Eztabaida burujabe handia

Gorka Torre Roca
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Frantses gobernuak Eztabaida nazional handia abiatu zuen urtarrilaren 15ean. Egun berean, ipar Iratiko zortzi herritarrek, Eztabaida burujabe handia abiatu genuen eta agiri hau argitaratu genuen:

Frantses gobernuak Eztabaida nazional handia abiatu du.

Eztabaida burujabe handia abia dezagun.

Frantziako eta Nafarroako herritarrek, bizitzeko eraikin handi bakoitzeko solairuan, bizitzeko eraikin txikiago bakoitzean, hiri kalexka bakoitzean, herri karrika bakoitzean eta landazabal auzo bakoitzean, biltzar bat sor dezagun, eta gure eta besteen biziei, beharrei, nahiei, pozei, bihozminei, arazoei, aterabideei, aldarrikapenei... buruzko eztabaida burujabe, ezbortitz, eraikitzaile eta iraunkor handia abia dezagun.

Eztabaida burujabe handia, biltzar bakoitzak, edozein unetan ezeztagarri diren eta mandatupean diren bere ordezkariak izendatuz, hauek beste biltzarren ordezkariekin ordezkarien elkargoetan elkartuz, eta biltzar bakoitzak autonomia atxikiz.

Eztabaida ezbortitz handia, gizabanako hamarkada batzuk gainditzen ez dituzten biltzarretan eramana, eta pertsona bakoitzaren sentimenduen eta pentsamenduen onginahizko adierazpena ahalbidetzen duten biltzarretan eramana.

Eztabaida eraikitzaile handia, denen eta bakoitzaren onerako ekintza politiko, poetiko, ekologiko, sozial, kultural eta ekonomikoak sortzen dituenak.

Eztabaida handi etengabea, biltzar bakoitza erregularki eta iraunkorki biltzen duena.

Ekainean, ipar Iratiko sei herritako hamabost herritarren artean (Behorlegi, Mendibe, Lekunberri, Ahatsa, Buzunaritze eta Donazaharre) Irabia ipar IRAtiko BIltzarrA sortu ginuen. Ibar biltzar honen helburua, ekintza sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak egitea da.

Hizkuntzen aniztasuna humanitatearen altxorra denez, biltzarrean, eta biltzarrak antolatzen dituen ekintzetan, edozein hizkuntza erabil daiteke, baina lehentasuna euskarari ematen diogu, ahozkoan eta idatzian, euskarak bizitzeko behar baitu lurralde bat non lehentasunez erabiltzen den. Biltzarretan eta ekintzetan, itzulpenak behar dituzten jendeek itzultzaileak atzemateko ardura bere gain hartzen dute.

Biltzarra hilabetean behin biltzen da; nahi duten herritar guztiek esku hartzen ahal dute. Biltzar bakoitzaren bukaeran, bakoitzak etxetik ekarritako jakiak partekatuz elkarrekin bazkaltzen dugu.

Horra ekainetik hona burutu ditugun ekintza batzuk: Amets Arzalluz eta Patxi Iriarterekin bertso bazkaria, Euskal Herriko elikagai biologikoetan oinarritua; baratze bisita, Barazki eta fruitu freskoak baratzean urte osoan gaiaren inguruan; Isturitzeko harpe prehistorikoen bisita; hitzaldia Euskara altxorra da izenburupean; pantailen (internet mugikor, ordenagailu, joko elektroniko, telebista, tableta...)erabilpenaren ondorioei buruzko gogoeta kolektiboaren abiatzea;Euskal Herriko Mus txapelketan esku hartzea... Aurreikusitako ondoko ekintzetariko batzuk: otsailaren 24an, GarHazi eguna, Haziak ezagutu, ekoiztu, eskaini eta eskuratu gaiaren inguruan; martxo hasieran, fruitu arbolen kimaketari eta txertaketari buruzko eguna...

Pertsonalki, Irabiaren biltzarretan eta ekintzetan esku hartuz, garrantzitsuak zaizkidan balioak bizitzen ditut: eztabaida eta ekintza kolektiboak, autonomoak, belaunaldi artekoak, ezbortitzak, nagusiki euskarazkoak, giro onekoak, mundu mailako erronka handiei erantzuten dietenak; ibarreko eta beste eskualdeetako herritarren arteko topaketak, harremanak eta elkarlanak.

Nire ustez, erregularki elkartzen diren tokiko biltzar ttipietan erabaki kolektibo autonomoak hartzea, beste tokiko biltzarrekin elkarlanean, krisi sakonean den gure gizartean, besteen beharrak kontuan hartuz gure beharrei erantzuteko molde hoberena da. Gauzak horrela, beste tokiko biltzarrekin laster elkarlana abiatuko dugula espero dut.

Euskal Herri mailan, tokiko biltzarren sortzea eta haien arteko elkarlana abiatzea, euskal nazioa eraikitzeko molde egokiena dela pentsatzen dut. Ber gisan, beste nazioen biltzarrekilako eta elkargoekilako harremanak, internazionalismoa gauzatzeko molde hoberenak direla iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.