Ziurgabetasun garaietarako pasaportea

Monika Madinabeitia eta Aitor Zuberogoitia
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Nassim Taleb filosofo eta ikerlari libanoarrak zisne beltza-ren teoria argitaratu zuen 2007an. Ezusteko gertaera baten metafora da zisne beltza, eragin sozioekonomiko handia duen gertaera batena; behin iraganik, atzera begiratuz arrazionalizatzen da gertaera hori, eta, perspektiba horretatik, aurreikusteko edo azaltzeko modukoa dirudi.

Bizi ditugun garaiak bizi baititugu, batek baino gehiagok seinalatu du koronabirusa zisne beltzaren adibide paradigmatiko gisa, baina Talebek berak berehala gezurtatu du hipotesi hori, bere teoriaren baldintzak betetzen ez dituela iritzita.

Zisne beltza izan ala ez, ukaezina da COVID-19ak agerian jarri dituela egungo garapen ereduaren buztinezko oinak, gure ziurtasuntxoak ahuldu eta aro garaikidearen josturak hautsita. Aro batek aurrekoaren josturak apurtzea ez da kontu berria. XIX. mende hasieran, adibidez, probabilitatearen teoria garatu zuen Pierre Simon Laplacek. Une hartan nagusi zen positibismoak arrazoimenaren utopia bat agintzen zuen, mundu bat non printzipio zientifikoek giza existentzia hobetuko zuten eta den-dena azaldu ahal izango litzatekeen aurrez definituriko portaera ereduen bidez.

Laplacek giza portaeraren arau mekanikoak deszifratu nahi zituen; ez zuen bere asmoa burutu ordea, ez baitzen borondate askearen misterioa azaltzeko gauza izan. Urte batzuk geroago, Thomsonek 1852an termodinamikaren bigarren legea ezarri ostean, fisikariek ondorioztatu zuten errealitatea imajinatzen zutena baino askoz korapilatsuagoa zela eta kaosa beti egongo zela presente unibertsoan.

Zazpi urteren buruan, 1859an, Darwinek Espezieen jatorriaz lana argitaratu zuen Beagle itsasontzian egindako bidaia luzearen ondoren; espedizioko apunteak errepasatuz, naturalista ingelesa ondorio argi batera iritsi zen: espezie bizidunak ez ziren aldaezinak. Hortik hautespen naturalaren teoriara urrats bat besterik ez zegoen.

Malthusek gizarte zientzien arloan landutako ideiez baliatu zen Darwin, eta baita Spencerren the survival of the fittest kontzeptuaz ere. Lehengai horiek erabili zituen naturalista ingelesak bere behaketak corpus teoriko koherente batez hornitzeko, baina ezin izan zuen free will edo borondate librearen misterioa azaldu. Mundua sobera korritua zuen ordurako, eta etxeko lorategiko zizareei eskaini zizkien azken ikerketa-urteak.

Bigarren industria iraultzaren eztanda garaiak ziren. Sasoi hartan hautespen naturalaren teoriaz jabetu zen darwinismo soziala, sortzen ari zen ordena berria legitimatzeko.

Mendea baino gehiago igaro da ordudanik eta aldaizeak berriz harrotu ditu bazterrak, hazkundearen mugak zein globalizazioak eta eraldaketa digitalak ekarritako mudantzak bistaratuta. Neurozientziak eta adimen artifiziala aitzindari direla, giza dimentsio berri bati buruzko diskurtsoa hasi da ernetzen; adibide modura jartzen dira Neil Harbisson (burezurrean antena bat jarria duen munduko lehen pertsona, gobernu batek legez ziborg gisa aitortutako estreinako gizakumea) eta Sophia robota, 2017an herrialde bateko (Saudi Arabia) herritartasuna lortu zuen lehen humanoidea.

Muturra erakusten hasi den errealitate berri horren aurrean batzuek makinaren eta gizakiaren sinbiosiaren alde egiten duten bitartean, pertsonaren muga organikoak zabalduko dituen ziborg identitate bat defendatuta, beste batzuek «zirkuitu neuronaletara murriztutako gizaki biologikoaren ideia» salatzen dute (Jexux Larrañagari lapurtu diogu aipua), gizabanakoaren izaera sozial-kulturala ahaztu ezin dela argudiatuta.

Lurra dantzan dabilkigu hankapean, aldaketa handiak suma daitezke zerumugan: bosgarren industria-iraultza, fabrika konektatuak, logistika eta eraginkortasun klabean pentsatzeko gai diren makinekin hornitutako lantegiak... Vidalek, hala ere, testuinguru digitalizatu eta globalizatu hori hizpide duela, premiaz landu beharreko alderdi estrategiko bat aipatzen du pertsonon balio erantsi modura: gure humanitatea, gure dimentsio emozional, sortzailea, harreman-sareak osatzeko daukagun gaitasuna.

Lanki Kooperatibismoaren Ikertegiko kideek, berriz, hainbat eragile sozial eta ekonomiko elkarrizketatu ostean, euren azken argitalpenean nabarmendu dute euskal industriaren etorkizunean «pisu berezia» hartuko dutela «produktu eta zerbitzu jasangarriek, digitalizazioak edota mugikortasunak»; haien ustez «epe laburrean, industria ulertu eta egiteko moduak itxura zeharo diferentea hartuko du lurraldean» eta «ukiezinen balioa» izango da enpresen «hobekuntza-eremu nabarienetakoa», hau da, zelan antolatzen den enpresa eta zelako harremanak dituen bere inguruarekin.

Nahasmen-garaietan klasikoetara itzultzea komeni dela diote. Lorategiko zizareei begira utzi dugu lehen Darwin. Behaketa-aldiaren ostean, haren obraren ardatz nagusietakoa dena berresteko moduan izan zen: hau da, denbora nahikoa izanda, eragile txiki baina konstanteek funtsezko aldaketak eragin ditzaketela. Izan ere, egiaztatu ahal izan zuen, besteak beste, harren 30 urteko jardunak harritza oso bateko harriak desagerrarazi zituela, zizareen lana Stonehenge-eko monolitoak lurrean gehiago hondoratzeko gauza izan zela eta 2.000 urte baino gutxiagoan ereiteko moduko zelai eder bihurtu zutela villa erromatar bateko zoru baldosaduna.

Hara non, beraz, harrek, hain ezdeus itxura batean, funtsezko zeregina betetzen duten: lurra jorratu, iragazi eta berritzen dute, eta ezinbestekoak dira humusa osatzeko.

Zaila da analogia posiblearen tentaldiari ihes egitea. Munduan bere lekua bermatu gura duen herri txiki bateko kide gara eta koronabirusak erakutsi digu gaur egun dena dagoela konektaturik, gure partida ere agertoki globalean jokatzen dela, lanabes berriak ditugula gainera esku artean eta lanabesok (digitalizazioa, garapen teknologikoa) zentzuz hornitu beharra dagoela, humusa osatu, lurra jorratuko duten sustrai sendodun pertsona irekiak espresuki heziz ordezkaezin egiten gaituzten arloetan: autonomia, lankidetza, espiritu kritikoa, sormena, erantzukizuna, gure ukiezin nagusi ez ezik, borondate askearen jardun kontzienterako pasaporte baitira lehen bezala orain ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.