Maite Asensio Lozano.
Koronabirusa. ANALISIA

Ulertzearen garrantzia

2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
«Komunikazio ona, gardentasuna, zera da: erabakiak zergatik hartzen diren esplikatzea». Txetxu Ausin filosofoak igandean kazeta honetan esandako hitzek zentzu berezia hartu zuten herenegun iluntzean, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak iragarri osteko nahastearen erdian. Udalerriak ixteko aginduarekin batera emandako xehetasun eta argudio apurrek zalantza eta kasuistika olde bat eragin dute, baita administrazioaren barruan ere. Eta oihartzun horien gainetik, galdera ozen bat: zer helburu dute neurriok? Balioko ote dute?

Epidemiologoak azaltzen ari direnez, mugikortasuna ezinbestekoa da gaitz infekziosoak hedatzeko; udan mugikortasuna handitzeak kutsatzeak areagotzea ekarri zuen bezala, orain mugikortasuna mugatzeak ekarri behar luke kutsatze kateak etetea. Azken asteetako esperientzien arabera, udalerriak ixtea eraginkorra izan da birusa gune horietatik ez ateratzeko eta positibo bakoitzeko kutsatze kopurua txikitzeko. Besterik da oraingoan neurri hori eraginkorra izango al den udalerri guztietan ezarrita, salbuespenetarako hain aterki handia jarri denean, lanarekin lotutako mugikortasuna auzitan jarri gabe administrazioan telelana ezartzeaz ez dira mintzatu erakundeak, adibidez eta neurriak betetzen direla kontrolatzea hain zaila izanda.

Antzeko itaunak izan ziren joan den astean ere, etxeratze aginduaren harira: zertarako balio du? Zer jarduera mugatu nahi dute? Pentsatzekoa da kale edanaren edo gaueko festa pribatuekin kezkatuta daudela gobernuak gauez alkohola saltzea ere debekatu baitu Jaurlaritzak, baina ulertzen zaila da arazo horiez argi ez mintzatzea, eta, adibidez, etxeratze agindua ezarri aurretik bestelako komunikazio kanpainarik ez egitea. Ulertzen zaila da, era berean, azalpen teknikoak eskuragarriago egotea sare sozialetako harietan norbanakoen ekimenez, gobernuek informazioa emateko eskura dituzten baliabideetan baino.

Eta pandemia batean, ezinbestekoa da herritarrek jakitea zergatik egin behar dituzten ahalegin horiek, neurriak ulertzea, babestu eta barneratu ditzaten; gaitzari aurre egiteko askatasun indibidualak murriztu behar diren honetan, gizartean heldutasun eta erantzukidetasuneko jokabideak zabaltzeko. Aldiz, datu, azalpen eta argudio argirik gabe debekuak eta aginduak lehenesteak arazoak ekar ditzake luze gabe: nahastea, nekea, desafekzioa, arduragabekeria... Pandemiari oraindik hilabeteak gutxienez geratzen zaizkion honetan. Komunikazioari garrantzi nahikorik ez ematea osasun publikoko arazo bihur daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.