer pentsatzen duen eta zer asmo duen jakiteko, eta krisiak lehertzeaekiditeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.