Alkateak ez du esan Podemosek egin zituen eskakizunak beteko dituenik ere

Udal gobernuan dago, PSE-EErekin. Alardea berriz antolatzeko eta hautu parekidearen aldeko keinuak egiteko eskatu diote alkateari

Alarde parekidea udaletxe parean, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Martxoaren 21ean Irungo Elkarrekin Podemos-IU alderdiko ordezkariek prentsaren aurreko agerraldi bat egin zuten; alardearen «antolaketa» udalak bere gain hartu beharko lukeela argudiatu zuten, eta bide hori martxan jarri aurreko hainbat «eskari» egin zituzten, esaterako desfile parekidearen aldeko keinu «sinbolikoak» egitea; besteak beste, alkateak alarde parekideari harrera egitea nahi dute, ez baitio inoiz egin. Badute garrantzia eskakizunek, udal gobernuko parte baitira egun, PSE-EErekin batera. Egun oraindik ere alkatetzak eskeen gaineko aurrerapausorik ez diela baieztatu onartu du David Soto legebiltzarkideak.«Baina guk ahalegina egingo dugu alkateak alarde parekideari harrera egin diezaion», nabarmendu du.

Martxoan egin zuten agerraldian Podemoseko ordezkariek «errespetua» erakutsi zieten alarde baztertzailean parte hartzen duten herritarrei, baina udalak alarde parekidea lehenesteko urratsak egin behar dituela adierazi zuten. Legealdi honetan zehazki alardearen auzia aztertzeko mahai politiko bat martxan egon dela esan zuten, eta horren abaroan sustatu behar direla aurrera urratsak. Bidea arinduz joateko keinu «sinbolikoen» artean, alarde parekideari egin beharreko harreraz gain, gehiago ere aipatu zituzten. Usadioa izaten da hantxe, esaterako, udaletxeko arkupeetan, hiriko bandera alardeko ordezkariei ematea, eta aurten bandera hori alkateak alarde parekideari eman behar diola esan zuten, keinu hori ere ez baitu inoiz egin.

Boto bat da jaiaren sorburua, azken urteotan izurriaren harira alarderik egin ez denez talde politiko guztiek batera parte hartu dute boto hori berritzeko ospakizunetan, eta aurten ere hori errespetatzea nahi dute. Era berean, bi desfileen arteko «komunikazio bideak» irekitzeko eskea ere egin zuten.

Badakite alkateak udaletxeko balkoian ohi baino pertsona gutxiago egoteko irizpidea eman duela, baina COVID-19arekin lotutako neurrien harira egin du; ez dakite, beraz, zer gertatuko den. Bestela ere, lanean jarraitu behar dela esan du Sotok, eta helburuen artean dute, adibidez, hiriko hurrengo berdintasun planean alardearen gaia aintzat hartzea, oraindik ez baita hori ere lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.