Araluceko langileak Batzen barnean birkokatzeko eskatu du batzordeak

Desadostasun handiak egon dira konkurtso kudeatzailearekin izandako lehen bileran

Araluceko langile talde bat eta ertzain batzuk, lantoki barnean zeuden trokelak atera zituzten egunean. ? M. D. V. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Atzo, enpresa gidatzen duen konkurtso kudeatzailearekin eginiko bileran, Araluceko langile batzordeak eskatu zuen enpresako 141 langileak Batz kooperatibak dituen lantegi ezberdinetan birkokatzeko. Batzordearen arabera, Araluce Batz taldearen barnean dago 2016az geroztik. Batzen ustez, aldiz, ez dira multzo bereko enpresak. Era berean, joan den astean Aralucetik «erreskataturiko» trokelak ordaindu dituela jakinarazi zuen kudeatzaileak, eta, horrenbestez, langileek atzeraturiko soldatak jaso ahalko dituztela. Kooperatibak urrian jakinarazi zuen Araluce ixteko asmoa, azken hiru urteetan galerak izan dituela argudiatuta.

Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan izan zen bilera, Bilbon. Langileen ordezkariek parte hartu zuten aurrenekoa izan zen; konkurtso kudeatzailearen arabera, aldiz, erregulazioaren itaunketa faseko laugarren bilera izan zen. Aurreko bileretan Batzeko ordezkariekin eta likidazioaz arduratzen diren abokatuekin bakarrik elkartu zen —atzoko bileran ere bertan ziren—. Langile batzordearen ustez, egoera hori «irregulartasunez betetako» prozesu baten froga da. Batzen ikuspuntua, aldiz, ezberdina da; bilera egutegia martxan zegoela argudiatu zuen enpresak, eta esan zuen langileen ordezkariak ez zirela joan aurreko hiru bileretara, deituak izan arren. Hilaren 9an elkartuko dira berriro. Itaunketa faseak, luze jota, 30 egun iraun dezake.

Kalera ateratzeko ordua

Batzordearen eta konkurtso administratzailearen eta Batzeko abokatuen arteko jarrerak urrun daude. Hasteko, eta betiere langile batzordeak publiko eginiko oharraren arabera, Batzek «ez du aitortzen Batz eta Batz Araluceren egoera, enpresa taldearen harremana agerikoa den arren». Sindikatuek, hortaz, informazioa eskatu dute egoera hori azaltzeko. Batzordearen ustez, ez dago zalantzarik Batz taldearen barnean dagoen enpresa bat dela Araluce. Haien arabera, horren erakusgarri da abenduaren 26an Aralucetik ateratako trokelak Batzek Igorren (Bizkaia) bertan duen lantegira eraman zituztela. «Batz taldeak Batz Araluceren hustuketa kontzientea» egin duela defendatu zuen batzordeak. Egun hartan, Araluceko langileek ez zioten trabarik jarri lantegia husteko lanei, eta kamioiak arazorik gabe sartu eta irten ziren.

Bi enpresen arteko harremana zertan datzan argitzea negoziazioko puntu garrantzitsuenetako bat da. Epaitegiak ezarritako administratzaileak talde bereko enpresak direla onartuko balu, batetik, birkokatze eskaerak indarra hartuko luke, eta, bestetik, Batzek bere gain hartu beharko lituzke balizko kaleratzeen kalte-ordainak. Aldiz, harreman hori onartuko ez balu, Araluceren gain geldituko lirateke, eta, osorik ordaintzerik izango ez balu, Soldatak Bermatzeko Funtsaren (SBF) esku. Hainbat langilek jaso beharreko kalte-ordaina, baina, SBFk gehienez ordain dezakeena baino gehiago da.

Bitartean, Araluceko langileek bertan behera utzi dute azaroaren 14an deituriko greba, baina ezin dira lanera sartu, planta itxita baitago. Baimen ordaindu batean daude, baina, batzordeak dioenez, urriaz geroztiko soldatak zor dizkiete. Batzek, ordea, «milioi erdi euro inguru» ordaindu du iragan astean ateratako trokelengatik; ondo bidean, soldatak eguneratzeko nahikoa beharko luke.

Araluceko langileek txandaka jarraitzen dute lantegi aurreko etxolan. Lantegiaren hustuketak giroa hoztuko zuela zirudien, baina ia langile guztiek jarraitzen dute txandak egiten. Oraingoz, prozesua bizkor doa, baina baliteke luze jotzea, erregulazioa epaitegietara eramanez gero,
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.