'Past Lives'
Zuzendaria: Celine Song. Herrialdea: AEB. Iraupena: 105 minutu.
In yeon. Hitz korearra da, eta itzuli ezin den arren, patuarekin lotuta dago. Bi ezezagun kalean gurutzatzen badira eta haien arropek elkar ukitzen badute, haien artean milaka in yeon geruza egongo dira.
Horixe azalduko dio Norak ezagutu berri duen Arthurri, New York ondoan egiten ari diren egonaldi artistiko batean. Baina Nora Nora deitzen ez zen garaian hasiko da Celine Songek idatzi eta zuzenduriko istorioa. Seulen (Hego Korea) bizi da Na Young , eta bere ikaskide Hae Sung du gustuko. Notarik onenak nork aterako aritzen dira borrokan, eta, Na Youngek negar egiten duenean, Hae Sung harekin gelditzen da. Neskaren familia Kanadara bizitzera joaten denean, Hae Sungekin geldituko da, Hego Korean. 20 urteren ondoren elkartuko dira berriro ere, New Yorken oraingo honetan, eta norabide desberdinetan hazitako lagunek hartutako erabakiei buruz hausnartuko dute.
Celine Song bere bizi esperientzian oinarritu zen Past Lives idazteko garaian. Izan ere, Hego Korean jaio zen bera ere, eta haurra zela familiarekin Kanadara egin zuen alde. Antzerkigile gisa egin du lan, eta Past Livesdu bere lehen film luzea. Sundance jaialdian aurkeztu zen, eta Berlinalen parte hartu zuen.
24 urte dirauen istorioa kontatu du Songek. Maitasun istorio bat da, bi (edo hiru) pertsonaren arteko maitasun istorioa; baina baita atzean utzitako bizitza horiekiko guztiekiko, erabaki horiekiko, bide horiekiko maitasunarena ere. Eta korearrak oso zaila den zerbait lortu du: dramatismo izpirik gabe hunkigarria den maitasun istorioa kontatzea, komediatik asko duen filmak amaieraraino iraungo duen eztarriko korapilo bat eragitea, eta etsaia beharko lukeen pertsonaia maitagarria egitea.
Songek film delikatua sortu du, klixeetatik urruntzen dena, maitasun deklarazio ikusgarririk gabea, gertukoak senti daitezkeen elkarrizketa errealez betea. Ezpainetatik irribarrea kendu ezinik, eta malkoa begi ertzean duzula ikusteko istorioa da Past Lives; mingarria eta samurra, bere txikitasunean bizitza bat eta aurrekoak ere biltzen dituena.
Donostiako 71. Zinemaldia. Kritika. Perlak
Bizitza honetan edo ondorengoetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu