Albistea entzun

Errusiak bidalitako tropak bihar dira Kazakhstandik ateratzen hastekoak

Tokaiev presidentearen ustez, Sobietar Batasun ohiko zenbait herrialdek osatutako ODKB erakundeak bidalitako 2.000 soldaduen laguntza ezinbestekoa izan da azken egunetako protestei aurre egiteko
Bi pertsona, atzo, Almatyn, protestetan kiskalitako ibilgailu baten aurretik pasatzen.
Bi pertsona, atzo, Almatyn, protestetan kiskalitako ibilgailu baten aurretik pasatzen. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko urtarrilak 12

Kazakhstanen azkeneko hamar egunetan lehertu diren protestei aurre egiterakoan, ODKB Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeko estatu kideen soldaduen laguntza ezinbestekoa izan da, herrialdeko presidente Kassim-Jomart Tokaieven esanetan. Kazakhstanekin batera, Errusia, Armenia, Bielorrusia, Kirgizistan eta Tajikistan dira aliantzako kideak, eta, Tokaievek berak herenegun zehaztu zuenez, 2.030 soldadu bidali dituzte; gehienak, Errusiako armadakoak. Presidenteak atzo bideokonferentziaz iragarri zuenez, Sobietar Batasuna desegin ondoren sortutako erakundearen tropak bihar dira herrialdetik ateratzen hastekoak. Pixkanaka erretiratuko dira, eta aurreikusten dute ez duela hamar egun baino gehiago iraungo.

Berez erregaien prezioen igoerarengatik hasi ziren mobilizazioak, eta joan den asteazkenean, «mehatxu terroristaren» aurka egiteko, Tokaievek laguntza eskatu zien bazkideei. Iruditzen zaio Almatyn, protesten erdigunean, esku hartu izan ez balute, hiriaren kontrola galduko zuketeela estatuaren indarrek.

Manifestariak «prestatutako gaizkile armatuak» dira presidentearen hitzetan, «nazioarteko terroristak», eta, herenegun adierazi zuenez, «estatu kolpe bat» emateko asmoa zuten. Gehienak «Asia erdialdekoak, Afganistangoak eta Ekialdeko Hurbilekoak» dira. Ez du, ordea, hori baieztatu ahal izateko inongo frogarik aurkeztu. Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere «atzerriko esku sartzeak» salatu zituen, herenegun, ODKBko liderrek auziaz hitz egiteko egindako bilera telematikoan.

Egoeraren kontrola galtzen ari zela ikusita, manifestariei «hiltzeko» tiro egiteko agindu zien Tokaievek estatu indarrei eta bazkideen soldaduei, joan den ostiralean. Asia erdialdeko errepublikaren agintariek emandako datuen arabera, 160 pertsona baino gehiago hil dira liskarretan, zaurituak 1.300 inguru dira, eta ia 10.000 pertsona atxilotu dituzte.

Atxilotuen artean dago Karim Massimov herrialdeko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko buru ohia, azken bi hamarkadetan hainbat kargu publiko edukitakoa, manifestariei buruzko informazioa ezkutatzea leporatuta. Estatuko aparatuetan purga bat hasi du presidenteak; izan ere, ez dago pozik, ez, batzuen jokabidearekin. «Zenbait hiritan, nahiz eta armamentua sobran eduki, Segurtasun Nazionalerako Departamentuetako buruek egoitzetatik alde egin zuten borrokatu gabe, armamentua eta dokumentu sekretuak horietan utziz».

Egunak igaro ahala, gobernuaren eta ustelkeriaren aurkakoak bihurtu ziren protestak. Kazakhstan herrialde oparoa da baliabide naturalei dagokienean (uranioa, petrolioa eta gasa, batez ere), eta Tokaievek onartu zuen horiek salduz herrialdeak lortzen dituen etekinak ez direla behar bezala banatzen. «Oligarken taldeak izan dira hazkunde ekonomikoaren onuradun nagusiak. Oligopolioek merkatu librearen garapena mugatu zuten, eta herrialdearen lehiakortasuna murriztu», azpimarratu zuen atzoko diskurtsoan.

Mobilizazioak hasi eta gutxira, aurreko asteazkenean, gobernuak dimisioa eman zuen. Askar Mamin ordezkatuz, behin-behineko lehen ministroa Alijan Smailov izan da azkeneko astean, eta, atzo, Tokaiev presidenteak berak proposatuta, parlamentuak onartu zuen kargurako. 49 urte ditu Smailovek, eta, aurrez, Finantza ministroa izan zen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Gaiak

Albiste gehiago

 ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

«Marokorekin genuen krisi sakona gainditu dugu»

Ricard Gonzalez

Buruzagi sozialista ez da damu Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatu izanaz, alderantziz baizik. Haren esanetan, «errespetuan» oinarritutako harremana nahi du Madrilek auzokoekin.

Ozeano Antartikoko ur fluxua %40 murriztu liteke 2050erako

Berria

Ikerketa baten arabera, ozeano sakoneko ur fluxuen geldotzeak «ondorio larriak» ditu mundu osoko kliman
Laura Borra JxCko presidentea, gaur, Kataluniako Parlamentuaren aurrean egin duen agerraldian. ©Quique Garcia, EFE

Borrasi lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Kataluniako Auzitegi Nagusiak

Gorka Berasategi Otamendi

Epaimahaiak eskatu du indultua emateko JxCko presidenteari, kartzela zigorra ez dezan bete. Hamahiru urteko inhabilitaziora ere kondenatu du.

Ekuadorko presidente Guillermo Lasso, Santo Domingon, Dominikar Errepublikan, joan den ostiralean. / ©Orlando Barria, EFE

Ekuadorko presidentea politikoki epaitzeko eskaria onartu du Konstituzionalak

Arantxa Elizegi Egilegor

Oposizioak gehiengoa du parlamentuan, eta, beraz, erraz lortuko lituzke zentsura mozio baterako behar dituen 92 botoak. Diru publikoa oker erabiltzea egozten diote presidenteari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...