Albistea entzun

Laneko eta kontsumoko ekosare baten sorreraz

Pedro A. Moreno Ramiro - Animatzaile soziokulturala

2021eko irailak 16

Bizi ditugun krisi sistemiko ezberdinen jakitun izanik, behar-beharrezkoa da desazkundearen teoriaren aldeko apustua egitea. Baina, gaur egun, ezkerraren zati handi batek ere ez du onartzen hori. Testuinguru berri horrekin batera, kontsumo- eta ekoizpen-sareak sortu behar dira, zazpi herrialdeek osatzen dituzten herrientzat subiranotasun ekonomikoa eraikitzeko; independentzia ekonomikorik gabe, ezinezkoa da independentzia politikoa lortzea. Era berean, garrantzitsua da nabarmentzea proposamen honek salbamendu-ontzi bat izan nahi duela, etxebizitza edo osasuna bezalako gaietan. Azkenik, eta ez garrantzi gutxiagokoa, funtsezkoa da azpimarratzea euskal herritarrok daukagula zainketen arloko politika integral bat emateko beharra.

Historia modernoan zehar, herri jakin baten independentzia beti boterea hartuz bilatu nahi izan da, eta botere-hartze horrek de facto Estatu berri bat eraikitzea dakar, bere aparatu burokratiko, errepresibo eta abarrekin. Testu honek planteatzen duena, askapen kurduaren mugimenduaren arrastoari jarraituz, Euskal Herria era berean kontraboteretik eta subiranotasun ekonomikotik eraikitzea da. Subiranotasun ekonomikoa, batzuek indepententzia osoa deitzen diogun puzzle hori osatzen duten gainerako subiranotasunetan eratorriko dena da.

Jatorri bereko krisiek (klima-krisiak, COVID-19arenak, errefuxiatuenak, ekonomikoak...) euskal herriaren erantzuna behar dute, eta ez Espainiako erakunde estataletako ordezkariena. Erakundeek ibilbide laburra dute independentziaren aldeko bidea jorratzeko orduan, Katalunian erakutsi den bezala. Nabarmentzekoa da, indarkeria fisikoko ekintza bakar bat gabe, bide hori egin zuten politikari katalanek preso edo erbesteratuta amaitu dutela. Horrek adierazten du bidea ez dela gure proiektu politikoa Espainiako Estatuak ematen dizkigun ertz instituzional eta legalen barruan eraikitzen saiatzea, baizik eta estrategia lotuagoa joan behar dela Estatuaren kontakizuna gainditzen duten formula berrien esperimentazioan. Azkenaldian ikusten dugun moduan, 78ko Erregimenak subiranotasunaren aldeko indarrekin itunak egingo ditu, soilik itun horiek nazioaren batasuna edo monarkia edo ejerzitoa bezalako estamentuak arriskuan jartzen ez badituzte. Zeƒrtarako negoziatu ogi apurrak, gure berezko ogia egin ahal badugu?

Testuinguru berean, Espainiako Estatuak epaile eta fiskalen makineria guztia erabiltzen du Estatuko herriei askatasun izpirik ere ez emateko, aberatsei mesede egiten dien eta langileak pobretzen dituen legezkotasuna aplikatzeko eta euskal gatazkari aurre egiteko estrategia politikoa mendekuan eta errepresioan oinarritzeko. Ez bakarrik euskal preso politikoen aurka, baita ere kontakizun ofizialarekin gutxieneko elkartasuna edo desadostasuna erakusten duten guztien aurka egiteko.

Iraganeko baina oso egungo eslogan batek zioen bezala, lurralde honetan lan egiten duen eta bizi den pertsona oro da Euskal Herrikoa; horregatik,. garaia da aniztasun hori jendaurrera eramateko, herri honen historia kolektiboa ahaztu gabe. Batzuek auzolanarekin edo herri batzarrarekin lotu nahi dugu istorio hori. Praktika hauek, bide batez esanda, ez ditugu itsu-itsuan idealizatu behar, baina bai kontuan hartu, horiek baitira hegemonikoak ez diren errealitateak ehuntzeko erabili beharreko hari perfektua. Bi osagai horiek elkarri laguntzen dioten oinarrizko demokraziako elementuak gordetzen dituzte DNAn. Ezaugarri horiek definitzen dute existitzeari uko egiten dion eta olatu neoliberal betean dagoen herri baten jarrera, nahiago izan baitu herri-kultura eta bere iragan kolektiboa kontinente zaharreko nazio historiko gisa geldiarazteari heldu.

Ez da hau herri honen lurraldetasuna lupa historikotik goraipatu nahi duen manifestu bat; izan ere, herri honek dituen ehunka edo milaka urteak gorabehera, axola duena ez da nazio jakin batek dituen urteak, baizik eta zenbat jende identifikatzen den nazio honekin. Horrek markatzen du nazio baten errealitate soziologikoa, eta gaur egun ez dago zalantzarik Euskal Herria nazio bat dela euskal herritar gehienentzat.

Behin hori esanda, testu honek planteatzen duena da etorkizuneko sareen sare hori herrialdea osatzen duten bioeskualdeetan banatzea. Hori guztia, herrialde ezberdinetako biztanleei lana eta zerbitzuak eskaintzeko, ikuspegi ekosozial eta feministatik.

Nori zuzentzen zaio testu hau?

Ekologista, feminista, libertario, abertzale, sozialista sentitzen diren eta, aldi berean, Euskal Herriarentzat esparru propioa eraiki nahi duten guztiei, ikuspegi ez-desarrollista eta antikapitalistetatik. Alegatu honen helburua da, ahal den neurrian, gizarte-ekonomiako proiektuak, borroka antidesarrollistak eta feministak eraikitzeko lanean ari diren pertsona eta kolektibo guztiak batzea; azken batean, gai horien alde lan egiteaz gain, herri bakoitzak bere burua egokia deritzon moduan gobernatzeko eskubidea duela uste duten gizarte-mugimenduak batzea.

Zer lortu nahi da?

Helburua da lan-poltsa amaigabeen mende ez egotea, BPGaren hazkundearen, ekonomia produktibistaren eta, beraz, kapital handien mende baitaude.

Nola egingo dugu?

Antolakunde baten sorrera erabiliz —oraindik zehazteke dago—, ekimen honetan parte hartzeko borondatea erakusten duten kolektibo edo pertsonen topagune gisa. Erakunde hori etorkizuneko lan- eta kontsumo-sare horretarako esparru juridikoa izango litzateke. Espainiako eta Frantziako estatuek etorkizunean egin ditzaketen erasoen aurrean babestu ahal izateko ezarriko litzateke.

Nola kudeatuko dugu erakunde hori?

Gure kokapen geopolitikoa kontuan hartuta eta distantziak alde batera utzita, Konfederalismo Demokratiko kurdua Euskal Herrian aplikatzen saiatuko ginateke. Hau da, estatu espainiarrari kontraboterea sortuko genioke, erakunde asanbleario eta horizontala bailitzan, barrura begira koordinatuko genukeena, eta, kanpora begira, erabat erakunde legitimoa izango litzateke, nazio-estatuek gaur egungo gizarteari ematen dizkioten marjinen barruan.

Zer helbururekin?

Estatu nazioak ematen dizkigun arrailak erabiltzea Euskal Herriaren independentzia eraikitzeko, hemen eta orain; eta ez gaitezen engaina, gure urdailak beteta daudenean eta gure oinarrizko beharrak beteta daudenean hasten da independentzia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley
Ondoeza

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.