Baina ez al ginen oinarrizko langileak?

2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Esan didate irteten banaiz ez itzultzeko»(enplegu-emailearen etxean bizi den zaintza langilea); «lana galtzeko beldur handiagoa nuen, birusak eragin didana baino» (call-center bateko langilea); «psikologikoki oso erasanda gaude» (zahar-egoitzetako langileak); «hau amesgaiztoa izan da» (ospitaleko garbitzailea)... «Tristura, pena, amorrua, antsietatea, larria, ezina...». Aitortza eta memoria ariketa bat da lerro gutxitan jasotzeaaipatutako lan-sektore feminizatueta prekarioetan —eta beste askotan— diharduten emakumeen bizipen eta emozioak, noiz eta COVID-19aren pandemia betean; baina baita gutxieneko justizia sozial eta feminista saio bat ere.

Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna laster da, azaroaren 25ean, eta jendartean oro har pentsatzen bada ere biolentzia hori bizi-eremu pribatura mugatzen dela (bortxa fisikoa, psikologikoa, edo areago, muturreko kasua den feminizidioa), lan mundutik eta sindikalismotik, ELAtik salatu egin nahi dugu lanean ere sistemikoa den bortizkeria patriarkala, egunez egun errepikatzen dena.

Bortizkeria hori sexu-jazarpenetik eta jazarpen sexistatik haratago doa; sotilagoa da, ikusezina eta sinbolikoa: bere ondorioz zaintza lanak (lan merkatuan zein lan merkatutik kanpo), hain zuzen gure bizia sostengatzeko beharrezko diren lanak, ikusezinak gertatzen dira eta ez zaie ematen merezi duten aitortza eta entzute soziala.

Emakumeon bizia eta lana gutxietsita egotea klasiko bat dugu; aspaldian bezala, gaur egun ere. Lanaren sexu-banaketak hori dakar; baina COVID-19aren pandemia lehertu denean hori are gordinago ikusi dugu, orain bizitzarako funtsezko diren lanak berriro ere ikusezinak diren arren.

Langile asko (osasungintzakoak,zahar-etxeetakoak, etxez etxekoak, etxeko eta zaintza-langileak, garbitzaileak...) pandemiaren lehen olatuan dekretuz oinarrizko zerbitzuetako behargin gisa aitortu zituzten; lantokira joanda, jokoan jarri zuten beren osasuna eta bizia, eta hor konpon esan zieten. Orain hartatik ez da ezer geratu, ez eta txaloak ere, eta lanean albiste latzak besterik ez datoz: lantalde murrizketak, kaleratzeak, eta abar.

Larria eta etsigarria da, gainera, esaterako adinekoen egoitza pribatizatuetan bezala, arduradun publikoek ez dutela beren gain inolako erantzukizunik hartzen, eta ez dietela inolako konpentsaziorik eman nahi langileei, egoiliarrei eta hauen familiei; betiere negozioaren interes ekonomikoak dira nagusi, ez zaintza duina jasotzeko eskubidea. Abandonua eta indarkeria instituzionala, hitz gutxitan.

Bitartean, «bizia eta zaintza erdigunean» mantra eta eslogantzat hartzen dute gobernuek eta erakundeek, guztiok leku eta posizio berean bageunde bezala, ardura berberak bagenitu bezala, banako eta kolektibo gisa. Zuritze ariketa eta burla.

Euskal oasian bizi omen gara, ezin hobeto gainera —auzokoak beti gu baino okerrago izanik, antza—, baina zaintza sektoreko milaka langile (zahar-etxe eta eguneko zentroak, etxez etxeko laguntzaileak, aniztasun funtzionala eta adin txikikoen zentroak, bazterkeria arriskuan daudenentzako zerbitzuak) grebara deitu zituen ELAk azaroaren 17an, eta ez kapritxoz. Euskal administrazioek diote arduragabekeria dela; guk, aldiz, gatazka kaleratzea, mobilizazio sozial eta sindikala, premiazkoa dela.

Greban zer eskatzen zen? Aldarri nagusiak ziren egoera oso kalteberan dauden pertsonen zaintza zerbitzua publifikatzea; 10.000 langile kontratatzea; arreta zuzeneko ratioen hobekuntza eta lanean osasuna bermatzea; eta, azkenik, langileen egoera emozionala sendatzeko plan bat, nolabait ere pandemiaren ondorio larriak arintze aldera.

Ezin ditugu ahaztu, bestalde, greba- eta lan-eskubiderik aitortzen ez zaien etxe- eta zaintza-langileak; eurak dira zaintza sistemako azken katebegia.

Emakume langileoi aldarri eta lan eskubideak aitortzea egundoko urratsa izango litzateke, genero-desberdintasun estrukturalak erauzteko bidean ez ezik baita bortizkeria patriarkalaren kontrako borrokan ere, honek dituen agerpen anitzetan. Izan ere, sinetsita baikaude greba feministak behar-beharrezko tresnak direla hori lortzeko.

Oinarrizkoa ezin baita ikusezina izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.